Sestaok ezustea eman du Espainiako Kopan. Bizkaiko taldeak Espainiako Federazioko Bigarren Mailan jokatzen du, eta Espanyol utzi du kanpoan, Lehen Mailan ari den talde bat: 4-3. Luzapenaren azken minutuan sartu du gol erabakigarria Jon Rojok, 120. minutuan. Hala, Hector Urkiak zuzentzen duen taldea hurrengo kanporaketako zozketan egongo da.Â
Partida ez da ondo hasi Sestaorentzat. Izan ere, 6 minutuan, bi taldeak neurketari neurria hartzen zirenean, bisitariek gola sartu dute. Marcos Fernandezek bizkarrez kontrolatu du baloia arean, eta Sestaoko jokalari batek penaltia egin dio. Hark jaurti du, eta sareetara bidali du baloia.Â
Baina Sestaok ez du golaren kolpea antzeman. Sendo eutsi dio defentsan, eta ahal izan duenean gora egin du. Castañedak eta Carrionek bi erremate on egin dituzte, ez dute asmatu, ordea. Baina Carrionek berak arantza atera ahal izan du 18. minutuan. Lerro artean pase on bat jaso, Hinojo atzean utzi, eta aurrez aurre geratu da Dimitrovicekin. Oraingo honetan aurkariaren atea zulatu ahal izan du.Â
Sestaori konfiantza eman dio gol horrek bide beretik jarraitzeko. 40. minutuan jaso du egiten ari zen lan onaren saria, korner batean Ander Ugartek gola sartu baitu buruz. Hala, bizkaitarrak 2-1 joan dira aurretik atsedenaldira.Â
Bigarren zatian Espanyoleko entrenatzaileak Roberto eta Bryan Zaragoza bezalako jokalariak zelairatu ditu. Baina etxeko taldeak ondo eutsi dio. Euriaren ondorioz zelaiaren egoera okertzen joan da minutuak aurrera joan ahala, eta horrek zaildu egin du bi taldeen jarduna. Baina atzean sendo aritu dira Urkiak zuzentzen dituen jokalariak. Azken minutuetan Espanyol baloi luzeen bideez ahalegindu da min egiten, ezin baitzuen beste modu batean. 90. minutuan epaileak beste penalti bat adierazi du bisitarien alde. Edu Expositok jaurti du, eta gola sartu du.
Eromena luzapenean
Etxekoek eskura izan dute sailkapena, baina azkenean luzapena jokatu beharrean egon dira. Ordu erdi horretan gertatu dena eromena izan da. Las Llanasen bildu diren zaleek ez dute berehalakoan ahaztuko. Izan ere, 96. minutuan Espanyolek gola sartu du: 2-3. Moscardo izan da golegilea, jaurtiketa gogor batekin. Partida zail jarri zaio hor Sestaori. Baina berehala lortu du norgehiagoka berdintzea, handik bi minutura, 98. minutuan. Berriro ere geldikako jokaldi batean egin du. Oraingo honetan falta batean izan da. Chicharitok jaurti du falta, eta baloia sareetara buruz bidali duena Jaka izan da: 3-3
Azken minutuetan, bi taldeek izan dituzte abaguneak gola sartzeko. Baina Iru eta Dimitrovic atezainek pare bat gelditu on egin dituzte. Kanporaketa penaltietan erabakiko zela zirudien. Baina orduan iritsi da Rojoren gola, eta festa lehertu da Las Llanasen.Â