Athleticek milaka jarraitzaile dauzkala ez da kontu berria: «Madrilen bertan, bederatzi peña ditu talde zuri-gorriak, eta zaleak, askoz gehiago. Zerbait berezia badaukate bilbotarrek jendea erakartzeko». Jose Luis Gomez Madrilgo Euskal Etxean dagoen Athleticeko peñako presidentearen hitzak dira. Azken egunotan buru-belarri ari da lanean hedabideei kasu egiten: «Nekatuta nago, baina merezi du. Euskal herritarrak gurean ikusteak beti ematen du sekulako poza. Eurengatik gara gu garena». Gomezen esanetan, bere aitak amets bakarra zeukan hil baino lehen betetzeko: «Aitak zera esan zidan behin, hil aurretik San Mameseko giroa bizi nahi zuela, eta sarrera bat oparitu nion iaz. Haren bizitzako egunik zoriontsuenetakoa izan zen». Dena den, oraindik bizi du aita.
Esaten duen guztia benetan esaten du Gomezek. Aurpegian nabari zaio. 1998. urtean sortua da Euskal Etxeko peña, eta ordutik makina bat ordu sartu du lanean. Gaurko ere ekitaldi ugari antolatu dituzte: kontzertuak, hitzaldiak, taldearen historiako partiden emankizunak, bazkaria... «Ilusioz bizi ditugu egunok. Peñako kideak egunero etortzen dira Euskal Etxera, eta kuadrilla ederra elkartzen gara Bielsaren eta taldearen ibiliari buruz hitz egiteko».
Halaxe da, bai. Gomez hizketan hasi orduko, beste lau lagun hasi zaizkio arrazoia emanaz edo kenduz. Alejandra Herranz da horietako bat. Argentinarra bera: «Orain bost urte etorri nintzen Madrilera, baina aurrez ezagutzen nuen Athletic. Haren filosofiaren berri eman zidatenean, berehala pentsatu nuen nire benetako taldea zela. Sarritan joaten naiz Bilbora». Eta Herranzen antzera ibiltzen da jende asko.
Euskal Etxera sartu baino lehen igar daiteke bihotzez maite dutela taldea. Bertako balkoian, hogei metroko bandera zuri-gorri bat dago. Lehenengo solairuan, ehun lagunentzako baino gehiagorentzako egongela bat, Athleticen partidak ikusteko. Eta hortik gora, berriz, denetik. Gela batean garai bateko argazkiak eta koadroak dauzkate ikusgai, bufandekin batera.
Azkeneko Kopa gogoan
Baina lehengo argazkiak bakarrik ez, memoria ere ongi gordeta daukate. Julio Ribasek 32 urte daramatza Athleticeko bazkide izaten, eta inoiz ez omen du ikusi taldea orain bezalako maila onik ematen. Dena den, momenturik hunkigarriena taldeak azkeneko kopa irabazi zuenean bizi izan zuen: «Arizonan geunden lagun bat eta biok, eta sekulako festa egin genuen. Erotuta zeudela pentsatzen zuten denek». Madrildarrek gaur gauza bera pentsatzea seinale ona litzateke.
Futbola. Espainiako Kopako finala: Athletic-Bartzelona
Sentimenduaren indarra
Madrilgo Euskal Etxeko peña 1998an sortu zen, eta 55 kide ditu egun. Athleticen partida guztiak ikusten dituzte bertan, eta ilusioz gainezka bizi dituzte egunok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu