«Taldeak haize freskoa behar du»

Lorenek azaldu du Lasartek ez zuela harrobia lantzeko «ausardiarik», eta hori izan dela hark ez segitzeko arrazoietako batEntrenatzaile berriarengandik zer nahi duten badakitela esan du Realeko kirol zuzendariak

Erredakzioa
Donostia
2011ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
«Taldeak hazi egin beharra dauka». Ideia horri bueltaka eman zituen atzo azalpenak Lorenzo Juarros Loren-ek, Realeko kirol zuzendariak. «Hazi, talde gisa; eta hazi, jokalariz jokalari». Mugimendu dezente egon da azken aldian Realaren inguruan, eta den-denak zeuden kirol zuzendariaren adierazpenen zain. Taldeak denboraldiko helburu nagusia bete duela onartu zuen atzo Lorenek. «Eta garrantzitsua da hori, klubari oreka eta egonkortasuna emateko». Baina bi urteko lanaren ondoren, egonkortasuna alboratu, eta Martin Lasarte entrenatzaile kargutik kentzea erabaki du zuzendaritzak. Arrazoia? «Jokalari asko gazteak dira, esperientziarik gabeak, eta entrenatzeko metodologia jakin bat eskatzen du horrek; lan, babes eta ausardia gehiago. Denboraldiko une jakin batzuetan pauso bat aurrera ematea falta izan zaigu». Horregatik uste du Lorenek taldeak «haize freskoa» behar duela; talde landuagoa nahi du.

Lorenen hitzen arabera, beraz, ausardia puntu bat falta izan zaio Lasarteri. «Denboraldiaren lehen zatian ondo lehiatu zen taldea; etxean, batez ere. Baina etxetik kanpo oso talde ahula izaten jarraitu genuen». Kanpoko ezintasunari etxean Malaga eta Herculesen aurka egindako bi hutsak elkartu zitzaizkionean, «zalantzak» sortzen hasi zirela uste du Lorenek. «Ezin ziotelako eutsi hasierako lehiakortasunari. Taldea goitik behera joan da, eta, une askotan, oso talde laua izan da. Argumentuak falta izan zaizkio egoera zailetatik irteteko».

Horregatik erabaki dute, beste urtebeterako kontratua eduki arren, Lasarte kargutik kentzea —Roberto Navajasek eta Alberto Iturraldek taldean jarraituko dute—. «Nolabaiteko erlaxazioari ihes egiteko». Erabakia ez dela erraza izan onartu zuen kirol zuzendariak. «Baina prebentzio neurriak hartu nahi izan ditugu. Erasoan ondo aritu gara, baina gol asko jaso ditugu, eta Realaren gisako talde batentzat arduratzeko moduko datua da hori».

Kluba Frantziara begira dago «beste pauso bat» emateko, baina Lorenek ez zuen eman entrenatzaile berriaren izenik. «Hori bai, oso argi daukagu zer nahi dugun eta non ari garen bilatzen». «Harrobiaren alde lan egingo duen entrenatzailea» daukate buruan. «Garrantzitsua da lehenbailehen etortzea, baina garrantzitsuagoa da guk nahi duguna etortzea».

Eñaut Zubikarai, 2015era arte

Bi jokalariren egoera ere aztertu nahi izan zuen atzo Lorenek: Raul Tamudorena eta Diego Rivasena. «Tamudoren kasuan, denboraldian zehar kontratua berritzeko zorian egon ginen. Baina taldearen egoera okertzen hasi zen, eta amaierara arte ezin genuela mugimendurik egin azaldu genien». Entrenatzaile berriaren iritzia ere entzun nahi zuen klubak. Eta «diru gehiago» eskatzeaz gain, merkatuan zegoela eta eskaintzak entzungo zituela adierazi omen zuen jokalariak berak.

Rivasen kasuan, berriz, arazo pertsonalik ez dela egon argitu zuen Lorenek. «Eta inoiz ez da presiorik egon Rivasek jokatu ez zezan. Ez dakit Lasartek zertan oinarrituta egin zuen baieztapen hori». Rivasek taldean ez jarraitzeko erabakia «kirol irizpideen araberakoa» izan da, Lorenen hitzetan. «Guztiok ados geunden horrekin». Taldeak «beste zerbait» nahi du postu horretarako.

Denboraldiaren azterketa egiteaz gain, bi albiste ere eman zituen atzo Lorenek. Batetik, Eñaut Zubikarai atezainak beste hiru urterako berritu duela kontratua Realarekin, 2015eko ekainaren 30era arte. Eta, bestetik, bigarren taldeari dagokionez, Meho Kodrok jarraituko duela entrenatzaile izaten, lantalde berarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.