Osasunak presidentetzarako hauteskundeak egin berri ditu, eta klubak atzo jakinarazi zuen Luis Sabalzak jarraituko duela presidente karguan —hura zen hautagaitza bakarra—. Hasieran, aldaketa bakarra izan zen zuzendaritza batzordean: Manuel Piquerrek kargua utzi, eta haren lekua Martin Corera Izuk hartu zuen. Berehala sortu du harrabotsa, ordea, Coreraren izendapenak. Izan ere, X sare sozialean Israelen aldeko hainbat mezu zeuzkan idatzita. Dimisioa eman du gaur.
Zuzendaritzako kideen izenak ezagutarazi bezain laster, Corerak X sare sozialean Israelen alde idatzitako txio batzuk zabaldu dira, eta Osasunako hainbat zalek gogor kritikatu dute. Mezuei dagokienez, «Israel babesteko ez da zertan judua izan» zioen txio bati Espainiako hiru banderarekin erantzun zion Corerak, baita «Israel babesten dut» zioen beste argitalpen bati ere.
Enhorabuena al flamante fichaje de directivo, don Martin Corera Izu.
— MCMXX (@ViejoSadar) August 21, 2025
Casualmente acaban de desaparecer tweets en apoyo al genocidio sobre el pueblo palestino como estos: https://t.co/cH2XwHtz5j pic.twitter.com/2RXRhVRZTF
Osasunazaleen gaitzespena
Osasunako peñak eta zaleak ordezkatzen dituen Sadar Bizirik plataformak komunikatu bat atera du, eta gaitzetsi egin du zuzendaritza batzordeko kide izatea «estrategia militarra» darabilen herrialde hori babesten duen norbait. Bestalde, aipatu dute Palestinaren aurkako «genozidioak» bereziki umeei egiten diela kalte, eta gizartearen zati handi batek «kondenatua» duela. Horregatik, plataformak Coreraren «berehalako dimisioa edo kargugabetzea» eskatu du. Handik gutxira eman du Corerak dimisioa.
