Trial gidaria

Jaime Busto: Sasoia hasi aurretik ez nuen inondik inora pentsatuko lortu dudan guztia lortuko nuenik

Estalpeko Munduko Trial Txapelketako txapeldunorde izendatu dute Jaime Busto bizkaitarra. Espainiako txapelketa eta nazioena ere irabazi ditu aurten. Pozik dago egindako denboraldiarekin, baina datorren sasoiari begira dago jada.

JAIME BUSTO
JAIME BUSTO
Beñat Mujika Telleria.
2023ko azaroaren 21a
05:05
Entzun

Estalpeko Munduko Trial Txapelketan bigarren postua eskuratu berri du Jaime Busto gidariak (Gorliz, Bizkaia, 1997). Goiz utzi zuen Euskal Herria, eta Kataluniara joan zen bere ametsaren atzetik. Oso gazte zela, emaitza bikainak eskuratu zituen, eta urteak daramatza goi mailan. Estalpeko Munduko Trial Txapelketan Toni Bou soilik izan du aurretik, eta hura garaitzea du erronketako bat. Sasoia amaitu berri du, baina dagoeneko hurrengo denboraldia prestatzen ari da Katalunian. Han dela erantzun du telefono deia.

Bigarren postuan sailkatu zara Estalpeko Munduko Trial txapelketan. Zer hausnarketa egiten duzu hori lortu eta gero?

Ikaragarria izan da, baina ez azken emaitza hori bakarrik. Esango nuke denboraldi osoa izan dela bikaina. Sasoia hasi aurretik ez nuen inondik inora pentsatuko lortu dudan guztia lortuko nuenik. Geure buruan, motor berriari egokitzeko urtea zen: pixkanaka-pixkanaka hobeto sentitu, eta ikusi nora heldu gintezkeen. Baina emaitzak hasieratik iritsi ziren, eta urte ikaragarria izan da. Oso pozik nago egin dudanarekin.

Gas Gas taldera itzuli zara aurten. Horregatik uste zenuen egokitzeko urtea izango zela?

Bai, hori da. Talde berri batera joaten zarenean, ez da erraza irudikatzen non egon zaitezkeen txapelketetan. Lehen esan bezala, egokitzapen bat beharko nuela pentsatzen nuen. Motor berrira egokitu, gauza guztiak niri gustatzen zaizkidan erara jarri... baina espero nuenaren guztiz kontrakoa izan da denboraldia. Lehen lasterketan oso denbora gutxi neraman motor berriarekin, baina oso gustura aritu nintzen; neure burua oso ondo ikusi nuen, oso seguru. Eta lehen unetik emaitza onak lortzeak ere hauspotu egin ninduen. Aurten gehiena positiboa izan da. Aurreko sasoiarekin alderatuta, ia denean hobetu dut. Askoz erregularragoa izan naiz denbora luzean, eta denbora asko neraman horren bila. Erregulartasuna lortzea oso zaila da; nik denbora asko behar izan dut erregular aritzeko, baina behin lortutakoan asebete egiten zaitu. Sasoi oso positiboa izan da alor pertsonalean, eta, orain, bide beretik jarraitu behar dut; hori da hurrengo erronka.

Askotan azpimarratu izan duzu erregulartasunarena. Hori da zure poztasunaren arrazoi nagusietako bat, ezta?

Zalantzarik gabe. Lanean modu irregular aritzea izan da nire gabezietako bat. Azken sasoi hau hasi arte, pare bat lasterketa kaskar kateatzen nituen beti beste lasterketa txukun baten ostean. Banekien zaila zela, eta bila eta bila aritu naiz. Azkenean oreka hori lortu dudala esango nuke, eta ez naiz podiumetik jaitsi lasterketa bakar batean ere. Hori lorpen pertsonal handia da niretzat.

Zein izan da erregularra izateko gakoa?

