Tobe Alexanderson eta Elhousine Elazzaoui irabazle 25. Zegama-Aizkorrin

Norvegiarrak zortzi minutuan ondu du nesken errekorra, eta marokoarra da bigarren aldiz jarraian irabaztea lortu duen bigarren korrikalaria —Kilian Jornetek bakarrik lortu du hori—. Malen Osak eta Sara Alonsok osatu dute podiouma.

Alexanderson helmugara iristen, gaur, Zegaman. JUAN HERRERO / EFE
Alexanderson helmugara iristen, gaur, Zegaman. JUAN HERRERO / EFE
Zegama
2026ko maiatzaren 17a
14:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Tobe Alexanderson norvegiarrak (4:08:09) eta Elhousine Elazzaoui marokoarrak (3:45:07) irabazi dute 25. Zegama-Aizkorri mendi maratoia. Biek egin dute historia. Alexandersonek zortzi minutuan ondu du 2017an Nienke Brinkman herbereetarrak jarritako errekorra, eta Elazzaoui bigarren aldiz jarraian nagusitu da. Orain artean Kilian Jornetek soilik zuen hori lortua.

Emakumezkoen podiuma Malen Osa oñatiarrak (4:23:56) eta Sara Alonso donostiarrak (4:25:51) osatu dute. Ederra eta estua izan da bi euskal korrikalarien arteko lehia. Lasterketaren lehen erdian Alonso joan da aurretik, baina Aizkorriko gailurrerian Osak aurreratu egin du eta helmugara arte eutsi dio bigarren postuari. Oñatiarrak, gainera, iaz Alonsok jarritako denbora hobetu du –4:27:25 egin zuen iaz–, eta harena izango da aurrerantzean euskal emakumezkoen artean erreferentziazko denbora. Laugarren Ida Amelie Robsahm norvegiarra izan da (4:28:19) eta bosgarren Maria Fuentes alacantdarra (4:33:10).

Mendi maratoiaren irteera. GORKA RUBIO / FOKU
Mendi maratoiaren irteera. GORKA RUBIO / FOKU

Mutiletan Daniel Patis italiarra sailkatu da bigarren (3:45:27), irabazlearengandik 20 segundora. Ia ibilbidea osoa elkarrekin egin dute, eta bazirudien esprintean jokatuko zela bukaera, baina marokoarrak erakustaldia egin du beheranzko azken kilometroetan eta bakarrik helmugaratu da. Hirugarren Taylor Stack estatubatuarra (3:52:17) helmugaratu da, azken kilometrotan Manuel Merillas espainiarrari (3:53:14) aurre hartuta. Bosgarren Robert Pkemoi keniarra sartu da (3:53:28).

Kilian Jornet ez da espero bezala lehiatu, gorantz ondo sentitu dela baina zelaian eta beherantz minekin ibili dela jakinarazi du Zegaman 11 aldiz irabazitakoak. Beraz, Aizkorriko gailurreriatik aurrera «lasaiago hartzea, zaleak agurtzea eta lasterketaz beste era batera gozatzea» erabaki du. Zegamako helmugan 43. izan da (4:19:23), zaleen txalo zaparraden artean.

Elhousine Elazzaoui 2026ko Zegama-Aizkorriko garailea
Elhousine Elazzaoui garailea Sancti Spirituko maldan gora. GORKA RUBIO / FOKU

Gizonezkoetan lehen euskal herritarra Aitor Ajuria (Leintz-Gatzaga, 1998) izan da. Lasterketa ikaragarria egin du Ajuriak, eta lau ordutik jaistea lortu du (3.57.56).

Sailkapen guztiak esteka honetan.

Sailkapenak

Neskak
  • 1. Tobe Alexanderson. 4:08:09
  • 2. Malen Osa. 4:23:56
  • 3. Sara Alonso. 4:25:51
  • 4. Ida Amelie Robsahm. 4:28:19
  • 5. Maria Fuentes. 4:33:10
Mutilak
  • 1. Elhousine Elazzaoui. 3:45:07
  • 2. Daniel Patis. 3:45:27
  • 3. Taylor Stack. 3:52:17
  • 4. Manuel Merillas. 3:53:14
  • 5. Robert Pkemoi. 3:53:28
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA