Hasi da Tadej Pogacarren ikuskizuna. UAEkoak jada erakutsi du aurtengo Frantziako Tourrean ere txirrindulari indartsuena dela, etapa irabazteko beharrik gabe, gainera: azken metroetan aurkariak zaindu ditu, eta garaipena oparitu dio Isaac del Toro taldekideari. Lider handien modura.Â
Bartzelonan amaitu da Tourreko bigarren etapa, Montjuicen. Pelotoiak helmugarako 40 kilometro inguru falta zirenean harrapatu du eguneko ihesaldia, hiru itzuli eman dizkioten Montjuiceko zirkuituan sartu aurretik. Une horretan Brandon McNultyk (UAE) hartu du tropelaren gidaritza, eta atzean geratzen hasi dira gaur zereginik ez zuten txirrindulariak.
Aurrean kokatu dira faborito nagusiak: Vingegaard liderra, Pogacar, Evenepoel, Seixas, Lipowitz, Van der Poel... eta azken itzulira arte gidatu du taldea McNultyk. Montjuiceko Gazteluko aldapei azken aldiz ekin diotenean, Tiesj Benootek hartu du aurrea, baina ez da mugimendu handirik izan faboritoen artean. Erritmo bizia bai, baina erasorik ez.Â
Yates, Johannessen, Carapaz, Skjelmose... izan dira eraso ahaleginak geroago, baina azken ahalegin horri erantzunez aurrea hartu duena Del Toro izan da. Mexikarra buruan heldu da azken kilometrora, eta atzera begiratu gabe estutu du amaierara arte.Â
Garaipena oparitzen
Txirrindulari bakarrak eutsi dio: Pogacarrek. Atzeraxeago ziren Evenepoel eta Vingegaard. Azken metroak ikusgarriak izan dira: Del Toro denak emanda, Evenepoel eta Vingegaard haren erritmoari eutsi ezinda eta, tartean, Pogacar bere taldekiaren aurkariei begira, haiek kontrolatzen eta garaipena Del Torori oparitzen. Hori guztia, bigarren etapan.
Itxura bikaina du aurtengo Tourrak, ikusteko dago zer gertatuko den, baina gauza bat da ziurra: Pogacar da aurten ere gainditu beharreko txirrindularia. Aurkariei kostako zaie esloveniarrari aurre egitea.