IGERIKETA

Titmusek Ledecky gainditu du estilo libreko 400 metrokoan

Titmus pozik, alboan Ledecky duela. PATRICK B. KRAEMER / EFE
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 26a
13:30
Entzun

Katie Ledecky igerilariak helburu argi bat zuen Tokioko Olinpiar Jokoetan, urrezko bost domina kolkoratzea, baina estatubatuarrak ezin izango du bete, Ariarne Titmus australiarrak aurrea hartu baitio gaur, emakumezkoen estilo libreko 400 metroko finalean, proba eder batean. Norgehiagokaren puska handi batean, aurretik joan da azken urteotako igerilari dominatzaileena, baina australiarraren dohainetako bat indartsu bukatzea da, eta hori baliatu du 100 metroren faltan erritmoa aldatzeko eta irabazteko.

Ledeckyk (20 urte) lau urrezko domina irabazi zituen Rio 2016an, eta bera zen faboritoa, bai, baina ez zen komeni ahaztea Titmusek (20 urte) irabazi egin ziola duela bi urte, Munduko Txapelketan. Orduan, aditzera eman zen estatubatuarra gaixo zegoela, horregatik gainditu zuela australiarrak.

Eta gaur ezin da esan bere onenean ez zegoela, marka bikaina ezarri baitu: 3.57.36. Une batzuetan, gorputz baten aldea ere atera dio bere kontrario behinenari, baina australiarrak ez du amore eman: 250. metrotik aurrera, aldea jaten hasi zaio Ledeckyri, eta azkenean gainditu egin du, inoizko bigarren markarik onena eginez: 3.56.69, Ledeckyren munduko markatik 23 ehunenera. Binjie Li txinatarra sailkatu da hirugarren, irabazlearengandik ia bost segundora.

Dresselen aurreneko urrea

Caeleb Dresselek urrezko sei domina irabazi nahi ditu Tokion, eta Michael Phelpsen lekukoa hartu. Estatubatuarrak aurrenekoa kolkoratu du gaur, gizonezkoen txandakako 4x100 proba librean irabazita. 3.08.97ko denbora egin dute estatubatuarrek. Italia sailkatu da bigarren (3.10.11), eta Australia hirugarren (3.10.22).

Eguneko beste bi finaletan, gizonezkoen bular estiloko 100 metrokoan Adam Peaty (Erresuma Batua) nagusitu da, Rio 2016an eta azkeneko Munduko Txapelketan bezala. Emakumezkoen tximeleta estiloko 100 metrokoan, Maggie MacNeilek (Kanada) baieztatu zuen diziplina horretako dominatzailea bihurtzeko bidean dela. Azkeneko Munduko txapelketan egin bezala, gaur Tokion nagusitu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.