«Profesionalki eta pertsonalki hazten lagundu didan 11 urteko ibilbidea amaitu berri dut, eta zaila da hitzez adieraztea nola nagoen. Baina eskerrak ematea baino ez dut». Kargugabetua izan eta bi egunera, hitz horiekin esan du agur Sergio Franciscok, Realeko entrenatzaile ohiak. Sare sozialetan eskutitz bat zabaldu du horretarako. «Harro nago lehen taldeko entrenatzaile izateko aukera eduki dudalako. Nire onena eman dut, baina gauzak ez dira nahi bezala atera».
Luki Iriarteri eman dizkio eskerrak aurrena: «Hark deitu ninduen Realean entrenatzaile aritzeko. Nigan sinetsi zuen, eta ondoan izan dut beti». Roberto Olabe eta Erik Bretosen inguruan honako hau esan du: «Haien lana aitortzea besterik ez dut, prozesuetan sinetsi dutelako, eta egunerokoan gertu egon direlako». Urte hauetan «asko gozatu eta ikasi» duela nabarmendu du: «Oso profesional onez inguratuta egon naiz, eguneroko lanarekin oso engaiatuak. Atzean lanean ari diren langileak ere gogoan izan nahi ditut. Haien jardunak balio ikaragarria dauka».
Urte hauetan izan dituen jokalariez ere gogoratu da. «Une ahaztezinak bizi izan ditut haiei esker; hainbat igoera, eta Gorrotxategiren gola derbian, adibidez».
Zaleez hauxe idatzi du: «Garai txar edo zailetan beti egon dira hor». Urte hauetan jaso duen «maitasuna» erronka berriei heltzeko hauspoa emango diola nabarmendu du. «Nahiz eta badakidan ez dudala hemen sentitu dudana sentituko, ezta hemen disfrutatu dudana disfrutatuko». Eskutitzean ez du aipamenik egin Jokin Aperribai presidenteari buruz.