Txirrindularitza

Simon Yatesek irauli egin du Giroa, eta arrosaz jantziko da Erromako podiumean

Mendiko azken etapan arrosaz jantzi da, Finestren, 2018ko Giroa galdu zuen mendatean ihes eginda. Etekina atera dio talde estrategiari, baita Del Toro eta Carapazen arteko gehiegizko markaketari ere. Harper iritsi da lehena Sestriereko helmugara.

Simon Yates. ITALIAKO GIROA
Simon Yates, maglia arrosa musukatzen. ITALIAKO GIROA
enaut agirrebengoa
2025eko maiatzaren 31
16:44
Entzun 00:00:0000:00:00

Finestrerekin bakeak egin ditu Simon Yatesek (Visma). Bertan infernua bizi izan zuen 2018ko Giroan, ezinak jota gelditu eta agur esan baitzion maglia arrosari. Bada, orduko hondamendia ahaztu, eta mendate horretan miraria gauzatu du ziklista ingelesak. Helmuga ez zegoen bertan, Sestrieren baizik, 27 kilometro geroago, eta, Yatesek Finestren egindako erakustaldiaz gainera, erabakigarria izan da tontorretik igaro ostean Wout van Aertek (Visma) taldeburuaren alde egin duen lana. Isaac del Torok (UAE), ordea, ez du ezkutaririk izan ihesaldian. Eta ez hori bakarrik: gehiegi itsutu da Richard Carapazekin (Education First), maglia arrosa soilik hark ken ziezaiokeela pentsatuz. Biek Yatesi alde egiten utzi diote Finestren, eta larrutik ordaindu dute. Del Toro izan da kaltetu nagusia, galdu egin baitu elastiko preziatua. Yatesek jantziko du bihar Erromako podiumean.

Etapa garailea Chris Harper (Jayco) izan da, ihesaldia helmugaraino eramanda. 1.49 atera dio Alessandro Verreri (Arkea), ihesean gehien nabarmendu den besteari. Haren ostean helmugaratu da Yates, hirugarren postuan, 1.57ra. Gainsaria lortu du, beraz; baina ez du segundo apur horien premiarik izan, bost minututik gora atera baitizkie Del Torori eta harekin batera helmugaratu diren aurkariei. 1.21eko atzerapenarekin hasi du etapa, eta mexikarra 3.56ra utzi du behin Sestrierera iritsita. Iraultza handia izan da. Carapazen altxamendua, berriz, hutsala izan da, gogotik saiatu den arren. Hirugarren izango da azkenean, 4.43ko atzerapenarekin.

Duela zazpi urteko Giroan, goitik behera nagusitu zen Yates, harik eta hemeretzigarren etapan erabat hondoratu zen arte. Hiru etapa poltsikoratuta baina maglia arrosa gabe bukatu zuen lasterketa. Kolpe latza izan zen, baina baita ikasgai handi bat ere. Eta eskarmentua lagun, zerua ukitu du aurtengo Giroko tontorrik garaienean. 2018an ez bezala, erakustaldia Finestrerako gorde du. Ezkutu antzean igaro ditu etaparik gehienak, baina agertu egin da gaur. Eta nola agertu: bakarrik abiatu da gailurrera iristeko hamabost kilometro inguru gelditzen zirela. Del Torok eta Carapazek helmugan ikusi dute hurrena. Eskuak burura eraman ditu Yatesek Sestrierera iritsi orduko. Eta emozioak gaina hartu dio gero. Malkoak, oraingoan, gozoak izan dira.

Balentria, hori bai, ez du berak bakarrik egin; Van Aerten gurdira igo da Finestre igaro ostean, eta lasterketa orduan puskatu du behin betiko. Gailurrean, 1.40ra zituen Del Toro eta Carapaz; hau da, berea zen maglia arrosa, baina segundo gutxi batzuengatik. Azken kilometroetara hegan iritsi da, ordea, Van Aert taldekideari jarraituz. Garaipenari, ezinbestean, agur esan diote lehen bi sailkatuek. Ez Carapazek eta ez Del Torok, bietako inork ez du laguntzailerik izan ihesaldian. Bekatua izan da.

Igoera kolosala

Eta beste akats estrategiko bat ere egin du Del Torok: soilik Carapazen gurpilari erreparatzea. Ekuadortarraren eraso jarraitu eta biziei sendo eutsi die, baina zirkinik ere ez du egin Yates mugitu denean. Carapazek soka tenk mantendu du tarte batez; ordea, Del Toro azpiratzea ezinezkoa suertatu zaionez, liderraren esku utzi du ekimena. Izan zezakeen jokalekurik txarrena izan du mexikarrak, taldekideak oso aparte baitziren.

Yatesek bidea egin du. Baita Harperrek ere. Hura izan da etaparen hasieran ihes egin duten 31 txirrindularien artean indartsuena. Finestrek bere tokian jarri du txirrindulari bakoitza, izan iheslari, izan hautagai. 18,5 kilometro, %9,2ko batez besteko pendiza, eta asfaltorik ez bigarren zatian: benetako koloso bat da. Igotzen hasi orduko, ezinean gelditu dira Pello Bilbao (Baharain), Jon Barrenetxea (Movistar) eta beste iheslari asko. Harperri Verrek eutsi dio bakarrik, baina amore eman du azkenean. Yatesek, berriz, iraganeko mamuak uxatu ditu pedalkada bakoitzarekin. Bihar, Erroman, ospakizun eguna izango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.