Groves garaile, esprintaren beharrik gabe

Australiarrak maisuki biribildu du Tourreko azken-aurreko etapako ihesaldia. Esprinterra izan arren, bikain aritu da igoeretan, eta urrunetik egin du eraso. Gauzak lasai izan dira faboritoen artean, eta Pogacar horiz jantziko da bihar Parisko podiumean.

Kaden Groves, Alpecineko txirrindularia, garaipena ospatzen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Kaden Groves, Alpecineko txirrindularia, garaipena ospatzen. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
enaut agirrebengoa
2025eko uztailaren 26a
16:58
Entzun 00:00:0000:00:00

Ezin da ezustekotzat jo Kaden Grovesek (Alpecin) itzuli handi bateko etapa bat irabaztea. Orain arte bederatzi zituen zakuan. Alabaina, gaur aurrenekoz gailendu da Frantziako Tourrean. Eta are deigarriagoa izan da modua: ez du esprintean irabazi, ihesean baizik, eta urrutitik eraso eginda. Aurpegia eman du igoeretan, hura baino aurkari arinagoz inguratuta. Eta zutik iraun du, euriaren ondorioz zorua oso irristakor zegoen arren. Eroriko bat izan da ihesaldia bereizi duen azken galbahea; bada, gainditu egin du Grovesek, helmugatik hamasei kilometrora eraso egin eta Pontarlierren bere ibilbideko garaipenik bereziena lortu aurretik. Bigarren Frank van den Broek (Picnic) izan da, eta hirugarren Pascal Eenkhoorn (Soudal).

Errepidea irristakor egonik, tentsio momentuak izan dituzte tropelean. Bestela, egun lasaia izan da sailkapen nagusiko ziklista gehienentzat. Jonas Vingegaardek (Visma) bizikleta aldatu behar izan du, baina fite itzuli da saldora. Tadej Pogacarrek (UAE), berriz, arazorik gabe eutsi dio maillot horiari. Bihar, Parisen, laugarrenez irabaziko du Tourra. Ohorezko postuetan aldaketa bakarra izan da gaur: Jordan Jegatek (Total) hamargarren postua kendu dio Ben O’Connorri (Jayco), ihesaldiaz baliatuta. Jegatek lau minutura zuen O’Connor, baina tropelak zazpi minutuko atzerapena izan du gaur.

Aurreko bi etapen aldean, ibilbide leunagoa izan du gaurkoak. Hala ere, ez da samurra izan: 3.500 metroko desnibelari egin diote aurre. Lau mendate puntuagarri eta aldapa ugari topatu dituzte Nantua eta Pontarlier artean. Azken aukera izan zitekeen ihesaldia helmugaraino eramateko, eta txirrindulari askok igo nahi izan dute trenera. Haatik, denentzat ez zegoen tokirik aurreko bagoian. Hamahiru txirrindulari nabarmendu dira kilometro askotako borrokaren ondoren. Alex Aranburu (Cofidis) beranduegi ahalegindu da, lasterketa buruko multzoa jada egonkortuta zela.

Aurrean sartu da Jegat, eta horrek ernegatu egin ditu beste iheslariak. Izan ere, bretoiaren apustuak Jaycoren erreakzioa eragin du tropelean, O’Connorren hamargarren postua defendatzeko asmoz. Bakarlanean jo eta ke aritu da Mauro Schmidt, eroriko eta guzti. Edonola ere, gora egin du aldeak, poliki izan bada ere: alde egindakoak bi minuturen aldearekin iritsi dira Thesyra, eguneko igoerarik gogorrenera. Multzoan ongietorria ez zenez, eraso egitea erabaki du Jegatek. Geratu egin da geroago, zuhurtzia hobetsita. Ausart jokatu du, ordea, Harry Sweenyk (Education First), eta bere kasa abiatu da.

Bilduma osatu du

Apustua ondo atera zaio hasieran Sweenyri, minutu baten aldearekin iritsi baita azken 40 kilometroetara. Ordea, itzali egin zaio itxaropena behin atzekoak oldartzen hasi direnean. Jorgensonek helmugatik 36 kilometrora piztu du sua, baina ez du ihes egiterik izan. Eta ez hori bakarrik: elkarri begira geratu dira Vismako txirrindularia eta Tim Wellens (UAE), eta atzean utzi dituzte beste iheslariek. Sweenyren ametsa etapako azken mendatean bukatu da, 26 kilometroren faltan. Aldapa baliatuz, erritmoa aldatu du Ivan Romeok, baina tinko erantzun diote aurkariek.

Ihesaldia oso xehatua zegoen ordurako, eta are gehiago aletu da bihurgune batean Romeo eta Romain Gregoire (Groupama) erori direnean. Hiru ziklista geratu dira lasterketa buruan: Groves, Frank van den Broek (Picnic) eta Jake Stewart (Israel). Australiarra helmugarako 16 kilometrora abiatu da garaipenerantz. Aurkariek helmugan ikusi dute hurrena. Jasper Philipsenen bideratzaile gisa hasi zuen Tourra Grovesek, eta, azkenean, modu dotorean eskuratu du klasiko itxurako etapa bat. Hiru itzuli handietan irabazi dutenen klubean sartu da gaur. Igotzailez mozorrotutako esprinter batek lortu du garaipena; bihar, ordea, azkarrenak jokoz kanpo gera daitezke esprinterren zelai klasikoan. Izan ere, baliteke Parisko azken etapak ezohiko amaiera izatea Montmartreko igoeraren ondorioz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.