Tove Alexandersson norvegiarrak (4:08:09) eta Elhusine Elazzaui marokoarrak (3:45:07) irabazi dute Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren 25. aldia. Biek egin dute historia. Alexanderssonek zortzi minutu ondu du 2022an Nienke Brinkman herbeheretarrak jarritako errekorra, eta Elazzaui bigarren aldiz jarraian nagusitu da. Orain artean Kilian Jornetek soilik lortua zuen hori.
Emakumezkoen podiuma Malen Osa oñatiarrak (4.23.56) eta Sara Alonso donostiarrak (4.25.51) osatu dute. Ederra eta estua izan da bi euskal korrikalarien arteko lehia. Lasterketaren lehen erdian Alonso joan da aurrean, baina, Aizkorriko gailurrerian, Osak aurreratu egin du, eta helmugara arte eutsi dio bigarren postuari. Oñatiarrak, gainera, hobetu egin du iaz Alonsok jarritako denbora –4.27.25 egin zuen iaz–, eta harena izango da aurrerantzean erreferentziazko denbora euskal emakumezkoen artean. Ida Amelie Robsahm norvegiarra izan da laugarren (4.28.19) eta Maria Fuentes Alacantekoa bosgarren (4.33.10).
Alexanderssonek barruan zeukan guztia eman du, eta, helmugako zinta hautsi orduko, hautsi egin da bera ere, eta leher eginda lurrera erori. Onartu du agian besteek gehiago espero zutela beragandik, berak bere buruarengandik baino. «Badakit ez dela nahikoa irten eta korrika egitea; gauza askok atera behar dute ondo. Benetan gogorra izan da. Urrats bakoitza egiteko borrokatu behar izan dut, baina oso pozik nago neure burua nola sumatu dudan ikusita», azaldu du Alexanderssonek helmuga zeharkatu eta gutxira, artean hunkituta: «Esperientzia hau bizi behar nuen, eta izugarria izan da. Jendetza handia zegoen; zoramena zen. Gainera, baldintza guztiak kontuan hartuta —lokatza, eguraldia—, nabari zen lasterketaren bete-beteko aldi horietako bat zela hau. Uste dut inoizko Zegama-Aizkorri ederrenetako bat bizi izan dudala».
«Esperientzia hau bizi behar nuen, eta izugarria izan da. Jendetza handia zegoen; zoramena zen»
TOVE ALEXANDERSSON 2026ko Zegama-Aizkorri lasterketaren irabazlea
Malen Osak adierazi du «helmugara irribarrez iristea» zuela helburu, eta lortu duela. «Dena primeran atera da. Eguraldiak asko lagundu du, jendearen animoa ikusgarria izan da, eta oso ondo nabaritu dut neure burua helmugaraino. Hiru parte hartzetan, hiru podium; erraz esaten da, baina uste dut Sara eta biok lortzen ari garena nabarmentzekoa dela». Alexandersson Salomoneko taldekideari dagokionez, «orain beste maila batean» dagoela esan du, eta, aldi berean, emakumeen maila goraipatu nahi izan du, oro har: «Izugarri gustatzen zait emakumezkoen kirola hazten eta emakumeak halako lasterketetan nagusitzen ikustea».

Alonso ere gustura agertu da. Lasterketaren parte handi batean Alexanderssonen arrastoari eutsi dio, harik eta Osak aurreratu duen arte gailurrerian. «Banekien Tove harrapatzea ia ezinezkoa izango zela. Ondo atera naiz, baina, lurra hain lokaztuta egonda, banekien gaur sufritu beharra izango zela. Malenek aurrea hartu didanean, hari jarraitzen saiatu naiz, baina ez dakit zenbat aldiz erori naizen gailurreria inguruan, eta, azkenean, erabaki dut nire lasterketa egitea. Dena eman dut, eta, gainera, Zegama-Aizkorrin orain arte eginak nituen denboretan onena egin dut. Sekulakoa izan da hemen, etxean, korrika egitea, publiko honekin, energia honekin eta familiaren eta lagunen babesarekin. Azkenean, bultzaka aritzen den jende guztiari esker da Zegama-Aizkorri den bezalakoa», nabarmendu du korrikalari donostiarrak.
