Europako Ligan jasotako kolpeari Alavesen kontura eman dio buelta Athleticek. Zuri-gorriek irabazi dute gol aukera eta joko gutxi izan dituen derbia, Manu Sanchezek bere atean sartutako gol bati esker. Hiru puntuak poltsikoan dituztela, zuri-gorriek gertu dute Txapeldunen Liga; babazorroek, berriz, galdu egin dutenez, nahi baino gertuago dituzte jaitsiera postuak.
Denboraldi amaieran agerian geratzen dira beharrak, joko polita alde batera uzten dute taldeek, eta horren adibide izan da gaurko lehia. Alaves ez da eroso ibili nahas-mahas horretan, eta Athleticek aukera baliatu du Vila-realekiko hiru puntuko tartea zabaltzeko.
Neurketa bigarren zatian erabaki da, Oihan Sancet berdegunera sartu denean. San Mameseko zaleek bazuten gogoa nafarra ikusteko, eta hark erakutsi du zergatik. Sartu bezain pronto eraldatu du taldearen erasoko jokoa, eta bere jokaldi batean iritsi da gola: Guruzetari pasatu dio baloia, aurrelariak gaizki jo du, Diarrak ere ez du asmatu aldentzen, eta Manu Sanchezek, ezustean, baloia sarean sartu du. Ahul ibili da Alavesen defentsa.
Etenaldi askoko partida izan da, kontaktu askokoa, eta, golaren ostean, Alavesek ez dio kasik lanik eman Unai Simoni. Leganesek irabazi egin du, eta arabarrek puntu bakarrera dituzte jaitsiera postuak. Hiru partida geratzen zaizkie liga amaitzeko.