Tadej Pogacarrentzat (UAE) ohiko bihurtzen hasi da klasikoetan erasoa helmugatik urruti jota irabaztea, eta halaxe irabazi du gaur ere Toscanan (Italia), Strade Bianchean. Denboraldi honetako lehen lasterketa zuen esloveniarrak, eta aurrekoa amaitu zuen moduan hasi du: txapela jantzita. 80 kilometro falta zirela jo du erasoa, eta handik gutxira minututik gorako tartea lortu du onenen taldearekiko. Pogacarrek laugarren aldiz irabazi du Strade Bianche klasikoa, odolik isuri gabe aurten, eta klasiko hori maizen irabazi duen txirrindularia bihurtu da, Fabian Cancellara suitzarra gaindituta. Esloveniarrak bere ibilbide profesionaleko 109. garaipena eskuratu du Sienan (Italia), eta Paul Seixasek (Decathlon) eta Isaac del Torok (UAE) osatu dute podiuma. Pello Bilbao izan da euskal txirrindularirik onena, 18. helmugaratu baita, zazpi minutura.
Oilar gutxi batzuk falta ziren arren, iazko denboraldiaz geroztik ikusi gabeko parte hartzea izan du gaur tropel profesionalak. Bost monumentuen artean ez badago ere, klasiko garrantzitsuenetariko bat da Strade Bianche lasterketa, eta punta-puntako txirrindulariak izan dira bertan: Pogacar, Seixas, Del Toro, Wout Van Aert (Visma), Thomas Pidcock (Q36.5)... Baina Pogacarrek guztiak atzean utzi ditu helmugarako 80 kilometro falta zirela, eta bakarrik egin du bidea lasterketa osoa amaitu arte. Irabazi ostean, taldekideei eskerrak eman dizkie esloveniarrak, eta Seixasek egindako lasterketa goratu du.
Asfaltorik gabeko zati batean jo du erasoa munduko txapeldunak, eta inor ez da kapaza izan haren gurpilean joateko. Gainera, UAEk ondo jokatu du, Pogacarren atzeko taldean mantendu baitu Del Toro, azken urteko txirrindularirik onenetakoa. Hark ez die erreleborik eman ondoan zituen txirrindulariei, eta horrek indar gutxiago xahutzen lagundu dio.
Pogacarrek tartea handitzen jarraitu du gutxinaka, eta atzean zeuden taldeak batu egin dira, baina inork ez du esloveniarra harrapatzeko moduko esfortzurik egin. Toscanako igoeratxoak banan-banan igo ditu Pogacarrek, bakarrik, bertan zeuden zaleen gozamenerako, eta Le Tolfe igoera pasatzerako ia bi minutuko aldea zuen tropelarekiko. Paul Lapeirak (Decathlon) eta Pidcockek erritmoa bizitzeko saiakerak egin dituzte, baina ez dute lortu.
Estutua atzetik
Igoeratxoetako baten jaitsieran tropela bitan zatitu da, eta aurrean geratu dira Jan Christen (UAE), Matteo Jorgenson, Del Toro, Seixas, Romain Gregoire (FDJ), Pidcock eta Gianni Vermeersch (Red Bull). Van Aert atzeko taldean geratu da, beste taldetxotik berrogei segundo baino gehiagora; berriro argi geratu da urrun duela orain dela urte batzuk zuen maila. Egiari zor, joan den astean ez zuen Omloop klasikoan parte hartu gaixotu egin zelako.
Pogacarren atzetik zebilen taldetxoa esloveniarra estutzen aritu da azken kilometroetan, eta tartea minutu eta hamaseira murriztu dute. Horrenbestez, bazekien oraindik ia ordubetez esfortzu gogorra egin beharko zuela irabazi nahi bazuen. Hala ere, ez dira kapaz izan esloveniarra harrapatzeko, eta bigarren postua lortzeko borrokatu beste erremediorik ez dute izan.
Baina hemezortzi kilometro falta zirela, Seixasek taldetxoa banantzeko eraso erabakigarria jo du, Pinzuto gaina igotzen ari zirela, eta Del Torok haren gurpila hartu du. Beste bostak metro batzuetara geratu dira, eta, izerdi asko bota badute ere, ez dute lortu tartea ixtea. Bi kilometroan hamabost segundoko aldea lortu dute Seixasek eta Del Torok.
Frantsesaren eta mexikarraren ihesaldia emankorra izan zedin, Seixasek behin baino gehiagotan eskatu dio Del Torori erreleboa, eta azkenean mexikarrak eman dio baten bat, nahiz eta behar handirik ez izan, aurrean bere taldekidea baitzuen. Pogacarrekiko tartea berriro pixka bat murriztea lortu badute ere, ez da benetako arriskua izan esloveniarrarentzat.
Pogacarrek helmuga pasatu eta minutu batera iritsi da interesgarriena: bigarren postua eskuratzeko lehia. Del Torok dena zuen alde bigarren iristeko, azken kilometroetan Seixasen gurpilean joan baita, indarrak gordez, baina Pogacarrek egindakoaren pareko balentria eginda, frantziarrak atzean utzi du mexikarra, eta erakutsi du 19 urte izanagatik ere tropeleko txirrindulari onenetako bat dela.
Goia jo gabe
Izugarrizko denboraldiak egiten ari da Pogacar azken urteetan, baina urteak betetzen ari da esloveniarra. Hala ere, txirrindularitzarako gaztea da oraindik, 28 urte egingo baititu irailean, eta izan duen arrakasta goiztiarraren erakusle da batzuek dagoeneko historiako txirrindulari onentzat dutela. 2020an eta 2021ean Frantziako Tourra irabazi ostean, lasterketa hori bi aldiz galdu zuen hurrengo bi urteetan, eta hortik aurrera beste Pogacar bat ikusi da munduko errepideetan: sasoia are gehiago hobetu du, eta mota guztietako lasterketak irabazi ditu: klasikoak, monumentuak, hiru asteko itzuliak eta munduko eta Europako txapelketak.
2024. eta 2025. urteetako denboraldiak sinestezinak izan dira, eta aditu askok iradoki dute goia jotzear dela esloveniarra. Posible da, txirrindulariek sasoi onena izaten duten adinean sartua baita Pogacar, baina oraindik ez dago errendimendu beherakadaren zantzurik. Eta gaurko klasikoa horren adibide da, azken urteetan aritu den estiloan irabazi baitu Sienan: urrutitik erasoa joz eta bi ordu bizikletaren gainean bakarrik eginez.
Pogacarren nagusitasuna arriskuan jar dezaketen bakarrak, hain zuzen, gaur haren atzetik sartu diren biak dira: Seixas eta Del Toro. 19 urtekoa lehena, 22 urtekoa bigarrena, txirrindularitzaren munduko promesa (edo errealitate) berriak dira, eta Pogacarren estilokoak biak, mota ezberdinetako lasterketetan irabazteko ahalmena dutela demostratu baitute.