Toussaint izar dela

Kim Toussaint
Kim Toussaint igerilaria, gaur Ordizian irabazteko hautagai nagusia. ROBERT GHEMENT / EFE
ainara arratibel gascon
2023ko abenduaren 29a
05:10
Entzun

Gaur jokatuko da Euskal Herrian tradizio handiena duten kirol probetako bat: Gabonetako Nazioarteko Igeriketa Txapelketa. Aurtengoa 41. aldia du. Txandaka-txandaka, Ordizian (Gipuzkoa) eta Donostian jokatzen da. Oraingo honetan, Ordizian izango da, eta goi mailako igerilariak bilduko dira Majori kiroldegian. Proba Europako Nazioen Ligako egutegiaren barruan dago. Parte hartuko duten igerilarien artean, Kira Toussaint da entzutetsuena. Herbehereetakoa da emakumezkoen proba irabazteko hautagai nagusia. Gizonezkoen proba irekiagoa izango dela uste da, baina espero izatekoa da bi argentinarren artean egongo dela lehia: Ulises Saraviaren eta Guido Buscagliaren artean.

Igerilariak lau modalitatetan lehiatuko dira, 50 eta 100 metroko distantzietan: tximeleta, bizkarra, bularra eta librea. Horrekin batera, 100 eta 200 metrokoetan estilo librean jardungo dute. 10:00etan hasiko dira lehiatzen, kanporaketekin. Streaming bidez ikusi ahal izango dira. Finalak, berriz, 18:00ak eta 20:00ak artean izango dira (ETB4).

Toussaint sasoi betean ailegatuko da gaurko txapelketara. Izan ere, orain aste batzuk, Europako Txapelketa irabazi zuen bizkar estiloan, 50 metroko proban. Hirugarren aldiz lortu zuen garaikurra. 100 metroko proban ere urrea kolkoratu zuen. 2020. urtetik hark du Europako errekorra 50 metroko distantzian: 25.60. Bi urtez munduko marka ere izan zuen, harik eta Margaret McNeil kanadarrak kendu zion arte. Garaipen zerrenda luzea du: urre bat, zilar bat eta lau brontze irabazi ditu Munduko Txapelketetan, eta hamabi urre, sei zilar eta lau brontze Europakoetan.

Hari itzal egiten saiatuko diren igerilarien artean daude: Lucia Gauna eta Guillermina Ruggiera argentinarrak, Aurora Velati italiarra eta Kim Jansen herrikidea. Euskal Herriko igerilariei dagokienez, berriz, Maider Redin eta Ainhoa eta Leire Martin ahizpak izango dira. Ainhoa Martinek proba irabazi zuen 2020. urtean, eta Euskadiko markak ditu bular estiloan, bai 100 eta 200 metroko distantzietan; Redinek, berriz, tximeletan, 50 eta 100 metroko distantzietan.

Lehia handiagoa espero da gizonezkoen proban. Saravia eta Buscagliarekin batera, Europoako igerilariak aipatu behar dira. Herbehereak, Italia eta Errumania dira gaur egun herrialderik indartsuenetakoak, eta hango igerilariak ere izango dira gaur Ordizian.

Horien artean, Lars Varhelle aipatu behar da. Herbehereetako markarik onenetan bigarrena du lau estiloetako 200 metrokoan. Ordizian ezaguna da Gabriele Brambillaschi. Italiako igerilaria podiumean izan zen 2021ean, lau estiloetako 100 metroko proba irabazi baitzuen. Berriz ere lehen hiruren artean egotea du erronka.

Ordiziako igeriketa txapelketa aitzindari izan da igerilari paralinpiarren parte hartzea sustatzen. Aldi honetan beste urrats bat egin du, eta kategoria horretan gailentzen direnek diru saria izango dute. IƱigo Llopis da irabazteko hautagai nagusia, 2021ean Tokion zilarrezko domina bat eskuratu ostean, jada sailkatuta dago datorren urte Parisko Paralinpiar Jokoetarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.