Selekzioa

TASek ez du argi euskal selekzioaz erabakitzeko eskumena duen

Luze jo du auzi saioak, eta xehetasun txikienak ere zehatz-mehatz jakin nahi izan ditu Kirola Arbitratzeko Epaitegiak. Joxemari Mitxelenak kezka agertu du: «Bilerak zenbat iraun duen ikusita, TASek ez du ezer argi».

Joxemari Mitxelena. ARITZ LOIOLA / FOKU
Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea, Gernikako Nazioen Ligako irekiera ekitaldian. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon eskudero
2025eko irailaren 11
20:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Luze eta zorrotz joan da TAS Kirola Arbitratzeko Epaitegian euskal selekzioaren ofizialtasunaren inguruan izan den auzi saioa. Eguerdiko ordu bietan abiatu, eta hainbat orduz iraun du bilerak, eta alde bakoitzak bere argudioak eman behar izan ditu, xehetasun guztiekin. Auzian inplikaturiko lau aldeak bildu dira, telematikoki: Euskadiko Euskal Pilota Federazioa, nazioartekoa, Espainiakoa eta Kubakoa. Azken bi ordezkari horiek inpugnatu egin zuten Euskadiko Euskal Pilota Federazioa nazioartekoan sartzeko modua eman zuen bilera, eta TASek zera argitu nahi du: ea eskumenik ba ote duen hori erabakitzeko. Bada, ondorioa da zalantza handiak dituela. TASeko hiru epailek parte hartu dute auzi saioan, eta datozen egunetan aztertuko dute gaia. Ondoren emango dute erabakiaren berri.

Galdera teknikoz beterik egon da bilera, eta alde bakoitzeko abokatuen lana izan da argudioak ahalik eta zorroztasun handienarekin ematea. TASek ez du detailerik txikiena ere bidean utzi nahi izan, eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioak behin eta berriz berretsi du gauza guztiak ongi egin dituela ofizialtasunaren bidean. Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren presidenteak egin du lehen hausnarketa. «Auzi saioak zenbat iraun duen ikusita, bistakoa da TASek ez dauzkala gauzak argi, zalantza handiak dituela, eta hori ez dakit ona edo txarra den. Kezka apur bat sortzen digu. Hurrengo egunetan jakinaraziko dute erabakia, eta espero dezagun gure aldekoa izatea».

Auzi saioari begira, dokumentazio lan handia egin dute TASeko hiru epaileek. Esaterako, Gernikan (Bizkaia) Zesta-puntako Nazioen Liga jokoan zegoen bitartean, TASek dokumentazio gehiago eskatu zion Euskadiko Euskal Pilota Federazioari. Auzi saioa abuztuaren 29rako zegoen iragarrita, baina bi astez atzeratu zuten. Tentsio handiz beteriko bilera izan da. «Koma eta puntu bakoitzak du bere garrantzia, eta garbi dago xehetasun txikienak erabakigarriak izan daitezkeela», adierazi du Mitxelenak. Bide horretan, Espainiako selekzioak Gernikako Nazioen Liga jokatu izana euskal selekzioaren aldekoa da. «Izan ere, guk antolatutako txapelketa batean parte hartu zuten espainiarrek, eta horrek esan nahi du guk jarritako baldintzak onartu zituztela».

Zehazki, zera inpugnatu zuten Espainiako eta Kubako federazioek urtarrilaren 16an: estatutuen erreformaren legezkotasuna, bozketaren balioa eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren onarpena bera. Orain, TASek dauka azken hitza. Erabakiak Euskadiko eta nazioarteko federazioei arrazoi emango balie, oso gertu egongo litzateke behin betiko ofizialtasuna. Ordea, sententzia euskal selekzioaren kontrakoa balitz, epaiketa bat abiatuko litzateke. Oso luze joko luke epaiketa horrek, hainbat lagunek parte hartu beharko bailukete. Bien bitartean, euskal selekzioak normaltasun osoz lehiatzen jarraitu ahal izango du nazioarteko txapelketetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.