«Hiru parte hartzetan, hiru podium; erraz esaten da, baina uste dut Sara eta biok lortzen ari garena nabarmentzekoa dela»
MALEN OSA 2026ko Zegama-Aizkorriko bigarren sailkatua
Mutiletan Daniel Patis italiarra sailkatu da bigarren (3.45.27), irabazlearengandik 20 segundora. Ia ibilbide osoa elkarrekin egin dute Elazzauik eta biek, eta bazirudien esprintean jokatuko zela bukaera, baina marokoarrak erakustaldia egin du beheranzko azken kilometroetan, eta bakarrik helmugaratu da. Taylor Stack estatubatuarra (3.52.17) helmugaratu da hirugarren, azken kilometrotan Manuel Merillas espainiarrari (3.53.14) aurrea hartuta. Robert Pkemoi kenyarra sartu da bosgarren (3.53.28).

Kilian Jornet ez da espero bezala lehiatu; hain zuzen, Zegaman 11 aldiz gailendutako korrikalariak jakinarazi du gorantz ondo moldatu dela, baina zelaian eta beherantz minez ibili dela. Beraz, Aizkorriko gailurreriatik aurrera erabaki du «lasaiago hartzea, zaleak agurtzea eta lasterketaz beste era batera gozatzea». 43. izan da Zegamako helmugan (4.19.23), zaleen txalo zaparraden artean.
Elazzauik esan du «lasterketa oso zaila» izan dela. «Burua hotz edukita korrika egiten saiatu naiz. Ez nuen hasieratik kontrolik gabe atera nahi. Uste dut aldea buruan dagoela; izan ere, azkarregi ateratzen bazara, eta bereziki baldintza hauetan, lasterketa oso gogorra egiten da. Oso kontzentratuta egon naiz, eta azken kilometroetan bakarrik joaten saiatu. Zegama-Aizkorri berriro irabaztea historikoa da niretzat», nabarmendu du.
Gizonezkoetan, lehen euskal herritarra Aitor Ajuria (Leintz-Gatzaga, 1998) izan da. Lasterketa ikaragarria egin du Ajuriak, eta lau ordu baino gutxiagoan helmugaratzea lortu (3.57.56). Orain arte hiru euskal korrikalari ziren lasterketa lau ordu baino gutxiagoan osatutakoak: Aritz Egeak hirutan lortu zuen, 2017an (3.55.41), 2024an (3.58.49) eta 2015ean (3.59.27); Julen Larruzeak 2017an (3.56.49), eta Jokin Lizeagak 2014an (3.59.11). Aitor Ajuriak, beraz, euskal korrikalarien orain arteko denbora onenetan hirugarrena egin du aurten (3.57.56).
Sailkapen guztiak, esteka honetan.
Nuria Calzada eta Gerard Lopez txapeldun XV. Zegama-Aizkorri Junior Trailen
Maratoiaren aurretik, 10:30ean, Zegama-Aizkorri Junior Trailaren XV. aldia jokatu dute. Denera 10,4 kilometroko ibilbideari eta 1.016 metroko desnibel metatuari aurre egin behar izan diete gazteek. Nuria Calzada eta Gerard Lopez nagusitu dira proban, 57.45eko eta 44.44ko denbora eginda, hurrenez hurren. Nesketan, Carla Valldeoriola izan da bigarren (58.32), eta Ana Roca hirugarren (59.58); mutiletan, Azeddine Elhami zegamarra helmugaratu da bigarren (45.12), eta Ekain Fernandez hirugarren (45:25).
Sailkapenak
Neskak
- 1. Tove Alexandersson. 4.08.09
- 2. Malen Osa. 4.23.56
- 3. Sara Alonso. 4.25.51
- 4. Ida Amelie Robsahm. 4.28.19
- 5. Maria Fuentes. 4.33.10
Mutilak
- 1. Elhusine Elazzaui. 3.45.07
- 2. Daniel Patis. 3.45.27
- 3. Taylor Stack. 3.52.17
- 4. Manuel Merillas. 3.53.14
- 5. Robert Pkemoi. 3.53.28