Tadej Pogacarrek Espainiako Vueltan parte hartuko du

Irabaziz gero, bederatzigarren txirrindularia izango da hiru lasterketa handiak irabazten: Tourra, Giroa eta Vuelta. 2019an bertan lehiatu zen, eta hirugarren izan zen nagusian. Hiru etapa ere irabazi zituen.

Tadej Pogacar Alpe D'Huezen lortutako garaipena ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Tadej Pogacar Alpe D'Huezen lortutako garaipena ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko abuztuaren 3a
16:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Tourra bosgarrenez irabazi eta gero, mugarriak ezartzen jarraitu nahi du Tadej Pogacarrek. UAEk baieztatu du Esloveniako txirrindularia Espainiako Vueltan izango dela, irabazteko falta zaion hiru itzuli handietako bakarrean. Ikusteko dago sasoi aldetik nola ailegatzen den, baina, haren izaera lehiakorra kontuan hartuta, podiumaren gorenean egoteko borrokan izango da ezusterik ezean. Irabaziz gero, Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Itzulia irabazi dituen txirrindularien zerrendan sartuko da. Zortzi txirrindularik lortu dute hori orain arte: Jacques Anquetil, Felice Gimondi, Eddy Merckx, Bernard Hinault, Alberto Contador, Vincenzo Nibali eta Jonas Vingegaard. Hala, garaipen zerrenda biribiltzeko, Paris-Roubaix klasikoa irabaztea eta olinpiar txapeldun izatea baino ez litzaioke faltako. 

Pogacarrek bost aldiz irabazi du Tourra —2020an, 2021ean, 2024an, 2025ean eta 2026an— eta behin Italiako Giroa —2024an—. Vueltan behin bakarrik hartu du parte, 2019an, eta podiumean amaitu zuen. Hirugarren izan zen. Primoz Roglic eta Alejandro Valverde izan zituen atzetik. Gainera, hiru etapatan jaso zituen besoak, eta gazte onenaren saria lortu zuen. Hauek izango dira UAEk Vueltara eramango dituen txirrindulariak: Joao Almeida, Domen Novak, Ivo Oliveira, Pavel Sivakov, Pablo Torres, Kevin Vermaerke eta Jay Vine. 

Ikusteko dago Jonnas Vingegaardek (Visma) lasterketan parte hartuko duen, eta haren eta Pogacarren arteko beste buruz buruzko bat ikusteko aukera dagoen. Vingegaardek Tourra utzi zuen min hartuta, eta taldeak ez du oraindik jakinarazi zer zortzikote eramango duen. Danimarkako txirrindulariak irabazi zuen iaz lasterketa. Almeida eta Tom Pidcock (Q36.5) izan ziren podiumean egon ziren beste bi ziklistak. Bestalde, Primoz Roglic (Red Bull) bosgarren aldiz Vuelta irabazten saiatuko da. Hori eginez gero, hura izango da Vuelta gehien irabazi duen ziklista. Egun, lau garaipenekin, berdinduta dago Roberto Herasekin. Vuelta abuztuaren 22an hasiko da Monakon, eta irailaren 13an bukatuko da Granadan. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA