San Miguel ligako hirugarren estropada, gaur, Galizian

Moañan lehiatuko dira hamabi traineruak, eta haizea erabakigarria izan daiteke arraunlarien lanean

Urdaibaiko trainerua, joan den asteburuan, Camargon. ESTEBAN COBO / EFE.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Galizian dira San Miguel ligako arraunlariak, hantxe jokatuko baita gaur hirugarren estropada, Moañan (18:00). Urte asko ez dela, beldur galanta zieten arraun elkarteek hango estropadei. Eremuak ez ziren egokiak, eta bakoitzaren indarrek baino gehiago baldintzatzen zuten emaitza eremuaren ezaugarri traketsek. Orain ere ez dira lasai joaten, baina lehengo aldean, lasaiago bai. Hemengo eremu baldarrenetan estropadak jokatzen direlako edo, kontua da Galiziako bidaiari beste ikuspegi batetik begiratzen dietela arraunlariek.

Horrek ez du esan nahi erabateko lasaitasunarekin joaten direnik. Haizeak sorrarazten die kezka. Izan ere, gogor jo ohi du boladaka, eta momentu batetik bestera asko aldatzen da indarrez. Hori dute kezka, eta bada kezkatzeko nahikoa arrazoi. Txandak, araudiak zehazten duen bezala, ligako sailkapenaren arabera banatu dituzte, eta aurrenekoan joango dira lau azkenak: Camargo, Castro, Orio eta San Pedro. Camargo hor izatea ez da ezustea, bere lekua horixe delako, baina beste hiruren izenak entzun orduko, harridura pizten da. Baina hor daude hirurak, eta hor egin beharko dute arraun. Presioa aurkari izango dute Castrok eta Oriok, ez baitaude ohituta hain behean ibiltzen, eta zulotik lehenbailehen atera behar hori neurtu egin beharko dute, kalte egin ez diezaien. San Pedro ez dago hain larri, ohituago dago, eta lasaitasun hori aldeko izan dezake.

Bigarren txandan ariko dira Zumaia, Tiran, Pedreña eta San Juan. Zumaiarrak ezustea ematen ari dira, eta bide horretan segitu nahi dute. Galiziarrek ederki ezagutzen dituzte etxeko urak, eta baliatu nahiko dute aukera, zaleei poza emateko. Pedreñak zer eman dezakeen ezin da jakin, oraintxe beltz eta oraintxe zuri dabilelako. San Juanek behar luke txandako indartsuena. Azkenekoan, egundoko lehia aurreikusten da Hondarribia, Astillero, Urdaibai eta Kaikuren artean; batez ere, azkeneko hirurak dira faboritoak, eta mugak estutzen joanda, azken biak.

KAE 2ko estropada ere gaur

Galiziakoa ez da izango eguneko lehia bakarra. Ordu batzuk lehenago, 13:00etan, KAE 2ko estropada jokatuko dute Avilesen (Espainia). Erlojuaren aurka, bi txandatan banatuko dituzte hamabi traineruak. Ligako sailkapenaren arabera jarri dituzte txandak, eta hor, buruan Ondarroa dago; puntu bakarrera du Busturialdea, eta hirura Getaria. Hiru horietakoren batek ez irabaztea ezustea litzateke, eta norbaitek aurrea hartzekotan, Colindres izan daiteke.

MOAÑAKO BANDERA

Lehenengo txanda. Camargo, Castro, Orio eta San Pedro.

Bigarren txanda. Zumaia,Tiran, Pedreña eta San Juan.

Hirugarren txanda. Hondarribia, Astillero, Urdaibai eta Kaiku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.