Traineru barrukoei begiratu

Kaikuk irabazi du Pasaian San Miguel ligako zazpigarren estropada, egundoko erakustaldia emanez eta alde handiak aterazOntzi berriarekin nagusitu da, ziabogak emateko ustez azkarragoa dela baliatuz

Kaikuko trainerua, ziaboga ematen, atzo, Pasai San Pedron jokatutako San Miguel ligako estropadan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Pasaiako portuan, arreta bereganatu zuen zerbait zegoen atzo. Begira zeuzkan arraun zale asko. Orain arte ikusi gabekoa zeukaten begien aurrean. Kaikuren traineru berria zen. Kolorea ere ezohikoa: beltza, betiko berdearen ordez. Ontziaren txopa ere berritzailea erabat, beste denen aldean zorrotzagoa. Uretan lehiatu zen gero traineru berria, eta ondo atzean laga zituen gainerako guztiak. Baina materiala ez da materiala besterik, eta ontziak mugiarazi egin behar dira. Arraunlarien lana da hori, eta atzo, Kaikuko hamalaukoak erakustaldia eman zuen Pasaiako badian.

Eremu berezian, bost ziaboga eman behar izan zituzten sei luzetan, eta berehala zabaldu zen kontu hau: traineru berriaren txopa berezia ziaboga azkarrago emateko dela. Hala bada, ezin egun egokiagoa aukeratu Kaikukoek estreinaldia egiteko. Azkar eman zuen buelta traineruak, baina hor bakarrik ez dira irabazten estropadak. Sei luzeetan arraunei gogor eman behar zaie, eta hor izan zen nagusi Kaiku. Halako eremuetan indarra da nagusi, ziabogetan gelditu eta gero, abiada berriz hartzeko. Faboritoa zen Sestaoko ontzia horregatik, kuadrilla indartsua duelako. Indartsuenetakoa. Atzo, Jose Luis Kortak aldaketa bakarra egin zuen denboraldiko banderak —San Miguel ligako biak eta Bizkaiko Txapelketa— irabazi dituen multzotik: Xabier Etxebesteren ordez Alex Udabe jarri zuen tostetan. Ontziaren mailak goian segitu zuen. Azken txandaren hasieran Urdaibai zertxobait azkarrago izan bazen ere, berehala hartu zion aurrea Kaikuk, eta, aldeak gero eta gehiago handituz, erakustaldia eman zuen. Atzetik sartu zitzaizkion Astillero, Urdaibai eta San Juan, txanda eta estropada irabazteko batere aukerarik gabe. Aurkari sendoegia eta onegia zeukaten aurretik.

Txanda horretako laurak sailkatu ziren lehen lau postuetan. Baina San Juan larri ibili zen bigarren txandako garailea gainditzeko, Hondarribiak ere lan aparta egin zuelako. Pedreñari zazpi segundo atera zizkion, Tirani hamar pasa, eta Zumaiari hamabost. Lehen txandako San Pedrok aurrea hartu zien Tirani eta Zumaiari, estropada handia egin eta gero, eta sailkapeneko azken-aurreko lekua Oriori utzi zion —azkena izan zen atzo—.

Ligako buru Urdaibaik segitzen du, baina puntu batera gerturatu zaio Kaiku. Astillero seira dauka, eta San Juan bederatzira. Atzealdean, Camargok hamazazpi ditu, Oriok hogeita hiru, San Pedrok hogeita zazpi eta Castrok hogeita zortzi. Gaur, zortzigarren estropada jokatuko dute, Portugaleten, launaka, eta ez erlojuaren aurka. (12:00).

Bihar, Euskadiko Txapelketa

Asteburu luze honetan, lana latz egin beharko dute arraunlariek. Izan ere, bihar Euskadiko Txapelketa jokatuko da Lekeition (18:00). Emakumezkoek emango diote hasiera, eta Getaria-Tolosari lehen postua kentzen lanak izango dituzte besteetan indartsuenak diren Zumaiak eta San Juanek.

Gero lehiatuko dira gizonezkoak, eta bigarren txandan egongo da txapelketa jokoan. Kaiku, Urdaibai, Hondarribia eta Zumaia izango dira aurrez aurre. Bizkaiko biak dira faboritoak. Aurretik,Federazio Saria jokatuko dute Oriok, Donostiarrak, Santurtzik eta Isuntzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.