Tourraren lehen fase luzea amaitzeko, txirrindulariek etapa akigarria lehiatu dute Erdialdeko Mendigunean. Orain arteko saiorik malkartsuena izan da: zazpi mendate igo dituzte, horietatik sei, bigarren mailakoak. Sumendiz jositako inguruan barneratu da tropela, eta leherketa eragiten saiatu da Visma taldea. Oldarkor jokatu du berriz ere, Tadej Pogacar (UAE) ahultzeko esperantzaz. Esloveniarrak ez du aparteko larritasunik eduki, eta UAE taldea hainbestean moldatu da sute guztiak apaltzeko. Vismaren esfortzua, dena den, ez da antzua izan: erakutsi du badituela ausardia eta energia lasterketa une batetik bestera hausteko, eta lehentasuna ez bazen ere, poltsikoan sartu du etapa, Simon Yatesen eskutik.
Giroko garaileak hirugarrenez altxatu ditu besoak Tourreko helmuga batean. Probetxu handia atera dio ihesaldiari. Beste horrenbeste esan dezake Ben Healyk (Education). Etapan hirugarren izan da hura, Yatesen eta Thymen Arensmanen (Ineos) atzetik. Garaipenak bainoago, lasterketako lidergoak arduratu du gaur ziklista irlandarra. Joan zen osteguneko etapa zakuratu ondoren, maillot horia eskuratzeko abagune ederra sortu zaio gaurko etapan; Puy de Sancyn bukatu da. Izerdiaren bidez lortu du saria; taldekideek lan eskerga egin dute haren alde, eta ondoren, indarrez egin du tira azken kilometroetako aldapa tenteetan. Harentzat ere, esfortzuak merezi izan du.

Faboritoen artean ez da aparteko zalapartarik izan. Mateo Jorgensonen (Visma) erasoek tentsio apur bat eragin dute, baina Pogacarrek ez dio alde egiten utzi. Esloveniarrak erritmo aldaketa bizia egin du azken igoeran, eta Jonas Vingegaard (Visma) itzala balitz bezala itsatsi zaio berriz ere. Danimarkarra sendo dabil ahalegin motz eta bortitzetan. Biak elkarrekin heldu dira helmugara, esprintari uko eginda.
Ohiko eskemari jarraituz gero, gaurkoak atseden eguna behar zuen izan. Haatik, Frantziako Errepublikaren jai nazionalarekin bat eginez, ikuskizuna ematea egokitu zaie txirrindulariei. Visma taldea hasieratik lotu zaio erasoari: ihesaldiaren bidez Pogacar urduritu nahi zuten. Vingegaardek bi taldekide sartu ditu lasterketa buruko multzo jendetsuan: Yates eta Victor Campenaerts. Guztira 29 txirrindularik egin dute ihes, eta horietako bakar batek ere ez zeraman UAEren maillota. Almeidaren galera gutxi ez, eta Pavel Sivakov ezinak jota ibili da. Bere txarrean, Pogacar ez da guztiz bakartuta geratu Vismako ziklistek azken txanpan zuhaitza behin eta berriz astindu dutenean.
Healy ondo inguratuta egon da ihesaldian. Haren taldekideen joari esker, geroz eta atzerago utzi dute tropela. Lenny Martinezek (Bahrain) puntu sorta ederra lortu du igoeraz igoera. Eta Ben O’Connorrek (Jayco), berriz, bere kasa abiatzeko saiakera egin du eguneko hirugarren mendatean. Ez da bakarrik geratu, baina erdibitu egin da multzoa. Eta are gehiago mehetu da helmugatik 27 kilometrora, punturik banatu ez baina min handia egin duen aldapa batean. Yates, Healy, O’Connor, Arensman, Michael Storer (Tudor) eta Quinn Simmons (Lidl) nabarmendu dira bertan.
Itzaletik argira
Jo eta ke ibili da Healy, lider izatea etapa irabaztearen aurretik jarrita. Simon Yatesek, berriz, azkenerako gorde ditu indarrak. Azken igoeran atera da estalpetik, 2,3 kilometro eskas gelditzen zirela. Arensman asko hurbildu zaio, baina indarrak bikain banatu ditu Vismako txirrindulariak. Pogacarrek, ostera, Adam Yatesen laguntza izan du Jorgensonen ahaleginak zapuzteko. Gero, Remco Evenepoeli (Soudal) begira geratu da hura oldartu denean. Flandriarra ez da urrun iritsi. Pogacarrek, ordea, aurkari guztiak atera ditu gurpiletik, Vingegaard izan ezik. Healy baino 4.59 geroago iritsi dira biak; beste hautagai gehienak ez dira aparte izan.
Tourrak lehen geldialdia izango du bihar. Hamar etapa jokatu dira dagoeneko; lasterketaren ia erdia, alegia. Zailtasunari dagokionez, ordea, ziklistek ostegunetik aurrera egin beharko diete aurre saiorik gogorrenei. Lehenik, Pirinioen txanda iritsiko da. Hiru etapa jokatuko dituzte Pirinioetan; horietako bat, kronoigoera izango da. Hori bai, mendate festari ekin aurretik, etzi klasiko itxurako ibilbidean lehiatuko da tropela. Okzitaniako Tolosatik aterako da, eta helmuga ere bertan izango du. Healy azalduko da horiz jantzita; Pogacar 29 segundora du, 1.29ra Evenepoel, eta 1.46ra Vingegaard.