Zaila da entrenamendua ez den arrazoi bat bilatzen. Aurten entrenamenduak hasi genituenean, hori zen helburuetako bat. Entrenamenduetatik hasita erregularrak izatea; horrela, lasterketa bakoitzeko esparru guztietan bete-betean aritzeko. Lan horrek fruituak eman ditu, eta oso pozik nago.

Zuen txapelketak jardunalditan banatzen dira. Hortaz, erregularrena da irabazlea. Ez du ezertarako balio bi egun on izateak...

Bai, hala da. Egia da kirol honetan zaila dela sasoi osoan ondo aritzea eta inoiz ez erortzea. Lortu dugu, baina gauza asko ditugu hobetzeko oraindik. Hori da pozgarriena, hobetzeko gauzak daudela, eta nik ere horiek hobetzeko gai ikusten dudala neure burua.

Orain, merezitako atsedena hartu, eta zertan hobetu daitekeen erabaki beharko duzue, ezta?

Bai, hobetzen jarraitu nahi dut, eta honezkero egin ditugu zenbait aldaketa helburu horrekin. Nire gidatzeko erara ahalik eta ondoen egokitzeko, aldaketatxo batzuk egin ditugu. Betiere datorren urteari begira, eta garaipenen lehian egoteko asmoz. Eta, zergatik ez, Munduko Txapelketan lehiatzeko.

Luze gabe edo luzera begira, badituzu buruan helburu berriak?

Egia esateko, bai. Gogor entrenatzen hasiak gara, sasoi berriari ahalik eta modurik egokienean ekiteko, eta lehenengo lasterketetan hutsik ez egiteko. Lasterketaz lasterketa joatea baina garaipenak kateatzea da asmoa.

Hala ere, ondokoa oso ondo aritzen bada, zaila da garaipenak lortzea. Toni Bouk estalpeko txapelketan egin diren zazpi jardunaldietatik sei irabazi ditu, eta 34. garaipena eskuratu du azken horrekin.

Dudarik gabe. Toni oso indartsu dago. Erreferente bat da kirol honetan hasten den edonorentzat. Aspalditik da munduko onena, eta behin eta berriro erakusten du oso ondo aritzen dela. Zaila da hura berdintzen. Hala ere, hura aurrean edukitzea motibazio bat da niretzat. Toniri irabaztea izugarria izango litzateke, eta horretarako ari gara entrenatzen.

Aurkariak zarete, baina hark askotan aipatu du zu izango zarela haren ondorengoa. Hori erronka bat izango da, baina presioa ere bai, akaso?

Ez nuke esango presioa denik. Munduko onenak hitz horiek esatea ederra da. Baina nik nirean aritu behar dut. Horretarako ematen dut nire onena, noizbait munduko onena izateko.

Erronka bat da Bouri garaitzea?

Bai. Nik daukadan erronka pertsonal bat da. Lehenbailehen irabazi nahi dut zerbait, baina hura aurrean izanda. Asko gustatuko litzaidake hark erretiroa hartu aurretik irabaztea, eta urteak egitea elkarren aurkari moduan. Finean, aurkari on batek zu hobeto aritzera behartzen zaitu, eta lasterketa ederrak izango lirateke, lehia sanoan betiere.

Estalian lortu dituzu azken lorpenak, baina mendian ere aritzen zarete. Zein dira desberdintasun teknikoak? Eta zein duzu nahiago?

Oso desberdinak dira. Estalikoa askoz teknikoagoa da. Zehaztasuna eskatzen du, eta esfortzu motzak eta azkarrak egiten dira, bost minutukoak. Aire zabalekoa askoz luzeagoa izaten da, eta fisikoak garrantzi handia du. Jardunaldi berean bi modalitateei egin behar izaten diegu aurre. Eremu batzuetan irrist egiten du motorrak, beste batzuetan gurpilak hobeto heltzen du... desberdinak dira. Ni mendian hobeto aritzen naizela uste dut, baina biak ditut gogoko.

Gaur egun, teknikaz gain, fisikoak garrantzi handia dauka kirol guztietan. Entrenamenduetan zenbat eskaintzen diozu teknikari, eta zenbat fisikoari?

