German Cea. Delteco Gipuzkoa Basketeko zuzendari nagusia

«Sasoiko lorpen handiena izan da zaleak berriz erakarri ditugula»

Gauzak ondo aterako ziren «itxaropena» izan arren, Ceak ez zuen espero GBCk hain denboraldi ona egingo zuenik. Esan du fitxaketetan asmatzean eta Porfi Fisacek egindako lanean egon dela gakoa.

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2018ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
«Denboraldia bukatu, eta zein mailan jokatuko dugun jakitea lasaitasun handia da». German Cea Delteco Gipuzkoa Basketeko zuzendari nagusia (Donostia, 1971) oso pozik dago taldearen denboraldiarekin. Baina badaki datorren sasoia ez dela erraza izango: «Egonkortasuna lortzeko oso garrantzitsua izango da jokalarien gehiengoari eustea, eta, gure baliabideak kontuan hartuta, ahalegina egingo dugu horretarako. Baina argi dago gure jokalarien balioa handitu egin dela».

Igandean Burgosen aurka galdu arren, pozik egoteko moduan zaudete sasoiarekin, ezta?

Bai. Lau partida falta dira oraindik, baina oso pozik egoteko moduko denboraldia da. Taldeak oso ondo funtzionatu eta jokatu du hasieratik, eta gai izan da barruan duen batasuna zaleei helarazteko. Gainera, emaitzak alde izan ditugu.

Espero zenuten halako denboraldi bat?

Sasoi hasieran beti duzu gauzak ondo joango diren itxaropena eta ilusioa. Baina guk ACBko aurrekontu txikienetakoa dugu, eta horrek ezinbestean baldintzatzen du taldearen osaketa. Ez genuen espero denboraldi guztia jaitsiera postuetatik kanpo egotea eta, gainera, postu horiekiko alde txiki bat izatea. Sasoi hasieran egiten ziren apustu eta aurreikuspenetan, jaisteko hautagai argienen artean geunden. Azken jardunaldian mailari eutsiko geniola apustu egitea arrisku gehiegi hartzea zela zioten askok. Neurri batean ezustea izan da.

Non egon da gakoa?

Argi dago taldearen osaketan asmatu genuela. Halako baliabideekin beti onartu behar duzu arriskuren bat. Gure kasuan, taldearen erdia LEB ligatik zetorren, eta ez zuen eskarmenturik ACB ligan. Apustua ondo atera zitzaigun. Porfik [Fisac entrenatzailea]eta gainerako teknikariek egindako taldearen eguneroko kudeaketa aparta izan da. Onena egon den giroa eta batasuna izan dira.

Kanporaketak jokatzea lortu zenuten sasoitik harago, hau izan da inoizko onena?

Egindako inbertsioa eta jokalariek emandako mailari erreparatuz gero, emaitza ikaragarria izan da. Ez diogu guk bakarrik, beste klubetako zuzendaritzetako kideek esan digute alor horretan ACBko talderik onena izan garela. Sentsazioei dagokienez ere denboraldi oso ona izan da. Lorpen handiena izan da berriro ere zaleak erakartzea lortu dugula. Taldearen jokoari eta emaitzei eske lortu dugu, gainera. Hori da garrantzitsuena. Bagenekien ACBra itzultzeak bazuela arriskua, eta funtsezkoa zela zaleen eta taldearen arteko batasuna. Hori Illunben lortzea oso zaila zen. Baina lortu dugu. Denboraldi hasierako datuei erreparatuz, ikusle kopuruak gora egin du. Gainera, hori bezain garrantzitsua da datozenak oso pozik egiten dutela. Disfrutatu egiten dute, eta epe luzera, hori da zaleak erakartzeko bidea.

Dena den, Illunbe ez da zuen gustukoa. Asko aipatu izan da erabilera askotako azpiegitura bat sortzea Donostiako hainbat taldek bertan jokatzeko. Zer iruditzen zaizu aukera hori?

Illunbe ez zen sortu kirol azpiegitura gisa. Bere garaian, bi hilabetean egokitu egin behar izan zen guk jokatzeko. Hasieratik bere gabeziak izan zituen. Batzuk konpondu egin dira urte hauetan, baina ez da inondik inora azpiegiturarik aproposena. Argi dago azpiegituren gabezia hori konpondu egin behar dela. Ez bakarrik kirol ikuskizunetarako, baita lurraldean antola daitezkeen beste ikuskizunetarako: kontzertuak, adibidez. Izan ere, lurraldeko kirol azpiegitura nagusietakoak nahiko zaharkituta daude. Horri buruzko hausnarketa mahai gainean dago, eta erakundeak onartzen ari dira horri heldu egin beharko diotela. Baina argi dago erabaki oso konplexua dela, eta gauza asko hartu behar direla kontuan. Erakundeak aritu dira azpiegitura diferenteak ikusten, eta ziurrenik konponbidea izan daiteke Illunberen aldeko apustua egitea, baina ez zezen plaza gisa, baizik eta erabilera anitzeko kirol azpiegitura gisa. Horretarako, dituen gabeziak konpondu behar dira. Guretzat 5.000-6.000 ikusle inguruko pabiloi bat litzateke aproposena. Lurraldeari eta hiriari erreparatuta, hori litzateke zentzuzkoena.

Lortu al da klubak eta taldeak behar duten egonkortasuna kirol alorrean?

