Askotan egin bezala, San Fermin egunez ekin dio Realak denboraldiaurreari. Zubietako eraberritze prozesuan, obretako garraiobideen hotsa da nagusi, eta azken egunetan zenbaitek faltan sumatu duen protagonista bat agertu da: euria. Lehen egunean berandu ez iristea aholkatu ohi da, eta aholku horri jaramon eginez hasi dute aroa Sergio Franciscok eta haren lantaldeak, entrenamendua hasi baino hogei minutu lehenago zelaian baitira guztia prest dutela.
10:30ak dira dagoeneko, eta bertaratu diren kazetari zein argazkilari guztiak entrenamendura deituta dauden jokalariek Z2 zelaiaren malda noiz igoko zain daude. Fuente Ymbroko zezenek 2 minutu eta 37 segundo behar izan dituzte Iruñean lehen entzierroa egiteko. Realeko jokalariek, berriz, denbora hori halako bi behar izan dute zelaira ateratzeko. Jokalarien esperoan ziren bitartean, sekulako ur emaria hasi du, eta guardasola eskuan zuten guztiak irekitzera behartu ditu. 10:50 inguruan zelairatu dira jokalariak: batzuk, irribarretsu, eta, besteak, aurpegi serioz zirela.
Deituta zeuden jokalarien artean, Carlos Fernandez eta Karrikaburu izan dira berritasun nagusiak: Carlos Fernandez utzita aritu da Cadizen, eta, Karrikaburu, berriz, Racing Santanderren. Hala ere, Sergio Franciscok ez ditu jokalari guztiak lehen egun honetan bere aginduetara eduki, datorren astelehenean ekingo baitiote lanari selekzioekin eta Bigarren Mailan azken unera arte aritu diren Oiartzabalek, Remirok, Sucicek, Aramburuk, Sadiqek, Turrientesek, Pablo Marinek, Jon Martinek, Gorrotxategik eta Gotik. Kubok, berriz, oporraldia apur bat gehiago luzatu du, eta Japonian jarriko da Sergio Franciscoren esanetara.
«Joan den udatik bagenekien Zubimendi ez zela denboraldi honetan gurekin izango»
JOKIN APERRIBAI Realeko presidentea
Gaur zelaian Martin Zubimendi ez da izan, eta aurrerantzean ere ez da izango. Soka luzea eduki duen afera izan bada ere, atzo egin zuen ofizial Donostiako taldeak euskarriak Arsenalen jokatuko duela aurrerantzean. Jokin Aperribai presidentea horretaz jardun da: «Joan den udatik bagenekien Zubimendi ez zela denboraldi honetan gurekin izango», esan du. Hala ere, aipatu du donostiarrak «aparteko portaera» eduki duela taldearekin, eta ez du baztertu hurrengo urteren batean berriro ere jokalari donostiarra talde txuri-urdinean aritzea.
Fitxaketak negoziatzen
Merkatuari dagokionez, Aperribaik esan du azken hilabeteetan gehien entzun diren Brighton taldeko Igor Juliorekin eta Arabiako Al-Qadsiah taldeko Ezequiel Fernandezekin elkarrizketetan dabiltzala, eta «epe motz, ertain zein luzerako» edozein fitxaketa «ongi etorria» izango dela. Litekeena da, gainera, Reala B-ren igoera tarteko, bertako zenbait jokalari Sergio Franciscoren dinamikan sartzea. Entrenatzaile irundarrak bigarren taldea zuzendu du azken hiru denboraldietan.
Donostiako taldeak zazpi norgehiagoka ditu lotuak denboraldiaurrerako. Batzuk Euskal Herrian jokatuko baditu ere, bidaia luzeak egitea ere egokituko zaie txuri-urdinei. Sergio Franciscoren lehen zertzeladak uztailaren 18an ikusi ahal izango dituzte zaleek, 19:00etatik aurrera, Zubietan jokatuko baitute Paue Okzitaniako taldearen aurka. Ondoren, Japonia aldera joko dute donostiarrek. Jakina da Kubok Gipuzkoan lur hartu zuenetik Reala oso ezaguna dela herrialde horretan, eta horren erakusle da talde txuri-urdinak hirugarren urtez jarraian jokatuko duela han. Uztailaren 21etik 25era izango dira Japonian, eta bi norgehiagoka jokatuko dituzte txuri- urdinek: lehen partida V-Varen Nagasakiren aurka jokatuko dute, uztailaren 21ean, Euskal Herriko 19:00etatik aurrera Hiroshimako Bakearen estadioan. Ordu berean jokatuko dute uztailaren 25ean Yokohama taldearen aurka, hiri horretako NHK Spring Mitsuzawa estadioan.
Bost egun geroago, uztailaren 30ean, Zubietan denboraldiaurrean ohiko bihurtu den derbian ariko da Reala: Osasunaren aurka jokatuko du 19:00etan. Ez da kirol hiritik irtengo hurrengo norgehiagoka jokatzeko ere; abuztuaren 2an Stade Roazhon Bretainiako taldearen aurka jokatuko baitu 19:00etan. Ingalaterran emango die amaiera prestaketa norgehiagokei, liga hasi baino astebete lehenago. Andoni Iraolak zuzentzen duen Bournemouthi egingo dio aurre abuztuaren 9an, bi aldiz; lehen norgehiagoka 11:00etan jokatuko dute Bournemouthen kirol hirian, eta lau orduren buruan 17:15ean berriro jokatuko dute Ingalaterrako taldearen Vitality estadioan.
Realak, gainontzeko talde guztiek bezala, abuztuko hirugarren asteburuan emango dio hasiera ligari. Abuztuaren 17an, larunbatez, Valentziako (Herrialde Katalanak) Mestalla futbol zelaian arituko da Valentziaren aurka.