Igandean argi geratu zen, beste behin, Euskotren ligan lehia estua izaten ari dela, eta, horrelakoetan, garesti ordaindu ohi dira ontzi bakoitzean egiten diren akatsak. Castro-Urdialesen (Espainia) jokatu zen estropada, eta Euskotren ligako ohorezko txandako traineruak helmugara heltzen ari zirela, Arraun Lagunak-ek Tolosaldearen kalea hartu zuen. Hiru segundoren zigorra jarri zioten Juan Mari Etxabek zuzentzen duen taldeari, baina Tolosaldeak estropada inpugnatu du, enbarazu egin ziola iritzita.
Lau ontzi lehiatu ziren ohorezko txandan: Arraun Lagunak lehen kalean, Tolosaldea bigarrenean, Hibaika hirugarrenean eta Orio laugarrenean. Joaneko luzean Arraun Lagunak izan zen azkarrena. Etxaberen taldeak, ordea, ziaboga zabalegi eman zuen, eta Oriok abagunea baliatu zuen aurrea hartzeko. Donostiarrei hortxe egin zien ihes estropadak.
Halere, ezustekoa ez zen ziaboga izan, estropada amaiera baizik. Korronteak-eta baliatzeko, Arraun Lagunak-ek erabaki zuen Tolosaldearen kale aldera egitea, estropada amaitzeko 800 bat metro falta zirenean. Ez beti, baina zenbaitetan onartuta izan ohi dute haiei egokitutakoa ez den beste kale batetik helmugaratzea. Atzoko estropadan zilegi zen. Horra arte, ondo.
Kontua da, Arraun Lagunak-ek Tolosaldeako ontziaren kalea hartu zuenean, gertuegi zegoela Tolosaldea —hiruzpalau segundoren aldea zuten haien artean—, eta epaileak baztertzeko hainbat abisu eman zizkiola Joana Halzuet donostiarren patroiari bozgorailutik, bandera zuria jasota. Ordurako, Nerea Perez Tolosaldeko patroia kexu zen, eta hainbatetan altxatu zuen besoa.
Halzuetek ontzia lekuz mugitu ez zuenez, uretako epaileak bandera horia altxatu zuen, estropada amaitzeko 150 bat metro falta zirenean: hiru segundoren zigorra jaso zuen Lugañene ontziak. Tolosaldeari, baina, ez zaio zigor nahikoa iruditu, eta estropada inpugnatu du.
Hain zuzen, Ramon Erostarbe Tolosaldeako ontziaren entrenatzaileak Radio Euskadin hitz egin zuen atzo, eta esan epaileek zigor «arinegia» ezarri zutela: «Ez dakit zergatik izan zen, agian Arraun Lagunak zelako beste ontzia, baina ez zituzten deskalifikatu, argi eta garbi ikusten bazen ere». Adierazi du hain zeudela gertu, ezinezkoa baitzen beraien kaletik segitzea: «Nereak [Perez, patroia] pare bat aldiz altxatu zuen eskua, eta ontzia zuzendu behar izan zuen». Argitu zuen ez direla ari Arraun Lagunak-en kontra, baina arduradunek erabakiak hartu behar dituztela, eta ez dezatela begiratu zein ari zen aurretik eta zein atzetik.
Ez dago argi epaileek noiz erabakiko duten inpugnazioa onartu ala ez. Onartzekotan, Arraun Lagunak-ek ez luke punturik eskuratuko igandeko estropadagatik, eta litekeena da puntu galera horrek kinka larrian uztea talde donostiarra liga irabazteko lehian.