Txirrindularitza

Simon Yates txirrindulariak erretiroa hartu du

Vismako ziklistak 33 urte ditu, eta iragarri du goi mailako kirola utziko duela: «Denbora asko daramat buruari bueltaka, eta uste dut garai egokia dela kirol honetatik aldentzeko». Italiako Giroa irabazi zuen 2025ean.

Simon Yates Italiako Giroa irabazi izana ospatzen, 2025ean. GIUSEPPE LAMI / EFE
Simon Yates Italiako Giroa irabazi izana ospatzen, 2025ean. GIUSEPPE LAMI / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko urtarrilaren 7a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txirrindularitzaren zale asko ustekabean harrapatu ditu Simon Yates ziklistaren mezuak. Visma taldeko txirrindulariak iragarri du goi mailako kirola utziko duela. 33 urte ditu, eta sasoi betean dela hartu du erabakia; iaz, hura nagusitu zen Italiako Giroan, eta etapa bat irabazi zuen Frantziako Tourrean. «Erabakia ez dut arinkeriaz hartu. Denbora asko daramat buruari bueltaka, eta uste dut garai egokia dela kirol honetatik aldentzeko».

Britainiarra 2014tik da profesionala, eta palmares betea du. 2018an lortu zuen bere kirol ibilbideko lehen garaipen handia: Espainiako Vuelta irabazi zuen. Urte hartan bertan, ordea, ihes egin zion maglia arrosak: hiru etapa poltsikoratu zituen, baina Finestren ezinak jota gelditu zen. Iaz egin zituen bakeak gailur horrekin, eta, erakustaldia emanda eta balentria eginda, Italiako Giroa irabaztea lortu zuen. 2021ean, berriz, hirugarren egin zuen.

Frantziako Tourrari dagokionez, Yates ez da inoiz izan podiumean, baina baditu aipatzeko moduko markak: 2023an laugarren amaitu zuen. Gainera, hiru etapatan gailendu da: bi irabazi zituen 2019an, eta bat 2025ean.

2026rako kontratua zuen Visma taldearekin, baina etetea erabaki du. «Txirrindularitza nire bizitzaren parte izan da. Harro nago lortutakoarekin, eta asko eskertzen dut bidean ikasi dudan guztia». Garaipenei bezainbesteko garrantzia eman nahi izan die «bizi izandako une zailei eta korapilatsuei».

Yatesek eskerrak eman dizkie egindako ibilbidearen parte izan diren guztiei, sare sozialetan zabaldutako mezu baten bidez, baita Visma taldeari ere, erabakia «ulertzeagatik eta babesteagatik». 2025ean iritsi zen Yates Herbehereetarako taldera, Wout Van Aert eta batez ere Jonas Vingegaard lider zituen multzoa sendotzeko asmoz. Ziklista indartsuenetako bat zen, eta taldeak sumatuko du haren falta. Baita txirrindularitzak ere, oro har.

«Harrotasun handiz eta bake sentipenez esango diot agur txirrindularitza profesionalari», azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.