Txandalez jantzitako espioiak

Aurkariak, balizko fitxaketak eta norbere jokalariak eta taldea aztertzen dituzten entrenatzaileek gero eta garrantzitsuagoak dira. Horretan dabiltza Andoni Azkargorta eta Mikel Etxarri: bata Eibarren, bestea Realean.

BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2015eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Entrenatzaile bat lehen edozein klubetara joaten zenean taldea zuzentzera, bakarrik edo laguntzailearekin bakarrik joaten zen denbora asko ez dela. Gero, prestatzaile fisikoak hasi ziren azaltzen, eta, ondoren edo batera, baita atezainen entrenatzaileak ere. Orain, ohikoa izaten da talde profesionaletan lauzpabost entrenatzaile aritzea entrenamenduko zelaian. Teknikarien taldea ugaritzeko aldi honetan, zelaian azaltzen ez diren beste batzuek ere osatzen dute entrenatzaile nagusiaren laguntzaile taldea. Aztertzaileak dira, analistak, scouting delakoa egiten dutenak.

Beraien lana, hitz gutxitan esanda, ondorengoa izaten da: aurkaria eta norbere taldea aztertzea, balizko fitxaketak izan daitezkeen jokalariak ikustea eta behatzea, eta norbere jokalarien lana ere xehetzea. Sekulako garrantzia hartzen ari dira azkenaldian klubetan, eta baliabide ekonomiko handia duten taldeetan, entrenatzaile multzoa izaten dute horretarako bakarrik lanean.

Lehen Mailako Euskal Herriko taldeek ere badituzte entrenatzaile berezitu horiek. BERRIAk hiru taldeetako entrenatzaileek esanak bildu nahi izan ditu, baina,Athleticeko teknikariek ez dutenez elkarrizketarik ematen, Antonio Karmona Athleticeko ordezkariarekin ezin izan du hitz egin. Realean, Mikel Etxarri (Lasarte-Oria, 1946) aritzen da lan horretan, beste batzuekin batera, eta Eibarren Andoni Azkargorta (Antzuola, Gipuzkoa, 1978) arduratzen da aurkarien eta Eibarren jokoa aztertzeaz.

Etxarri beteranoa da zeregin horietan, 1995etik dabilelako behar horietan. Azkargorta, berriz, berri-berria da, denboraldi honetan bertan hasi delako, Eibarrek horretarako propio fitxatu baitu. Biek bat egin dute aztertzaileen lanaren garrantzia azaltzean: «Sekulako garrantzia dauka gure lanak. Aurkariei buruzko informazioa erabiltzeak, esate baterako, asko laguntzen die jokalariei».

Esperientziaren talaiatik hasi da hizketan Etxarri, eta bereizi egin ditu aztertzaileak egin ditzakeen hiru lan: «Ez dira berdinak. Gauza bat da aurkaria talde gisaaztertzea; beste bat, jokalari bat ikustera joatea; eta beste bat, ezberdina, gurea den jokalari bat jokatzen ikustea beste talde batean utzita ari denean. Hiru txosten ezberdin eskatzen ditu kasu bakoitzak».

Zuzenean ikustea onena

Orain, David Moyes Realean denetik, Etxarri ez da arduratzen aurkariak aztertzeaz, jokalariak ikustera bakarrik mugatzen da. Baina ikusi ditu ehunka eta milaka talde eta partida, eta ondo baino hobeto daki nola aztertu behar den talde baten jokoa: «Nire lan egiteko eran, gauza bera egiten dut beti. Partida bat edo talde bat ikusi, eta berehala idazten dut ikusitakoaz, beste talde bat ikusi baino lehen; nahasteko arriskua izaten da bestela».

Aztertzaile lana egiteko baliabideak aldatu eta hobetu egin dira urteen joanean. Teknologia berriek indar handia hartu dute horretan ere, eta hori lagungarri zaiela onartu dute. Baina ondorengoan ere bat datoz Azkargorta eta Etxarri: «Ikusi behar duguna bertatik bertara ikustea baino aukera hoberik ez da». Horretarako, jakina, bidaiatu egin behar, eta ez gutxi, gainera. Etxarrik dioen bezala, «ia munduaren punta batetik bestera» ibilia da; Azkargortaren bidaiak ez dira hain luzeak izaten: «Gure hurrengo aurkariak aurretik Rayoren aurka jokatzen duenez, sarri joaten naiz Vallecas zelaira, eta bidaia ez da luzea izaten». Hori bai, Eibarrek etxetik at jokatzen duen partida guztietara joaten da Azkargorta: «Hala daukagu erabakita teknikarien taldean». Partida horietan ere aztertzaile lanak egiten ditu, baina ñabardura batekin: «Harmailetatik ikusten ditut partidak, eta lehen zatia amaitzean, aldageletara jaisten naiz, Gaizkarekin [Gaizka Garitano] hitz egiten dut ikusi dudanaz bost bat minutuz, eta, ondoren, hark ematen die informazioa jokalariei. Ñabardura da gure taldea ere jokatzen ikusten dudala, eta guk egindakoari buruzko informazioa ere ematen dudala».

Gauza bera egiten du astero, baina Ipuruako bere bulegoan: «Jokatutako gure azkeneko partida aztertzen dut, eta bideoa prestatzen dut, Gaizkari emateko». Aste osoan beste bideo bat osatzeko zeregina ere badauka: «Hurrengo aurkariari buruzkoa izaten da, eta hori ere Gaizkari ematen diot, berak aztertu eta ondoren jokalariei azalpenak emateko».

Zuzenean ikusteaz gain, bideoak eta grabazioak erabiltzeko aukera ere badute, eta askotan oinarritzen dira horretan. Azkargortak datu potoloa eman du horren inguruan:«Nik astebete lehenago ibili behar dut beti. Hau da, larunbat honetan Getaferen aurka jokatzen dugunez, aurreko astean eman nion Getaferi buruzko lana Gaizkari. Orain, asteon, Kordobarekin nabil, hurrengo asteko aurkariarekin, eta Kordobaren zazpi bat partida ikusiko ditut aste honetan».

Ikusi, berriz ikusi zenbait kasutan, oharrak hartu, idatzi, eta azkenik, bideoa editatu. Material horrekin gero zer egiten den entrenatzaile bakoitzak erabakitzen du. Etxarrik Realean orain zertan dabiltzan azaldu du: «Moyesek analista edo aztertzaile bat fitxatu zuen etorri berritan, eta berarekin egiten du lan, Alberto Iturralderekin batera. Lehen, Jagobarekin [Jagoba Arrasate], bilerak egiten genituen, guk azaltzen genion guk aztertua, eta berak hortik ere ateratzen zuen informazioa jokalariei emateko».

Lan hori guztia egiteko nagusi bat izaten dute gainetik aztertzaileek: lehen taldeko entrenatzailea. Berak egiten du aztertzaileen koordinazioa eta lanak ere berak banatzen dizkie. Eibarren kasuan eta Realarenean ere berdin, kirol zuzendariek ere zeresana izaten dute koordinazio horretan. Azkargortak azaldu du nola egiten duten lan hori guztia: «Fran Garagarza kirol zuzendariak eta Gaizkak antolatzen dute zer ikusi behar dudan, eta beraiek esaten didate zer egin».

Behin informazio osoa bilduta, aztertzaileak bere lanean segitu behar du. Joango da edota ikusiko ditu beste talde batzuk eta beste jokalari batzuk. Berak emandako informazioa entrenatzailearen esku dago, eta hori dena jokalariei nola helarazi teknikari nagusiaren ardura izaten da. Etxarrik ondorengo gogoeta egin du: «Tentuz ibili behar da jokalariei informazioa ematean. Batek akats larri bat egin eta horregatik galdu bada partida, komeni da informazio hori berari bakarka ematea, eta ez talde osoaren aurrean, errudun bakar ez dadin sentitu».

