Simone Biles AEBetako selekzioaren izarrak utzi egin du emakumezkoen gimnastika artistikoko taldekako finala, lehen ariketa, hau da, jauzikoa egin eta gero. Ariketa horren ondoren, mediku batekin joan da aldageletara, eta orkatila batean hesgailu bat duela itzuli da. Jordan Chiles-ek ordezkatu du, eta geroxeago jakinarazi dute ez zuela jarraituko finalean. Nolanahi ere, NBC telebistak AEBetako selekzioaren iturriak aipatuz esan duenez, antsietateagatik utzi du finala. Beste taldekideen artean puntuaziorik txikiena eman diote Bilesi jauziko ariketan. Ikusteko dago etzi, ostegunean, bakarkako lehiaketan parte hartuko duen ala ez.
«Egin dezakezue hau ni gabe», adierazi die taldekideei Bilesek, finala utziko duela jakinarazi dienean. Berau amaitutakoan, esan du «harro» dagoela estatubatuarrek egindakoaz. «Egindako ariketa eta gero, ez nuen jarraitu nahi. Nire osasun mentalean zentratu behar dut». Halaber, azaldu du dagoeneko ez duela horrenbesteko konfiantzarik bere buruarengan. «Ez nuen nahi irten, lelokeria bat egin, eta lesionatzea», azpimarratu du.
Gimnastika artistikoaren azken urteotako izar nagusia da Biles, 24 urtekoa. 2013az geroztik egindako Munduko Txapelketetan urrezko hemeretzi domina irabazi ditu. Azkeneko Olinpiar Jokoetan, Rion, urrezko lau domina eta brontzezko bat kolkoratu zituen estatubatuarrak.
Larry Nassar AEBetako gimnastika selekzioaren medikuaren sexu abusuen biktima izan zen Biles, eta 2018an nabarmendu zuen horrek antsietatea eragiten ziola eta sendagaiak hartzen zituela horri aurre egiteko.
Errusia nagusi
Taldekako finalean Errusiak irabazi du urrezko domina, historian aurrenekoz –atzo, haiek gailendu ziren gizonezkoetan, 25 urteren ostean–. Lehia estua izan dute AEBetako selekzioarekin, baina azkenean puntuazio handiagoa lortu dute: 169.528. AEBak bigarren izan dira, 166.096 puntu pilatuta. Bilesen hutsunea gakoa izan da. Brontzezko domina, berriz, Erresuma Batuak eskuratu du. Errusiako taldea Lilia Akhaimovak, Viktoria Listunovak, Angelina Melkinovak eta Vladislava Urazovak osatu dute.
Unfortunate news from the Ariake Gymnastics Centre tonight as #SimoneBiles of @TeamUSA withdraws from the team final at #Tokyo2020#UnitedByEmotion | #StrongerTogether
— #Tokyo2020 (@Tokyo2020) July 27, 2021
Reports are stating that Simone Biles is being attended to by a trainer and has left the field of play at the Ariake Gymnastics Centre #Tokyo2020#SimoneBiles has not warmed up for the uneven bars, USA's second apparatus and reserve Jordan Chiles has.
— #Tokyo2020 (@Tokyo2020) July 27, 2021
More to come.. pic.twitter.com/dGyacVsVQO