Halako egonkortasun bat ez da behin-behinean lortzen den zerbait. Etengabeko prozesu baten emaitza da. Denboraldi on bat egiteak ez dizu ziurtatzen hurrengoa ere hala izango denik. Hori dela eta, egonkortasun horri begira oso garrantzitsua izango litzateke taldeari eustea: bai entrenatzaileari bai jokalariei. Horrek ematen dizu egonkortasuna. Baina hori ez da erraza ekonomikoki. Izan ere, horren denboraldi ona eginda, jokalarien balioa igo egiten da, eta zailagoa da taldeari eustea. Hori kontuan hartuta, talde berri bat eraiki beharko bagenu, sasoi honetan hartu ditugun arriskuak hartu beharko genituzke berriro, eta berriro hain ondo ateratzea, are zailagoa izango litzateke.

Porfi Fisacek jarraituko al du?

Bai Porfik eta bai beste teknikariek hurrengo denboraldiko kontratua dute. Gure nahia eta borondatea jarraitzea da, baina badakigu, esan bezala, haien balioa handitu egin dela. Oso goiz da oraindik, baina ahalegina egingo dugu multzoari eusteko. Sasoia amaitzean ikusiko dugu zer geratzen den.

Norel, Chery, Clark, Diez... Baduzue horiei eusteko modurik?

Gauza batzuk ez daude gure esku. Jokalari horiek eusteko dugungaitasuna etortzen diren eskaintzen araberakoa izango da.

Helburua, berez, multzoari eustea da, jokalari zehatzetatik harago?

Badakigu jokalari bakoitzaren pisua eta garrantzia ez dela berdina. Gure nahia litzateke jokalari guztiek jarraitzea, baina %70-%80arekin konforme ginateke. Gure baliabideak kontuan hartuta, ahalegina egingo dugu horretarako.

Lortuko duzuela uste al duzu?

Nik uste dut jokalariak oso gustura daudela, eta hori da guk alde dugun gauzarik garrantzitsuena. Neurrian, baina baikor naiz. LEBetik etorritako jokalariak hazten ari dira, eta badakite beste talderen batera joanez gero, agian, ez dituztela hemen dituzten aukerak edukiko. Bestalde, eskarmentua dutenek asko estimatzen duteegonkortasuna, eta hemen hori izan dezaketela ikusten ari dira: giro ona dago, egunean ordaintzen zaie, taldea maila onean lehiatzeko gai dela erakutsi du... Uda aurrera joan ahala joango gara hor ikusiz. Dena den, logikoena litzateke uda mugitua izatea.

Eskertuko zenukete uda hau lasaia izatea, ezta?

Zalantzarik gabe. Alde batetik, izango da. Izan ere, urteak generamatzan denboraldia amaitu eta hurrengoan zein mailatan lehiatuko ginen jakin gabe. Orain badakigu, eta sekulako urratsa da. Izan ere, zure erabakietan eta akordioetan aurrera egin dezakegu. Ez jakinda, beste guztia ezin zenuen lotu: fitxaketak, babesleak... Azken partida amaitu, eta datorren sasoiari begira lan egiten hasteko moduan egongo gara, eta batez ere garrantzitsuena da taldea hankaz gora jarriko baligute, merkatuan lehenago mugitzeko aukera izango dugula.

Ekonomiak baldintzatu izan ditu zuen udak. Esparru horretan urratsik egin da egoera lasaiagoa izateko?

Bai. Baina beti gaude mugan. Izan ere, bi multzo daude ACBn. Batetik, erakundeen, babesle handien edo futbol taldeen aldetik dirutza jasotzen dutenak, eta, bestetik, gainontzekoak. Gure aurrekontua 2,5 milioi inguru da, baina badira taldeak 30 milioi euro inguruko aurrekontua dutenak. Aldea ikaragarria da, eta errealitate horren arabera lortu behar dugu egonkortasuna. Egoera zaila da, baina urrats bat egin dugula esan daiteke. Guri gehiago haztea gustatuko litzaiguke, baina urratsez urrats joan nahi dugu. Beti egin dugu horrela, eta horretarako erabaki zailak eta mingarriak hartu behar izan ditugunean, hartu egin ditugu: adibidez, Europan ez jokatzea.

Deltecorekin hitz egin al duzue babesle nagusi izaten segitzeko?

Orain hasi gara babesleekin hitz egiten. Gehienen borondatea jarraitzea da, baita gurea ere. Izan ere, garai zail batean gure aldeko apustua egin zuten, eta horri balio handia ematen diogu. Logikoena da halako babesle akordioak denboraldi bat gehiago luzatzea. Gainera, lanean ari gara berriak erakartzeko. Espero dugu egiten ari garen denboraldi onak horretan laguntzea.

Gipuzkoako Foru Aldundiarekin akordioa berritu zenuten. Erakundeetatik diru iturri berriak lortzeko moduan zaudete?

Nik uste dut garrantzitsuena dela Gipuzkoako Aldundiaren babesa dugula eta bi aldeak pozik gaudela akordioarekin. Orain arte ezarritako helburuak bete dira, eta horretan segitu nahi dugu. Nik uste dut badela zer egina: adibidez, Illunbeko gabeziak hobetzea, hara iristeko bideak eta aparkalekuak hobetzea... Lankidetza ekonomikotik harago, beraz, beste esparru asko daude eragiteko. Harremanak onak dira erakundeekin, eta hala segitu nahi dugu.

Hurrengo denboraldia are zailagoa izango al da klubarentzat?

Zure aurrekontua txikienetakoa denean, kondenatua zaude arriskuan egoteko. Izan ere, fitxaketaren batean asmatzen ez baduzu, lesioak badituzu edo bestelako gorabeheraren bat, akabo. Beraz, hazkunde ekonomiko hori denboran luzatzen ez den bitartean, beti dago arriskua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.