Tati Garmendia: «Ez da titulu kontua, proiektu kontua baizik»

Taldeari «alaitasuna» falta zaiola eta «aldaketa bat» behar zuela azalduta, Bera Berak kargutik kendu du Aitor Etxaburu.Montse Puche nahi du klubak entrenatzaile kargurako

Tati Garmendia, Bera Berako kirol arduraduna, atzo, Bidebietako kiroldegian emandako prentsaurrekoa amaitu berritan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Donostia
2015eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
«Aldaketa bat behar zuen taldeak». Eta horregatik erabaki du Bera Berak Aitor Etxaburu entrenatzaile kargutik kentzea. «Arraroa dela pentsa liteke, taldea lehen postuan dagoelako ligan». Hala onartu zuen atzo Tati Garmendiak, Bera Berako kirol arduradunak. «Baina ez da titulu kontua, proiektu kontua baizik. Taldea ez dugu gai ikusten denboraldi honetan geratzen denari guk nahi dugun bezala aurre egiteko». 2014ko abuztuan iritsi zen Etxaburu taldera. «Ilusioz gainezka», Garmendiaren beraren hitzetan. Baina sei hilabete eskas igarota, bi aldeek erabat bestelako asmoak dituztela gaineratu zuen kirol arduradunak: «Ez dut uste bere etorkizuneko asmoetan Bera Bera zegoenik, eta gure asmoetan ere ez zegoen bera».

Oraindik lotuta ez dagoen arren, Montse Puche madrildarrarekin hizketan ari da kluba. «Lehenbailehen etortzea nahi dugu». 44 urte dauzka, eta erdiko indartsua izan zen bere garaian. Getafe, Mar Valentzia-Mar Osito L'Eliana (1992-1998), Elda Prestigio (1998-1999), eta Milar-El Osito L'Eliana-Astroc Sagunten (1999-2007) jokatu ondoren, 2007an iritsi zen Akaba Bera Berara, 37 urterekin. Ordurako irabazita zeuzkan Espainiako 11 Liga, zazpi Kopa, lau Superkopa, lau ABF kopa, Europako Kopa bat, Errekopa bat eta Superkopa bat. 2004an, berriz, munduko bigarren jokalaririk onenaren saria eman zioten. Egun, Espainiako Olinpiar Batzordean ari da lanean.

Akordioa sinatu artean —urte eta erdiko kontratua litzateke—, Garmendiak berak hartuko du taldearen ardura, «behin-behinean». Ez da lehen aldia, 2006-2007 denboraldian Reyes Karrere ordezkatu zuelako. Sasoi bukaeran kargura itzuli zen Karrere.

Kirol arloa aztertuta, ondo ari da Donostiako taldea, ligan lehen postuan egoteaz gain, luzapenean galdu zuelako Espainiako Kopako finala, Rocasaren aurka, eta EHF kopan bi golen aldearekin kanporatu zuelako Muratpasak, final-zortzirenetan. «Baina asko ari zaio kostatzen taldeari, eta bide horri segika, damututa amai genezakeen». Azken hiru denboraldietan Bera Beraren laugarren entrenatzailea litzateke Puche.

Garmendiaren prentsaurrekoa amaitu berritan, Etxabururekin harremanetan jarri zen BERRIA,eta nahiko harrituta «baina lasai» erantzun zion deiari. Berandu baino lehen emango ditu bere ustez gertatu denaren inguruko azalpenak.

«Zaila, gogorra eta asko pentsatutakoa izan da erabakia». Baina Bera Berako kirol arduradunak argi dauka hauxe zela «momentua» egoera aldatzeko. «Kontua ez da liga irabaztea edo ez irabaztea, liga lehiatzeko baldintzarik onenetan egotea baizik». Garmendiak «proiektua» azpimarratu zuen behin eta berriz. «Hau ez delako maila goreneko talde soil bat, proiektu bat baizik». Eta, hain zuzen ere, «proiektuarekiko lotura faltak» utzi du Etxaburu Bera Beratik kanpo. Herenegun hitz egin zuten jokalariekin eta entrenatzailearekin berarekin. «Eta argi utzi genien oso zaila dela hiru urtean hiru entrenatzailerekin liga irabaztea. Baina ez da kirol helburu kontu soila. Alaitasuna falta zaio taldeari».

Lehen bilera, «abenduan»

Arazo bakarra «alaitasun falta» ote den galdetuta, ordea, ezetz erantzun zuen Garmendiak. «Erasoko jokoa falta zaigu, eta bigarren lerroaren abiadura berreskuratu behar dugu. Defentsan lan ona egiten ari gara, baina defentsarekin bakarrik ezin dugu egin aurrera». Taldea berreskuratu nahi du klubak. «Eta badakigu Montse buru-belarri sartuko dela proiektuan. Eskubaloi zale amorratua da, eta taldeari gehigarri ona emango dio horrek, taktikoki, abiaduran...». Abenduaz geroztik Etxaburuk harrobiko jokalariei «aukera gutxi» eman izana ere mahai gainean jarri zuen Bera Berako kirol arduradunak. «Eta, tira, alde horretatik, utzikeria pixka bat egon da».

Ez da izan egun bakarreko kontua. «Abenduan jada hizketan aritu ginelako». Baina nahi zuten aldaketarik ez zela izan iritzita, bereari eutsi zion kirol arduradunak. «Jokalariak ez daude egoerarik onenean». Garmendiak argitu zuen jokalariek ez dutela egin eskaera zuzenik Etxaburu kargutik kentzeko. «Baina jokalariek asko eskatzen diete beren buruari, eta gehiago nahi dute entrenamenduetan eta».

EHF koparen jiran hartu zuen erabakia klubak. «Erabaki arriskutsua. Badakigu ondo atera daitekeela edo ez». Garmendiak gaineratu zuen Kopa ez irabaztea ez dela izan porrota edo erabakia hartzeko arrazoia. «Eta liga ez irabaztea ere ez da izango porrota». Guztientzat errazena «denboraldia amaitu arte itxoitea» zela onartu zuen. «Baina erabakirik onena hau dela sinetsita gaude. Arriskutsua zen horrela jarraitzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.