Sei traineru biren aurka

Espainiako Txapelketa jokatuko da gaur eta bihar, Castron; Kaiku eta Urdaibai dira faboritoak

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Zortzi traineru bandera baten bila. Gaur eta bihar jokatuko dute Espainiako Txapelketa, Castron (Espainia), eta zortzi hautagaien artean badira aldeak. Izan ere, iragarpen guztietan, banatuta azaltzen dira ontziak: bi daude alde batera, eta sei bestera. Bikotearen multzoari jarri zaio faboritoen izena: Kaiku eta Urdaibai dira bikoa. Seikoteko batek irabaziko balu, ezustea litzateke; Astillero, Castro, Pedreña, Tiran, Amegrove eta Hondarribia dira seikotea.

Gaur eguerdian zehaztuko dituzte zein txandatan joango den gaur (18:00) parte hartzaile bakoitza, zozketa bidez, eta gaurko lau azkarrenek bihar eguerdian jokatuko dute txapelketa irabazteko estropada. Eremuari dagokionez, polita da, itsasoan jokatuko baita. Ikusirik denboraldi honetan itsasoan oso estropada gutxi jokatu dituztela, aparteko erakargarritasuna ematen dio estropadari. Ikusmina eragiten duen beste ezaugarri bat da Galiziako beste ordezkari batek ere izango duela besteekin lehiatzeko aukera. Eta ez da edozein beste hori: Amegrove. Galiziako Txapelketan, Tiranek bi segundo eskasengatik irabazi zion, eta San Miguel ligan oso maila onean da Galiziako ordezkaria. Amegrove ez beste guztiak San Miguel ligan ari dira, eta ederki dakite elkarren berri. Ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar. Gaurkoari begira, estropada horietan izandako emaitzetan daude erreferentziak. Hortik dator Bizkaiko biei ematea faborito izaera. Kaikuk eta Urdaibaik ligako bandera denak irabazi dituzte, Hondarribiak lortutako biak izan ezik. Zortzi bandera joan dira Bizkaira, eta gaurkoa epaitzeko orduan, oso kontuan hartzeko datua da. Gainera, bi klubetan garrantzitsua da txapelketa hau irabaztea, eta hori gutxi balitz bezala, bien arteko ezin ikusia ere hor dago. Batak besteari irabazteak aparteko balioa dauka.

Gainerakoen artean, Hondarribia dabil dotore azkenaldian. Ligan irabazitako bi banderei, aparteko segida eman die, eta mutur-muturrean izan dira geroko estropadetan ere. Erakutsi du gai dela bi indartsuei aurrea hartzeko, eta aurreko egunetako maila ematen badu, biharko finalean behar luke. Helburu horixe dute , gainera, biharkorako sailkatzea. Gero, Kantabriako ordezkariak daude. Pedreñak ia irabazi zuen Zumaiako Bandera joan zen igandean, baina irregularra da. Astillerok egin izan ditu lan politak, eta ez hain politak. Gaia badu lau finalisten artean sailkatzeko. Azkenik, Castrok, etxean aritu arren, etxeko hautsak kentzen nahikoa lan dauka. Gaur egingo du debuta Iker Gimeno patroiak entrenatzaile lanetan. Ez da biharko sailkatzeko faboritoa, ikusirik ligan atzean dela.

Aurrez pentsatutakoak betetzen badira, Kaiku iazko txapeldunak eta Urdaibaik sailkatu egin beharko lukete biharko, eta beste seien artean, bostek dituzte finalean arraun egiteko aukerak; borroka estua egongo da Hondarribia, Astillero, Pedreña, Tiran eta Amegroveren artean.

Gaur, beste bi estropada

Arraun zaleak Euskal Herritik atera gabe ere izango du gozatzeko aukera. Beste bi estropada jokatuko dira gaur. KAE 1 ligan, Pasaian dute zortzigarren estropada (18:00). Portugaletek sei puntu ateratzen dizkio Zierbenari, eta hamahiru Isuntzari. Erlojuaren aurka lehiatuko dira.Eremuan, ibaia eta itsasoa daude nahasian: kanalean hasiko dira, itsasoan sartu-irtena egiteko,berriz ere kanalean bukatzeko.

KAE 2 ligan, Ondarroan elkartuko dira (17:00). Busturialdea eta Ondarroa berdinduta daude sailkapenean, eta Getaria oso gertu daukate, lau puntura, aurreko asteburuko bi estropadetan irabazi eta gero. Eremu ona da Ondarroakoa, eta itsasoan lehiatuko dira traineruak, hiru txandetan banatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.