Espainiako Vuelta

Sepp Kussek irabazi du Jumboren Espainiako Vuelta

Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic taldekideek osatu dute podiuma. Kaden Grovesek (Alpecin) irabazi du azken etapa, Madrilen. Ez da lehia handieneko Vuelta izan, baina eman du zeresana.

Vingegaard, Kuss eta Roglic, gaurko etaparen amaieran, Madrilen. MANU BRUQUE / EFE
Mikel Rodriguez - Paulo Ostolaza
2023ko irailaren 17a
20:23
Entzun

Espainiako Vueltako liderraren elastikoa gorria da, baina aurten horiz jantzita igo dira podiumera lehen hiru sailkatuak: Jumbo Visma taldeko Sepp Kuss, Jonas Vingegaard eta Primoz Roglic. Juan Ayuso (UAE) izan da laugarren, eta Mikel Landa (Bahrain) bosgarren. Azken aldiz 2019. urtean sailkatu zen euskal txirrindulari bat Vueltako lehen hamarren artean; Mikel Nieve, 10. postuan.

Aurtengo Vuelta ezustekoz betea izan da, zeresan handia eman du, eta hainbat datu deigarri ere utzi ditu. Ezustekorik handiena, agian, Sepp Kussen balentria izan da: estatubatuarra historiako bigarren txirrindularia da urte berean hiru asteko hiru itzuliak amaitu eta bat irabaztea lortu duena. Orain arte hori lortu zuen bakarra Gastone Nencini italiarra zen; 1957an Giroa irabazi zuen, Vueltan bederatzigarren izan zen, eta Tourrean, seigarren.

Kussek ez ditu horren postu onak lortu beste itzulietako sailkapen nagusietan —nahiz eta Tourrean 12. izan zen—. Baina, beste era batera, esan daiteke hiru itzuli handietan izan dela irabazle: hirurak Jumbo taldeak irabazi ditu, eta hiruretan izan da Kuss tartean.

Vueltan, gainera, ustezko bi taldeburuak izan ditu ondoan podiumean. Podiumetik kanpo alboan izan dituen edo ez esatea, hobe tertulietarako uztea. Madrilen, talde bereko hiru ziklistak bete dituzte itzuli handi bateko podiumeko postu guztiak 1966. urtetik lehenbizikoz. Marka hori euskal talde batek lortu zuen Espainiako Vueltan: Arabako Kas taldeak. Patxi Gabikagogeaskoa izan zen irabazle, Eusebio Velez bigarren, eta Carlos Etxeberria hirugarren.

Jumboren aurtengoa, ordea, errepikatzeko zaila da, urte berean Tourra eta Giroa irabazi duten ziklistak ere igo baitira podiumera. Emakumezkoetan berrikiago gertatu da talde berekoek betetzea podiuma, Giroan bi bider: 2021ean, Anna Van Der Breggen garaile eta SD Worxeko bi kide podiumean; eta 2014an, Marianne Vos garaile, eta Rabobankeko bi kide podiumean.

Grovesek hiru

Vueltako azkeneko etapa ez da ohiko paseoa izan. Hein handi batean, lasterketari gatza eta piperra jarri dion txirrindulariari esker: Remco Evenepoel (Lotto). Hiru etapa irabazi ditu, mendiko puntuen sailkapenean nagusi izan da, eta hari eman diote Vueltako txirrindulari lehiakorrenaren saria ere. Gaur ere garaipenaren bila ibili da, eta bera buru zuen ihesaldia helmugaraino heldu da. Han, Kaden Groves (Alpecin) izan da azkarrena, Filippo Gannaren (Ineos) eta Nico Denzen (Bora) aurretik.

Horrek utzi du beste datu bat: 2005etik ez zen ihesaldi bat ailegatu itzuli handi bateko azken etapako zirkuituetan, Aleksandr Vinokurovek Tourrean Eliseo zelaietan irabazi zuenetik.

Gainontzean, talde onenaren sailkapenean Jumbo izan da nagusi —nor bestela—, eta gazte onena Ayuso izan da. Grovesentzat izan da erregularrenaren elastiko berdea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.