Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: D multzoa

Sartzeko, atera egin behar

Wayne Rooneyk gaur jokatuko du zigorra bete osteko lehen partida. Hari tokia egiteko nor kendu ari da pentsatzen Roy Hodgson. Ez da erabaki erraza, ondo aritu baitira ordezkoak.

Julen Etxeberria.
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Ingalaterrak lasaitu ederra hartu zuen joan zen ostiralean Suediari irabazita (2-3). Batetik, zenbait unetan galdua zuen neurketa, baina irabazi egin zuen. Bestetik, garaipenari esker, eskura ditu final-laurdenak. Eta, azkenik, gainditu egin du Eurokoparen hasieran izango zuen oztopoa: Wayne Rooney selekzioko jokalari onenaren falta lehen bi partidatan.

Manchester Unitedeko aurrelariari hiru partidako zigorra ezarri zion UEFA Europako Futbol Federazioak joan zen urrian, sailkapen ligaxkako azken neurketan Miodrag Dzudovic Montenegroko atzelariari ostikada bat emateagatik. Agur azken ligaxkari. Ez zuen partida bakar bat ere jokatuko. Final-laurdenetan bai, izan zezakeen aukerarik, baina, horretarako, Ingalaterrak ligaxka gainditu beharko zuen. Eta jokalari onena gabe egin beharko zuen. Ez zen erraza izango.

Rooneyren faltaren larritasunaren jakitun, Ingalaterrako Federazioak helegitea jarri zuen. Ez zuen lortu zigorra bertan behera uztea, baina bai zigorra arintzea, hiru partidatik bira. Hala, ligaxkako azken neurketa jokatu ahal izango zuen Rooneyk, Ukrainaren aurkakoa, hain zuzen. Erabakigarria izan zitekeen partidan selekzioko jokalari onenaren laguntza izango zuen taldeak. Partida horretara, baina, bizirik iritsi behar zuen Ingalaterrak, sailkatzeko aukerarekin.

Esan eta egin. Ingalaterra bizirik iritsi da D multzoko azken jardunaldira. Rooney gabe lortu du. Manchester Unitedeko aurrelariak harmailatik ikusi du bere selekzioa final-laurdenetara iristeko bidean urratsak egiten. Harmailatik ikusi du Roy Hodgson hautatzaileak hura ordezkatzeko aukeratutako jokalariek zein ondo estali duten haren hutsunea. Izan ere, ate aurrean, behintzat, inork ezin du esan Ingalaterrak haren falta sumatu duenik. Bi partidatan lau gol sartu ditu: bi gol partidako. Estatistika ona da. Lau gol horietatik hiru, gainera, aurrelariek sartu dituzte: Andy Carrollek, Theo Walcottek eta Danny Welbeckek bana sartu zioten Suediari. Joleon Lescott erdiko atzelariak sartu zuen falta den gola, Frantziaren aurka.

Carroll, Welbeck, Walcott...

Rooneyren ordezkoak txukun aritu arren, Hodgsonek Manchester Unitedeko aurrelaria zelairatuko du gaur hasieratik, haren esanetan «jokalari berezia» delako. Zentzuzko erabakia dirudi. Ez luke zentzu handirik izango Eurokopako zerrendan Rooney sartu eta jokatzeko aukera izan dezakeen lehen neurketan haren alde ez egiteak, are gehiago final-laurdenak jokoan izanda. Ingalaterrako hautatzaileak, beraz, azken partidan Suediaren aurka jokatu eta gola sartu zuten jokalarietako bat utziko du aulkian. Carrollek du aukera gehien aukeratua izateko.

Badaezpada, eta hartuko duen erabakiak eragin dezakeen atsekabea arindu nahian, Hodgsonek goraipatu egin ditu Carroll, Walcott eta Welbeck. «Orain arte jokatu dutenek oso lan ona egin dute». Hitz berak erabili ditu Rooneyk taldekideen lana aztertzeko ere. Hark, baina, hau gaineratu du: «Baina nik ere lagundu nahi dut. Hiru puntuak behar ditugu». Adierazgarria. Hodgsoni ere eskerrak eman dizkio: batetik, zigortuta egon arren, Eurokopara eraman baitu; eta, bestetik, ordezkoak txukun aritu arren, gaur jokatzeko aukera emango baitio. Promesa bat ere egin dio: «Burua hotz izango dut». Hori ikusteko dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.