Tarte handiz nagusitu da Orio

Oriok hamalau segundoren aldea atera dio Urdaibairi, bigarren sailkatuari. Bermeotarrak eta sanjuandarrak ohorezko txandan arituko dira bihar.

Orioko ontziko kideak, pozarren, lortutako banderarekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Orioko ontziko kideak, pozarren, lortutako banderarekin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
nerea intxausti
2025eko abuztuaren 2a
20:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Eroso irabazi du Oriok gaurko estropada: bigarren sailkatuari, Urdaibairi, hamalau segundo atera dizkio. Bederatzi jardunalditan zazpi garaipen lortu dituzte horiek, eta are tarte handiagoa lortu dute sailkapen nagusian: hogei puntu gehiago dituzte Zierbenak baino.

Aurretik hasi dira oriotarrak, eta hala segitu dute estropada guztian, eroso. Martxel Aldaik, Orioko arraunlariak, horixe berretsi du: «Paperean idatzita bezala atera zaigu estropada, eta gustura gaude». Halere, etxean estropadetan baino hobeto egiten dituztenak erakutsi nahi dituztela azaldu du Aldaik, eta anbiziorik ez dutela galduko: «Hobetzeko kontuak izanda ere, hamarreko denboraldia izaten ari da».

Uste baino denbora gehiago behar izan dute ohorezko txandako gainerako ontziek. 28 segundo geroago heldu da txanda bereko Donostiarra —hirugarren egin dute—, eta 31ra Zierbena —bosgarren egin dute—. Bizkaitarrak gipuzkoarrak baino hobeto hasi dira, baina gero ika-mikan aritu dira. Azkenerako, aurrea hartu ahal izan dute gipuzkoarrek.

Baina oso tarte zabalak izan dira Hondarribian jokatutako estropadakoak oro har, eta Urdaibaik eta San Juanek ondo baino hobeto baliatu du hori. Urdaibai bigarren txandatik aritu da, eta bigarren sailkatu da gaur. Sanjuandarrak lehen txandatik aritu dira, eta laugarren egin dute. Ohorezko txandan arituko dira biak bihar.

Bigarren txandan argi geratu da Urdaibaik estropada azkarra egin duela. Getaria aurretik abiatu da, eta berri ona izan da Esperantza ontziarentzat, baina, bigarren luzerako, bizkaitarrek aurrea hartu diete, eta tartea areagotu dute estropada guztian. Getariarrak geldotu egin dira, eta sanjuandarrekin jokatu dute estropada. Urdaibaikoak baino minutu erdi atzerago ibili dira, baina biak pare-parean. Erreka ontzikoek atzetik aurrerako estropada egin dute, eta oso azken luze azkarra. Hain azkarra, ezen aurrea hartu baitiete getariarrei: minutu laurden errekuperatu dute. Getariarren ondoren sartu da Isuntza.

Lehen txandan Isuntza nagusitu da, izan ere, Osertz Aldai entrenatzailea hankeko zutela. Kaiku izan dute atzetik denbora guztian; hasieran, bizpahiru segundora; gero, hamar bat segundora. Azken luzean, Kaikukoak lekeitiarren uberan ere joan dira momentu batean.

Ares San Juanekin joan da estropada hasieran, pare-parean, baina ezin izan du postua mantendu: apalduz joan dira gero: ia minutu bat galdu dute, eta hamargarren izan dira azkenerako.

Ondarroak eta Cabok beste estropada bat egin dute, atzerago. Minutu bat eta 23 segundora heldu dira bizkaitarrak, eta minutu bat eta 28ra galiziarrak. Cabokoak, azken postuarekin konformatu ez, eta, gainera, arraun txikia apurtu zaie lehen ziabogan. Ordezko arraun luzearekin egin du Iago Davila arraunlari eta entrenatzaileak bigarren ziaboga, eta ez du espaleatu hirugarren ziabogan. Galiziarren emaitza dela eta, Kaikukoek abantaila hartu diete sailkapen nagusian.

Gaur Lekeition (Bizkaia) arituko dira Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziak. Bi estropada eremuak itsasoan izango dira, lau luzetan banatuta. San Nikolas uhartea atzean utzi, eta Santa Katalina itsasargiaren pareraino egingo dute estropada. Laugarren kaleak ospe txarra du, eta lehenengoak, ona. Dena dela, haizea eta mareak gorabehera, garrantzi handiagoa izango du ontzia bera fin aritzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.