Tolo Calafat mendizalea (Balearrak, Herrialde Katalanak, 1970) hil egin da. Hala ziurtatu du Juanito Oiartzabal mendizale gasteiztar eta Calafaten espediziokideak. Oiartzabalek agertu du walkie-talkie, irrati zein satelite bidezko telefonarekin zituzten komunikazioei erantzuteari utzi diola Calafatek, eta horrek frogatzen duela hil egin dela. Oiartzabalek eta beste espediziokideek eman diote heriotzaren berri familiari.
Gaur goizean bertan helikopteroarekin egin dute mendizale kataluniarra aurkitzeko ahalegin bat, baina, besteak beste, eguraldi txarraren eraginez, ez dute lortu. Hala ere, gorpua jasotzeko asmoa ez dute bertan behera utzi -familiak hilotza jaistea nahi du- eta ahalegina egiten jarraituko dutela adierazi dio Eferi Sabyn Basniat helikopteroaren gidariak. Oinarrizko kanpamendutik sherpa bat ere abiatu zen atzo Calafaten bila larrialdiko botika eta elikagaiekin, baina hark ere ez du aurkitu.
Herenegun Juanito Oiartzabal eta Carlos Paunerrekin batera Annapurnako gailurra zapaldu zuen Calafatek. Beheranzkoak, ordea, ondoezik sentitu zen 7.500 metroko altueran, eta laguntza eskatu eta han geratzea erabaki zuen. Haren kideen arabera, litekeena zen Calafatek buruko edema izatea. Lehendabizi sherpa bat geratu zen mendizale kataluniarrari laguntzen, baina egoera larritzen ari zela ikusita, hark ere behera egitea laguntza eskatzea erabaki zuen. Esan bezala, atzo beste sherpa bat abiatu zen larrialdiko botikekin oinarrizko kanpalekutik. Oiartzabal eta Pauner, berriz, 6.900 metroko altueran geratu ziren Calafaten salbamenduan zer gerta, lagundu nahian, gaur goizean helikopteroz oinarrizko kanpamendura jaitsi dituzten arte. Bi gau egoera horretan igarota, izozte arazoak ditu Oiartzabalek eta ikusmenekoak Paunerrek.
Calafaten familia guztiz atsekabetuta agertu da heriotzaren albistearekin, atzo iluntzean emaztearekin mintzatu baitzen mendizalea satelite bidezko telefonoz, eta horrek itxaropena sortu baitzien. Emazteak ahul baina lasai sentitu bide zuen Calafat."Esperantza genuen eguraldi onarekin helikopteroak gaur modua izango zuela Tolo handik ateratzeko, baina gaur goizean albiste txarra eman digute eta oraindik ez dugu irentsi", agertu du Pere Joan March familiaren izenean mintzatu den adiskideak. Telekomunikazio teknikaria zen hildako mendizalea eta bi semeren aita.
Calafatek eta espediziokideek Annapurnako gailurra zapaldu zuten egun berean lortu zuen mendi hori igotzea Oh Eun-sun korearrak, eta, ondorioz, 14 zortzimilakoak iritsitako aurreneko emakume bihurtu zen.Hain justu, Ohren eta haren espdiziokideen "elkartasun eza" salatu du Juanito Oiartzabalek, azaldu duenez, sherpa bakoitzari 6.000 euro eskaini arren uko egin ziotelako ondoezik zegoen mendizalearen salbamenduan parte hartzeari.
Iñaki Otxoa Oltza mendizale nafarra orain bi urte hil zen Annapurnan, egoera bertsua bizi izan eta gero.
Mendia
Tolo Calafat hil egin da
Herenegun Annapurnako gailurra iritsi zuen, Juanito Oiartzabalekin eta Carlos Paunerrekin batera, baina beherazko bidea hasterakoan buruko edemarekin larri jarri zen 7.500 metroko altueran. Sherpen eta helikopteroaren laguntzaz hura aurkitzeko ahalegina egin dute, baina alferrik izan da. Oiartzabal eta Pauner helikopteroz jaitsi dituzte oinarrizko kanpalekura, izozte eta ikusmen arazoekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu