Sasoiak ematen duen konfiantza

Denboraldi hasiera triste baten ondoren, udako jaialdietan iragan sasoiko maila berreskuratu du Alexis Apraizek. «Freskotasun handiarekin» eta konfiantzaz lepo, Bilboko torneoan Martinez de Irujorekin jokatuko du.

Alexis Apraiz, Eibarko Astelena pilotalekuan egindako entrenamendu baten ondoren. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2013ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Sasoia pattal hasi zuen Alexis Apraizek (Gernika, Bizkaia, 1984). Binakako txapelketa nagusirako ez zuten hautatu. Aurretik zituen Mikel Beroiz, Jon Ander Albisu, Aritz Begino eta Ibai Zabala. «Txapelketatik kanpo gelditu izanak partida gutxi jokatzera eraman ninduen, garai horietan ez baitira egoten. Asko entrenatzen nintzen, baina partidetan ez nuen nire maila ematen. Lehiaketaren erritmoa falta zitzaidan», azaldu du Apraizek. Baina denboraldi hasiera goibel horren ondoren, «partidaz partida» maila berreskuratuz joan da, eta udako jaialdietara indartsu iritsi da.

Sanferminetako, Andre Maria Zuriko eta Miarritzeko torneoetan parte hartu ez duen arren, azken partidetan egindako jokoak Bilboko feriako ateak zabaldu dizkio. «Banekien garesti egongo zela torneoetan jokatzea, baina azken hiru hilabeteetan oso ondo jokatzen ari naiz. Enpresak emandako aukera baliatu behar dut orain». Mailari eustea izango da torneo ona egiteko gakoa. «Gustura nabil, freskotasun handiarekin, eta pilota gutxi galtzen. Batez ere, fisikoki oso indartsu sentitzen naiz».

Juan Martinez de Irujo «aurkari» izaten du beti, Aspekoa baita, baina bikote mistoak izango direnez, «lagun» izango du oraingoan. «Plazera izango da haren aldamenean jokatzea». Irujori irabazteko eskatzen diotela badaki. «Okerra litzake torneoa irabazteko helburuarekin irtetea. Lehenengo partidan pentsatu behar dugu. Xala-Beroiz oso bikote gogorra da. Ez dute pilota bat galdutzat ematen». Irujo ere ondo dabil. «Gaur egungo aurrelaririk onena da, Olaizola II.arekin batera».

Bizkaitar bakarra izango da Bilboko ferian. «Pena da, baina nork jokatzen duen begiratzen baduzu, norbait kentzea oso zaila da. Hala ere, ziur Berasaluze VIII.a ongi egongo balitz jokatuko lukeela». Zabala zen jokatzeko aukera zuen beste bizkaitarra, baina Apraiz ariko da. «Beroiz, Begino, Albisu, Zabala... denok jokatu nahi dugu. Lagunak baditut ere, aurkariak ere badira, eta jokatzeko borrokan gabiltza. Neure onena emango dut, gelditzen diren torneoetan tokia izateko». Bilbon bigarrenez ariko da jarraian, «gustuko» duen pilotalekuan. «Bilbotarrek beti erantzuten dute, eta espero dut oraingoan ere hala izatea. Gainera, bikote mistoek ikusmin berezia ematen dute».

Profesionaletan zazpi urte daramatza. «Asko ikasi dut; batez ere, gutxiago galtzen. Lehen gehiago astintzen nuen, baina hutsik ez egitea da garrantzitsuena. Fisikoa ere asko landu dut, eta horrek kantxa gehiago hartzea laguntzen dit». Urtebeterako du kontratua. «Orain ez nau horrek larritzen. Partidaz partida nire maila ematen saiatuko naiz. Iragan urteko maila berreskuratu nahiko nuke. Gazteak indartsu datoz, baina oraindik kostako zaie guri tokia kentzea».

Gaur hasiko da torneoa

Gaur jokatuko da Bilboko feriako lehen finalaurrekoa. Olaizola II.a-Barriolak jokatuko dute Bengoetxea VI.a-Zabaletaren aurka (18:00). Afizionatuetan hamaika txapelketa irabazi zituzten elkarrekin Olaizola II.ak eta Barriolak, eta gaur berriz ere bikotea osatuko dute. Bengoetxea VI.a, ordea, joko bolada onean dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.