Zenbait kasutan, jokalaria bera ere arduratzen da bere jokoaren bilakaeraz, eta badira bere lana beren kontura aztertzen dutenak ere. Eibarren halakoak badirela kontatu du Azkargortak: «Gurean badaude jokalari batzuk bideoak eskatzen dizkigutenak, etxean ikusteko beraien lana nolakoa izan den». Kasu horietan, bideo nagusitik, tarte batzuk atera behar izaten ditu Azkargortak, jokalari horri dagozkionak.

Etxarrik gogora ekarri du badirela talde batzuk jokalari bakoitzari bideoak egiten dizkietenak: «Oker ez banago, Athleticen hala egiten zuten Joaquin Caparros entrenatzaile izan zen garaian. Lan egiteko beste era bat da hori, informazioa jokalariei emateko beste modu bat».

«Jokalari onik gabe...»

Hain da handia aztertzaileen lanak hartu duen indarra, gaur egun ez baita talderik halakorik ez daukanik. Loraldi izugarria izaten ari da lan hau, eta aparteko garrantzia ematen zaie taldeetan. Aurkaria aztertzeko lanari dagokionez, esaterako, hari buruzko zenbat eta informazio gehiago eduki, orduan eta hobeto. «Helduleku eta oinarri ona da partidak prestatzeko, hor ez da dudarik. Eibarren xehetasun guztiak xehe-xehe aztertzen ditu Gaizkak, eta garrantzi handia ematen dio aztertzaileen lanari», azaldu du Azkargortak. Aztertzaileen lanak izaten duen bideaz edota transferentziaz, berriz, kritiko samarra da Etxarri: «Ondo dago gauzak xehetasunez aztertzea, eta hala egin behar da gainera, baina batzuetan pentsatzen dut zertarako egiten dugun hainbeste lan, gero zelaian ikusten diren okerrak ikusten badira. Guk bildutako informazioarekin zer egiten den eta nola erabiltzen den oso tentuz zaindu beharrekoa dela uste dut. Hori jakina, entrenatzaile bakoitzaren esku dago gero, baina landu egin beharko lirateke jokalari batek egiten dituen akatsak, eta are gehiago, akats bera askotan egiten duenean».

Jokalariak azaldu dira. Futbola jokalariena da azken batean. Hala dio, behintzat, kirol honen bueltan erabiltzen den betiko esaldi batek. Horri heldu dio Azkargortak aztertzaileen lana azaltzeko orduan: «Egia da guk egingo ditugula mila eta bat txosten, baina, azkenean, jokalariak eta entrenatzailea onak ez badira, garbi dago gure txostenek ez dituztela partidak irabaziko». Arrazoi handia bota du, eta beste bat ere gehitu du: «Oinarrizkoak jokalariak eta entrenatzaileak dira, hor ez daukat dudarik, eta gu laguntzeko gaude, beraien lana osatzeko». Eibarren kasuan, behintzat, agerikoa da aurkariak ondo aztertuta izaten dituztela, baina Azkargortak neurria jarri die loreei: «Gure moduko talde apal batean halako lanak ez baditugu ondo egiten, ez ginateke urrutira joango».

Lehen, errazagoa zen lana

Futbola aldatuz doa urteen poderioz, eta jokatzeko erak ere bilakaera izaten ari dira. Lehen, txikiagoa zen jokatzeko moduen kopurua, eta makalago ere jokatzen zen erritmoz. Orain, azkar dabiltza jokalariak, jokoa biziagoa da, eta jokatzeko erak ere ugaritu egin dira. Horrek guztiak ere emanarazi dio garrantzia aztertzaileen lanari. Hala dio Azkargortak: «Zenbat eta gauza gehiago jakin aurkariari buruz, orduan eta hobeto. Futbola aldakorra da, eta aldaketa horien gainean egon behar da une oro. Eta jakina, gure jokalariei segurtasuna ematen die aurkariek egin dezakeena ezagutzeak. Baliteke lehen informazio gutxi nahikoa izatea, baina orain ez. Zenbat eta gehiago jakin, orduan eta hobeto».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.