Tokia hartzen ari da Athleticen Beñat Gerenabarrena (Lekeitio, Bizkaia, 2003). Ziurrenik, taldean lehia handiena dagoen lerroa zelai erdia izango da, eta datorren denboraldian minutu asko jokatzeko merituak egiten ari da. Joan den sasoian Castellon utzita jardun ondoren, jokalari «hobea» bilakatuta itzuli da Lezamara, eta gogotsu dago lanari ekiteko. Eroso sentitzen da Edin Terzicen aginduetara, eta uste du entrenatzaile alemaniarrak baldintza guztiak betetzen dituela Athletic egoki gidatzeko.
Zer moduz doa Lezamarako itzulera?
Lezama nire bigarren etxea da. Hamahiru urte pasatxo daramatzat bertan, eta oso ondo sentitzen naiz. Egia da Castellon egon naizela urtebetez, baina ez da ezer ere aldatu hemen. Sekulako lagun giroa daukagu elkarren artean, eta asko baloratzen dut egunero Lezamara joatea.
Castello aipatuta, ze balorazio egiten duzu han egindako sasoiaz?
Ezin hobea. Lehen esperientzia nuen etxetik kanpo, eta hasiera ez zen erraza izan. Gainera, gutxi jokatu nuen lehen partidetan. Buruari buelta batzuk eman nizkion, baina garbi neukan lana gogotik egin beharra neukala, eta gero eta hobeto sentitu nintzen. Taldekideek bikain hartu ninduten, eta behetik gora eginda, Lehen Mailara igotzeko ez genuen asko falta izan. Pena izan zen hori ez lortzea, baina pozik nago orain jokalari hobea naizelako.
Athleticeko inork eutsi al zion zurekin zuen harremanari?
Bai, eta oso eskertuta nago. Mikel Gonzalez futbol zuzendaria nire gainean zegoen, bolada onetan zein txarretan, eta hori ez da edonon topatzen. Athletic klub berezia da, eta halako gauzek demostratzen dute. Behin eta berriz esaten zidan barruan neukan guztia emateko. Terzic bera ere jarri zen nirekin harremanetan, behin jakinarazi zutenean Athleticeko entrenatzaile izango zela. Horrek indarra eman zidan arlo pertsonalean.
Zeharka bada ere, kasu egin al zenion Athleticen denboraldiari?
Bai, partida guztiak ikusi nituen. Futbolzalea naiz, eta gustatzen zait partidak ikustea, are gehiago Athleticenak. Vila-realen zelaian jokatu zuenean bertara joan nintzen eurekin egotera. Ez zen denboraldirik onena izan, eta pena da Europarako sailkatu ez izana. Baina halakoa da futbola, normala da gorabeherak egotea, eta garrantzitsuena da aurrera begira lanean jarraitzea. Ilusioz gaude ligari ekiteko.
Oraingoz ez duzue partidarik galdu denboraldiaurrean. Itxura ona du taldeak, ezta?
Gero eta hobeto gabiltza zelaian, Terzicek nahi duena barneratzen ari garen seinale. Erritmoa hartzen ari gara, eta ikusten dugu aurrerapausoak ematen ari garela. Azken bi partidak izan dira orain arteko onenak, Racingi eta Burgosi 0-3 irabazi baitiegu. Emaitza da gutxienekoa, baina ikusten da nolako taldea izan nahi dugun.
Nolako taldea izan nahi duzue, bada?
Intentsitate eta erritmo altuan jokatzen duena. Terzicek esaten digu nortasuna izan behar dugula zelaian. Baloirik ez dugunean, presioa goian egitea da helburua, eta jokalariok elkarri laguntzea. Talde izaerari sekulako garrantzia ematen dio entrenatzaileak; elkar zaintzeari, alegia. Baloia oinetan dugunean talentua erakustea nahi du. Gola sartzeari begira pausoak ematen jarrai dezagun nahi du.
Nolakoa da Terzic?
Oso gertukoa eta atsegina. Egunero euskaraz egiten dizkigu lehen bi-hiru hitzak, eta jada bat gehiago da gure artean. Beti galdetzen digu zer moduz dauden gure senitartekoak eta abar. Asko interesatzen zaio jokalari bakoitzaren arlo pertsonala. Uste du zelaian onena eman ahal izateko arlo pertsonalean ere ongi egon behar duela jokalari horrek. Oso hurbilekoa da, eta zuzena. Aurpegira esaten ditu gauzak, ez da gezurretan ibiltzen, eta jokalariok izugarri eskertzen diogu zintzotasun hori. Esan bezala, hurbilekoa da, eta ondo baino hobeto daki zer klubetan sartu den.
«Terzic oso gertukoa eta atsegina da. Egunero euskaraz egiten dizkigu lehen bi-hiru hitzak»
Aurrez ezagutzen al zenuen?
Bai, Borussia Dortmunden zegoenean ikusi nizkion partida batzuk, baina haren berri gertuagotik izan nuen Athleticek fitxatu zuela jakin nuenean. Bat egiten du gure klubaren balioekin, eta uste dut pertsona ezin egokiagoa dela taldea gidatzeko. Irudipena dut Athletici baietza eman baino lehen oso ongi aztertuko zuela gure kluba, eta bazekiela nora zetorren. Asko gustatzen zait haren izaera.
Lehiakortasun izugarria duzue zelai erdian: Prados, Ruiz de Galarreta, Jauregizar, Rego, Sancet, Canales, zu zeu…
Positiboa iruditzen zait lehiakortasun hori. Jokalari bakoitza derrigortuta dago bere onena ematera, eta garesti egongo da minutuak jokatzea. Denok dakigu gure onena ematen ez badugu ez dugula jokatuko. Lehia izan arren, zelai erdiko jokalarion artean asko laguntzen diogu elkarri. Adibidez, sekulako plazera da Ruiz de Galarretaren ondoan egotea. Beti izan dut eredu, eta laguntzeko prest dago une oro, aholkuak emateko prest. Jokalari aparta izateaz gain, pertsona bikaina ere bada eta.
Zein da zure helburua denboraldiari begira?
Athleticen tokitxo bat izatea. Inoiz ez dut San Mamesen jokatu, eta bertan aritzea amets bat betetzea litzateke. Oso athleticzalea naiz txikitatik, eta beteta sentituko nintzateke San Mamesen debuta egingo banu. Gol bat sartuko banu, berriz, ez dakit nola ospatuko nukeen.
Nolako jokalaria zara, defentsari begira aritzen dena, edo erasoari?
Neuk ere ez dakit. Esango nuke pixka bat denari begira lan egiten dudala zelai erdian. Nire tokia ez galtzea gustatzen zait, eta beti behar den tokian egotea. Baina ez diot uko egiten erasoko jokoari, eta gustatzen zait aurkariaren areara iristea.
«Nire tokia ez galtzea gustatzen zait. Baina ez diot uko egiten erasoko jokoari, eta gustatzen zait aurkariaren areara iristea»
Ondo bidean, Lehen Mailako jokalaria izango zara. Halere, ikasten jarraitzeko asmotan zara, ezta?
Bai, hori beti. Sekula ez dakigu zer gertatuko den kirolean, eta garrantzitsua iruditzen zait ikasketa batzuk izatea. Enpresaritza ikasten ari naiz, eta mesede egiten dit arratsaldeak liburu artean pasatzeak. Burua futboletik deskonektatzen laguntzen dit.