Sancti Spiritukoa erokeria bat da. Argazkietan eta bideoetan ikusten dena txiki geratzen da, benetan. Zaleek egindako korridore estuan barrena, burrunba amaigabean zehar, leundu egiten da %27ko penditza. Baina Sancti Spirituko aldapak 235 metro ditu, eta Zegama-Aizkorri mendi maratoiak 42,195 kilometro.
Kirolari amateurrek munduko onenekin parez pare lehiatzeko aukera izan dezakete zenbait kirol diziplinatan; mendi lasterketetak dira horren adibide. Zegama-Aizkorriko irteera lerroan daude Kilian Jornet, Tove Alexanderson, Elhousine Elazzaoui, Remi Bonnet, Sara Alonso edota Malen Osa. Baina bertan daude zozketan dortsal preziatua egokitu zaien beste dozenaka korrikalari, baita ezagunen bati esker pribilegio hori izan dute beste zenbait ere. Zegamarako dortsala lortzea gero eta zailagoa da, baina ez da beharrezkoa markarik erregistratzea; edonork parte hartu dezake zozketan.
Baina edonor ez da gai Zegama-Aizkorri maratoia osatzeko, ez behintzat norbere —eta zenbaitetan beste batzuen— osasuna arriskuan jarri gabe. Badirudi gaur egun nornahi dela kapaz maratoiak, ultra distantziako probak edota Ironmanak egiteko. Eta kirolari amateurra izen emateen eta lasterketa egutegien mendeko bilakatzen hasia da. Lerro hauen idazlea da gaitz berri horrek kutsatuetako bat.
Maratoi bat amaitzea jada ez da lorpena. «Helmugara iritsi al zara?» galdera baino lehenago dator beste hau: «Zenbat denboran egin duzu?». Eta oso gutxi dira «disfrutatu al duzu?» galdetzen dutenak. Inork ez du gogoan horrelako kirol erronka bat prestatzeak atzean duen guztia. Entrenamenduak daude batetik, baina kezkak eta zalantzak ere bai. Are eta gehiago lasterketa aurreko asteetan: «Mina da edo molestia hutsa?», «Entrenatzen jarraituko dut edo gelditzea komeni?». Azken orduan bisitak fisioterapeutarenera, masajeak, aritu gabeko aditu askoren aholkuak...
Iritsi da maiatzaren 16a, Zegama aurreko eguna. Bidea itxita, errepide bazterrak autoz lepo. Seguratik autobusez joan behar Zegamara. Herrira iritsi eta galtza motzetan jantzitako jendea alde guztietan —ez da beroagatik, 10 gradu daude—. Espaloiak ere aparkaleku bilakatuta, zanpantzarrak kaleetan, herria autokarabanaz lepo hiru egun lehenagotik... Zegama Zegama da, baina, hein batean, Zegama handi geratzen hasi zaio Zegamari. Antolakuntzaren aldetik bikain, ia hutsik ez. Baina mendi arteko herri txiki batek bere mugak ditu.
Dortsala hartuta. «Egin beharrekoak eginda daude». Seguru?. Iritsi da eguna, eta iritsi dira goizeko bederatziak. Eliz atarian dago mendi lasterketen «katedralaren» irteera gunea, baina kanpaiak entzun ere ez dira egiten. Ez dago minik, ez molestiarik, ez zalantzarik. Egin beharrekoak egin gabe badaude ere, jada ez dago ezer egiterik.
Herrian zehar itzuli bat, eta segituan lehen pareta. Han goian doaz lehenengoak. Ondo segi! Asmoa lasai irtetea da. Behar baino bizkorrago abiatu ohi den korrikalari batentzat beti da erronka zaila hori. Baina maratoia maratoia da, eta indarrak gaizki neurtuz gero, akabo. «Eman ahal guztian, baina neurtuz». Hori da teoria.
Zazpigarren kilometroa, Otzaurte. Lehen jende oldea, gurasoak eta lagunak ere bai. «Oraingoz, ondo». Oraingoz. Aratzeko tontorra ikusten da, lekutan dago. Baina igoera ederra da. Goroldioz betetako pagadian gora eta behera. Eroritako hosto bustiak eta lokatza. Eta lehen erorikoa, lurra biguna dago. Amaitu da basoa, eta harriak agertu ahala, zaleak ere ugarituz joan dira. Aratz, hamaseigarren kilometroa. Erlojua begiratu eta albiste txarrak: komeni baino azkarrago iritsi da lehen gailurra. Behar baino azkarrago heldu dira lehen karranpak ere.
San Adrianeko tunelera iristerako entzuten da Sancti Spiritu. Anoa gunean ura bete, arnasa hartu, eta gora. 235 metro luze da zurrunbiloa, ezagunak ezagutzea ere ez da lan erraza. Eta bat-batean isilunea. Eskertu egiten da, jada ez dago aurpegi ona jarri beharrik. Ezinezkoa da Aizkorriko gainera arte irribarrez igotzea. Ikusmena lausotzen hasi da, eta ez da sartzen hasi den behe lainoagatik.
Burugogorkeria eta babesa
Aizkorriko gurutzean gurutze bidea hasi da. Gailurrerian harri handiak igaro behar dira, karranpentzako festa. Gelditu, luzatu, abiatu, berriz gelditu. Negar egiteko gogoa, baina ez da malkorik irteten. Ia ordu-erdi kilometro bat egiteko. Sufrituz gozatzea posible da, baina muga fina da. Eta Urbiara iritsi arte gozamenik ez dago, ezta jenderik ere. Zegama-Aizkorrin badaude tarteak norbere arnasaren eta pausoen hotsak baino entzuten ez direnak.
Aurrera, burugogor. Iristea eta gozatzea ziren helburu bakarrak. Azkenerako, iristea baino ez. Andraitzeko igoera egin eta 11 kilometro geratuko dira, «aldapan behera». Igoera hori hasterako entzuten dira, urrunean, lagunen oihuak. Ez dago Santci Spiritun bezalako burrunbarik, ezta beharrik ere. Milaka zaleren orroek baino indar gehiago eman dezakete lagun gutxi batzuen animo apalek. Karranpak ez dira itzuliko, eta helmugara arteko zatia duin egitea posible izango da.
Luzea da azken zatia: basoko bidezidor lokaztua lehenik, pare bat igoera, eta pista amaigabea jarraian. Jaitsierako azken tartea lagun batzuekin batera korri egiteko aukera, eta han beheran Zegama ikusten da. Azken kilometroa falta dela dio erlojuak. «Zorionak!», egiten dute oihu hainbat zalek. «Disfrutatu!». Lasterketa gutxitan entzuten dira halakoak, baina Zegama salbuespena da. Hesiak, bostekoak, bi bihurgune, eta helmuga lerroa. Amaitu da. Badira ia bi ordu Alexanderssonek Zegama-Aizkorriko errekor berria jarri duenetik. Baina hark bezain beste eskertu du helmuga lerroa zeharkatu izana 290 dortsaldunak.