Aitor Totorikak salaketa jarriko dio Bainet ekoiztetxeari, besteak beste EPELen irudi eskubideak eta publizitatea kudeatzen dituen enpresari. Masterjaiko buruak publikoki adierazi duenez, Bainetek 480.000 euro zor dizkio zesta-punta enpresari. Enpresariaren esanetan, ekoiztetxeak duela sei urte sinaturiko publizitate kontratua hautsi du, eta horregatik joko du auzibideetara. Agerpenean, Baineten eta Asegarceren jabeen inguruko «zaborra» aurki aireratuko duela adierazi du, eta informazio horrek Fernando Bidarte Aspeko burua ere «zipriztinduko» duela.
Aitor Totorikak 480.000 euro eskatzen dizkio Baineti. Enpresariaren esanetan, duela lau urte Asegarce utzi aurretik berak akzioen %20 zuen, eta sei urterako publizitate kontratu baten truke saldu zituen. Bainetek, baina, iragan urrian kontratua amaitutzat eman zuen. Aurretik, Totorikak azaldu duenez, Masterjairekin zuen akordioaren balio ekonomikoa murrizten saiatu zen Bainet, zesta-punta partidak ETBn eman beharrean ETB Saten emanez, «gutxiago balio» zutelako, eta, gerora, kontratua «baldintza onartezinetan» luzatzen saiatu zen.
Pilotari multzoa gutxitu
Totorikak nabarmendu duenez, bost hilabete daramatza Bainetekin akordio batera iristen saiatzen, eta ekoiztetxeari arazoa konpondu nahi ez izatea leporatu dio. Zorra dela medio, enpresariak pilotari multzoa gutxitu behar izan duela adierazi du, eta hainbat jenderi ezin izan diola ordaindu. Era berean esku-huskako egitasmoa behin-behinekoz bertan behera gelditu dela azaldu du.
«Erreta» baitago, Totorikak Bainet eta EPELen inguruko «zabor asko» aireratuko duela aurreratu du. Besteak beste, Pedro Garcia, Iñaki Burrutxaga eta Karlos Argiñano Asegarceko eta Baineteko enpresariak izendatu ditu, eta Aspekoak ere «zipriztinduko» dituela. Totorikak «asko dakiela» ohartarazi du, eta bukaerara arte joko duela. Azalpenok emateko, «Madrilgo» hainbat hedabideren eskaintza jaso omen du.
Totorikak Baineti salaketa jarriko diola iragarri du, «kontratua ez betetzeagatik»
Ekoiztetxeak 480.000 euro zor dizkiola esan du, eta Enpresen Ligako «zabor asko» aireratuko duela aurreratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu