TAS Kirola Arbitratzeko Epaitegiak bilerara deitu ditu gaurko Euskadiko Euskal Pilota Federazioa, nazioartekoa, Espainiakoa eta Kubakoa. Espainiako eta Kubako federazioek inpugnatu egin zuten Euskadiko Euskal Pilota Federazioa Nazioartekoan sartzeko bilera, eta TASek zera jakin nahi du: eskumenik ba ote duen horri buruz erabakitzeko. Bilera abuztuaren 29an egitekoa zen, baina atzeratu egin zuten.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioa nazioartekoan sartzeko bilera iaz egin zen, abenduaren 28an. Espainiako eta Kubako federazioek TASera jo zuten, eta bilera inpugnatu zuten. Urtarrilaren 16an egin zuten, eta ondorengoa apelatu zuten: estatutuen erreformaren legezkotasuna, bozketaren balioa eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren onarpena bera.
Eskumenik ez duela ebazten badu, auzia bere horretan geratuko da. Izan ere, Espainiako eta Kubako federazioei agortu zaie beste epaitegi batzuetara jotzeko epea. Kontrakoa uste badu, berriz, inpugnazioa aztertu, eta litekeena da urtea amaitu aurretik izatea epaia. Baina ez dago argi TASek gaur behin betiko erabaki bat emango duenik.
Zesta-puntako Nazioen Liga izan zen euskal selekzioa ofizialki lehiatu zen nazioarteko lehen txapelketa, ekainean, eta, horren ostean, Josemari Mitxelenak, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak, hauxe adierazi zuen auzibideaz: «TASek zera ikusi du, Espainiako Federazioak, gure eskubideen aurkako salaketa jarri arren, onartu egin duela guk antolatutako txapelketa batean parte hartzea».
Mitxelenak beti esan du gauzak ondo egin zirela: «Espainiako eta Kubako federazioek ez zuten bozkatu ahal izan, zigortuta zeudelako. Espainiako Kirol Legea betetzea baino ez dugu eskatzen».