Ni, pertsonalki, oso motorzalea naiz, eta motor gainean entrenatzea gustatzen zait. Gimnasioko lana ere egiten dugu, nola ez, baina, hain kirol teknikoa izanda, teknika lantzea gustatzen zait, eta hori motorrarekin soilik landu daiteke. Ehunekoetan esanda, entrenamenduen %80 motorrarekin, eta %20 gimnasioan.

Ondo jateak ere geroz eta garrantzi handiagoa du goi mailako kirolean. Zuk asko zaintzen duzu hori?

Egia esan, alor horretan asko daukat ikasteko. Nire inguruko gidari ugarik garrantzi handia ematen diote elikadurari. Ni desastre samarra naiz horretarako, baina, hala ere, ahalik eta ondoen jaten ahalegintzen naiz.

Nola iritsi zen triala zure bizitzara?

Aita trialean aritzen zen, eta etxetik datorkit. Hasieran helbururik gabe hasi nintzen. Haurrek gauza desberdinak probatzen dituzte, ondo pasatzeko intentzioarekin, eta ni ere halaxe hasi nintzen. Gero, lasterketa gutxi batzuetan hartu nuen parte, eta irabazi egin nituen. Orduan hasi nintzen pentsatzen ondo egin nezakeela.

Gaur egun zenbat motor dituzu eskura? Eta nola aukeratzen dituzu?

Lau ditugu garajean, baina, normalean, azken uneko arazorik ez badago, beti motor bera erabiltzen dugu. Finean, konfiantza bilatzen dugu, eta betikoak ematen dizu hori. Dena den, lau motor berdin ditugu, badaezpada.

Goi mailara iristeko, sakrifizioak egin behar izaten dira. Zu oso gazte joan zinen Bartzelonara bizitzera. Iruditzen zaizu zure adinekoek egiten dituzten gauzak egiteko aukera galdu duzula?

Ez nuke hori esango. Egia da nire lagunek askoz gehiago ikusten dutela elkar, eta elkarrekin planak egiteko aukera daukatela. Nik oso gutxitan ikusten ditut, eta tristea da. Baina nik trialaren aldeko apustua egin dut. Nire erabakia izan da, eta, txikitatik, gustuko dudan kiroletik bizitzeko aukera daukat. Oso jende gutxik dauka aukera hori, eta nik balioa ematen diot. Ez nuke sakrifizio hitza ere erabiliko; oso pozik nago.

Diru aldetik, berriz, gaur egun hainbat markarekin lan egiten duzuen arren, hasieran oso kirol garestia izango da, ezta?

Agian nire gurasoak aproposagoak dira galdera horri erantzuteko... [barrez]. Antzeko kirolekin alderatuta, ez da hain garestia. Kartinga eta horrelako kirolak askoz garestiagoak dira. Baina, noski, ez da kirol merkea, eta dirua behar da. Motor bat behar duzu; hura puskatzen bada, ordezko bat izan behar duzu, hori ere prestatu egin beharra dago... gauza asko dira.

Nola dago triala? Haur askok probatu nahi dute kirol hori? Zale asko ditu?

Triala ez da oso ezaguna. Niri gustatuko litzaidake sona handiagoa izatea, oso kirol polita baita, bai praktikatzeko, baita ikusteko ere. Baina gaur egun oso zaila da. Mendian aritzeko eragozpen ugari jartzen dituzte. Katalunian, adibidez, bide gehiagotan aritu gaitezke. Ezagunagoa balitz, jendeak asko gozatuko luke trialarekin.

Horregatik joan zinen txikitan Kataluniara?

Bai. Katalunian errazagoa da kirol hau praktikatzea. Mendian ibiltzeko bide gehiago daude, oso gazte zarenetik lehiatzeko aukera daukazu, eta, gainera, dena eskura daukazu; taldeak eta fabrikak han daude, eta, edozein arazo gertatzen dela ere, oso gertu gaude. Taldearekin entrenatzeko eta probak egiteko biderik errazena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.