Bi aldiz atzeratu eta gero, iritsi da KAA Kirolaren Arbitraje Auzitegiaren erabakia. Epaitegi horrek erabaki du ez duela eskumenik Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren ofizialtasunaren aurka Espainiako Pilota Federazioak jarritako helegiteaz erabakitzeko. Aurretik Kubak kendua zuen bere helegitea. Hala, auzia bere horretan geratu da. Izan ere, Espainiako eta Kubako Federazioei agortu egin zaie beste epaitegi batzuetara jotzeko epea. Gainera, kirol arloan KAA da auzitegi gorena. Horrenbestez, bide eman dio ofizialtasunari. Erabakia urtarrilaren 31rako espero zen, baina aurreratu egin da. Espainiako eta Kubako federazioek 2.159 euroko kalte ordaina ordaindu beharko diete Nazioarteko eta Euskadiko federazioei, azken horiei auzibideak eragindako gastuengatik.
Erabakian zehazten da Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren estatutuetan ez dagoela klausularik zera ahalbidetzen duena: erakunde horren batzar nagusian hartzen diren erabakien kontra KAAra jotzea. Horrenbestez, KAAk ez du araurik helegite horien inguruan erabakitzeko. Bihar agerraldia egingo dute Euskadiko Euskal Pilota Federazioko arduradun eta abokatuek, Abadiñon, Federazioaren egoitzan, balorazioa egiteko.Â
Duela urtebete pasatxo, 2024ko abenduaren 28an, Iruñean egindako batzarrean onartu zen Euskadiko Euskal Pilota Federazioa Nazioartekoan sartzea eta, horrenbestez, ofizialki lehiatzea. Baina Espainiako eta Kubako federazioek inpugnatu egin zuten bilera, 2025eko urtarrilaren 16an. KAAra jo zuten, eta honako hau apelatu: estatutuen erreformaren legezkotasuna, bozketaren balioa eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren onarpena bera.
Arbitraje Auzitegiak ez zuen argi horri buruz erabakitzeko eskumena ote zuen. Hala, iazko abuztuaren 29rako bilerara deitu zituen Euskadiko Euskal Pilota Federazioa, Nazioartekoa, Espainiakoa eta Kubakoa. Atzeratu egin zuten, eta irailaren 11n egin zuten bilera hori. Luze eta zorrotz joan zen. Eguerdiko ordu bietan hasi, eta hainbat orduz iraun zuen bilerak, eta alde bakoitzak bere argudioak eman behar izan zituen, xehe-xehe. Auzian inplikaturiko lau aldeak telematikoki bildu ziren.
KAAko hiru epailek parte hartu zuten auzi saioan. Galdera teknikoz beterik egon zen bilera, eta alde bakoitzeko abokatuen lana izan zen argudioak ahalik eta zorroztasun handienaz ematea. KAAk ez zuen detailerik txikiena ere baztertu nahi izan, eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioak behin eta berriz berretsi zuen tramite guztiak ongi egin zituela ofizialtasunaren bidean.
Behin betiko erabakia, hasieran, abendurako espero zen. Baina, gero, urtarrilaren 30era atzeratu zuten. Bitarte horretan euskal selekzioa hainbat lehiaketatan aritu da ofizialki: zesta-puntako Nazioen Ligan eta 36 metroko Nazioen Ligan. Azken horretan, eskuz, palaz eta zesta-puntan aritu zen. Lehena Gernika-Lumon (Bizkaia) jokatu zen, eta bestea, Bilbon. Argentinan ere lehiatu zen, 23 urtez azpiko Trinketeko Munduko Txapelketan.Â
Federazioa, «konforme»
Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidente Joxemari Mitxelena «konforme» dago erabakiarekin: «Pozik gaude arrazoi eman digutelako, eta guk esaten genuena berretsi delako: gauzak ondo egin genituela». Baina, bestalde, nabarmendu du urtea «gogorra» izan dela. «Ez genuen egoera honetara iritsi behar. Guk nahiago dugu kantxetan edo pilotalekuetan ibili, epaitegietan baino. Hurrengo lehiaketetan lasaiago aritu ahalko dugu; izan ere, beti egon gara epaitegietan gertatuko zenaren kezkaz». KAAra jotzeak eragiten dituen gastuak Espainiako eta Kubako Federazioek ordaindu behar izateari ere garrantzia eman dio. Â
Nazioarteko Pilota Federazioak «pozik» hartu du erabakia. «Erakusten du Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak egindako prozesua demokratikoa eta legitimoa izan zela; azken batean, subiranoan izan zela». Hala, itxitzat eman du prozesua. «Irainez eta gezurrez betetako 11 hilabete izan dira». Gainera, berretsi du lanean jarraituko duela euskal pilotaren «batasunaren eta garapenaren alde». Hori nola egingo duten ere azaldu du: «Legea eta erakundeen arteko errespetua oinarri hartuta egingo dugu, hala egin baitugu beti».
Eusko Jaurlaritzak ontzat jo du berria. Ibone Bengoetxea bozeramailearen iritziz, erakusten du beste selekzio batzuek ere «ofizialtasunaren partida» jokatzeko aukera dutela. Jaurlaritzak selekzioak babesten segituko duela berretsi du. EAJk, berriz, «poz handiz» hartu du KAAren erabakia.