Ekaitz Saralegik ondo ekin dio lau t’erdiko txapelketari eta 22-14 irabazi dio Retegi Biri, Gernikan, final-laurdenetako ligaxkako lehen partidan. Txapelketari zerrendaburu bezala ekin dion arren, ez du nabaritu aurretik ez jokatu izana. Oso ondo jokatu du, erasoan bereziki, eta iazko lan txukuna kasualitatea ez zela izan erakutsi du. Saralegik Xala izango du aurkari asteburuan, lehen jardunaldiko irabazleen arteko partidan. Retegi Bik, aldiz, Irujo.
Amezketakoak hobeto ekin dio partidari (5-0) eta tarte hori ondo kudeatu du ( 8-4 eta 11-5). Retegik huts asko egin ditu hasieran, baina zuzenduz joan da. Sakea ondo baliatu du eta eta 12-9raino hurreratu da.
Saralegik tanto polit bati esker berreskuratu du sakea, eta piloteoan aginduz aldea ireki du (17-10). Bolada horretan Retegik sakea berreskuratu du, baina falta egin du saketik 15-10ekoan —Saralegik hiru falta egin ditu eta Retegi Bik bi—.
Saralegik sakea eman dio Retegiri falta batekin (17-11), eta aurkariak bueltatu egin dio gero huts garbi batekin (18-11). Saralegik bi tanto egin ditu jarraian (20-11), baina Retegi ez du amore eman (20-13). 21-13koa tanto ederra izan da, baina Saralegik, saketik falta eginez, ez du baliatu partida erabakitzeko lehen aukera. Bai, ordea, bigarrena.
Asteburuko partidak:
Ostiralean, Donostian (22:00): Olaizola II.a / Olaetxea.
Larunbatean, Iruñean (17:00): Irujo / Retegi Bi
Larunbatean, Etxebarrin (18:00): Bengoetxea VI.a / Ezkurdia
Igandean, Eibarren (17:00): Xala / Saralegi