Futbolean teknologia berrien agerpena gero eta ohikoagoa den garai honetan, badira entrenatzaile batzuk oraindik papera eta boligrafoa lagun dituztenak. Jokaldiak errepasatzeko garaian, aulkira joan eta pantailei begira ikusten dira teknikari asko. Horretatik salbuesten zen gutxi horietako bat zen Ernesto Valverde, bere koadernoari lotuta egoten baitzen erabat. Kasualitateak hala nahita, boligrafo eta paperaren maitale da Athleticeko entrenatzaile berria ere: Edin Terzic. Zuri-gorriek orain arte jokatu dituzten hiru lehietan, apunteak hartu eta hartu aritu da alemaniarra, ahalik eta bide orri egokiena eraiki asmoz. Bistan da taldeak baduela zer hobetua, baina joan den astean Celtari 0-2 irabazi izanak indartu egin du Terzicen joko ideia. Bada, koadernoko ideiak probatzeko beste harri gogor bat izango dute aurrean gaur bilbotarrek, Atletico Madrilen aurka neurtuko baitituzte indarrak, San Mamesen (16:15, Movistar).
Harmonia onaren maitale
Aberastasun taktikoak adina garrantzi du gaur egun multzo bat ongi kudeatzeko gaitasunak, eta Terzic maisua da horretan: harmonia ona sortu du hasieratik. Valverderekin alderatuta, ohitura batzuk aldarazi ditu, baina zorroztasun hori ez da oztopo izan oraingoz. Besteak beste, Valverde entrenatzaile zela, Athleticek etxean jokatzen zituen partidetan egunean bertan bildu ohi ziren jokalariak. Dinamika hori errotik aldatu du alemaniarrak, egun oso bat lehenago deitzen baititu jokalariak, eta gaua hotelean pasarazi. Etxetik kanpoko neurketetan ere lehenago bidaiatzea gustatzen zaio. Garrantzi handia ematen dio talde izaerari eta atsedenari. Mentalitate alemaniarra du, diziplina zorrotza.
Hots, zorroztasun hori ez da etsai izan harmonia ona sortzeko garaian. Ia beti irribarretsu ageri da teknikaria, eta maite du jokalarien gainean egotea. Valverde askoz zurrunagoa zen; Terzic, berriz, gertukoagoa da, eta gustuko du jokalarien informazioa lehen eskutik jasotzea. Izaera horrek ez dio eragozten zorrotza izatea. Izan ere, jokalariek eurek aitortu duten moduan, egia aurpegira esaten du, eta nahiago du garbia izan. Ekintzek hala baieztatu dute, jokalari askok utzi behar izan baitute taldea udako merkatuan. Alemaniarrak ez du arazorik izan bere gustuko taldea osatzeko.
Marrazkia aldatzeko gai
Zelaiari begira jarrita, Valverderen joko sistema abiapuntu hartu, eta hainbat zertzelada eman dizkio taldeari teknikariak. Ongi ulertu du nolako ezaugarriak izan dituen historikoki Athleticek. Erritmo bizian jokatzea maite du, intentsitate handian; jokalariak dinamikoak dira, eta erabakigarritasuna nahi du gola sartzeari dagokionez. Hori guztia lortzeko bidean presioa du oinarri. Halaxe ulertzen du futbola: baloia bere areatik zenbat eta urrutiago lapurtu, aukera gehiago gola sartzeko. Aurrean dagoen taldea itoaraztea du helburu. Valverdek ere gisa horretan jokatzea zuen xede, baina ez zen mugitzen bere sistematik: 4-4-2ko sistema erabiltzen zuen. Terzicek, aldiz, egoeraren arabera aldatu egiten du marrazkia. Baloia atzetik ateratzeko garaian hiru atzelarirekin jokatzen du, eta hegaleko jokalariek askatasun osoa dute aurrera egiteko. Horri esker, barrutik ere jokatzeko ahalmena du taldeak, jokalari gehiago pilatzen baitira bertan.
Ez dago hierarkiarik
Hiru partida besterik ez du jokatu Athleticek orain arte, baina dagoeneko 21 jokalarik parte hartu dute. Kopuru altua da. Valverderi kosta egiten zitzaion normalean jokatzen ez zuten jokalariei aukera ematea, baina Terzicek erakutsi du ez daukala arazorik zuhaitza astintzeko. Errendimenduaren arabera saritzen du jokalaria; ez dauka hierarkia jakin bat. Adibidez, Beñat Gerenabarrenak eta Peio Canalesek askotan parte hartu dute orain arte, eta beste batzuk izan dira kaltetuak: Mikel Jauregizar eta Alejandro Rego. Terzic aulkian dagoelarik, jokalari guztiek badakite zentratuta egon behar dutela taldearen jokoan. Entrenatzaileak nahi du den-denak multzoaren parte senti daitezen. Jokalari batengan konfiantza itsua erakutsi du orain arte: Oihan Sancetengan. Jesus Areso ere berpiztu dela dirudi.
Lezaman konfiantza du
Udako merkatua itxi berri den honetan, Athletic izan da Lehen Mailan fitxaketarik egin ez duen talde bakarra. Hasieratik esan zuen Terzicek Lezamari begiratuko ziola lehenbizi, eta gazteek badakite ongi erantzuten badute aukera izan dezaketela lehen taldean. Aste honetan bertan, bigarren taldeko bederatzi jokalariri deitu die alemaniarrak eurekin entrenatzeko. Epe ertain-luzera begira, garrantzitsua da hori.