«Ez dut ikusten gu baino faboritoagoa den beste inor». Luis Enriquek egin zuen aitormen hori, Paris Saint-Germaineko entrenatzaileak. Urtarril amaiera zen, eta Frantziako taldea Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako zuzenean sailkatu ezinik geratu berri zen. Pattal ari zen PSG, eta, horregatik, batek baino gehiagok harrokeriatzat jo zuen entrenatzaile espainiarrak esandakoa. Baina zuzen zebilen Luis Enrique, eta, lau hilabete geroago, PSG Europako klub onena da berriro. Berriro, bai, bigarrenez jarraian irabazi baitu Txapeldunen Liga. Sufritu egin du hori lortzeko, penalti jaurtiketetan nagusitu baitzaio gaur Arsenali finalean, Budapesten, Puskas Arena estadioan. Bana berdindu dute arauzko denboran. 2018tik inor ez zen gai izan bi urtez jarraian txapeldun izateko. PSGk eten du bolada hori.
Arsenalen bizkar egin du. Ingalaterrako taldeak kale egin du berriro Txapeldunen Liga irabazteko helburuan. Haren palmaresean falta zaion garaikurrik handiena da. Mikel Artetak entrenatutako taldeak denboraldi bikaina egin du, 22 urteren ostean irabazi baitu Ingalaterrako liga nagusia. Baina ezin izan dio errematea eman Txapeldunen Liga lehen aldiz bereganatuta. Patu gogorra: hogei urte dira finala jokatu zutela, orduko hartan ere aurrea hartu zuten markagailuan, baina Bartzelonak 2-1 irabazi zuen 2006ko finala. PSGk, halaber, eten egin du Ingalaterrako taldeek denboraldi honetan Europako lehiaketetan zeramaten bolada bikaina, Aston Villak eta Crystal Palacek Europa eta Konferentzia liga irabazia baitzuten, hurrenez hurren. Euskal futbolari dagokionez, Artetak ezin izan du beste mugarri hau ezarri: Txapeldunen Liga irabazi duen lehen euskal entrenatzailea izatea. Esku hutsik geratu da, baita Arsenalen jokatzen duten hiru euskal jokalariak ere: Kepa Arrizabalaga, Martin Zubimendi eta Mikel Merino.
Bikain amaitu da finala PSGrentzat. Hasi, ordea, gaizki hasi da, hasi eta berehala sartu baitio gola Arsenalek. Bosgarren minutuan, Marquinhos baloia urruntzen saiatu da zelai erdian, baina baloiak Trossard jo du, eta Havertzek hartu du errebotea. Hura ziztu bizian joan da ezker hegaletik Arsenalen arearantz, eta iritsi denean jaurtiketa bikaina egin du, eta baloia sareetara bidali.
Gol horrek talde bakoitzak finalerako zuen asmoa indartu besterik ez du egin: PSG are eta presio itogarriagoa egiten hasi da, baloia berehala lapurtu eta ziztu bizian Arsenalen arearantz abiatzeko; Arsenalek, aldiz, pauso bat eman du atzera, eta defentsan gotortu da, beste kontraeraso batean min egiteko asmoz.
Baloia, PSGk
Ingelesek gutxigatik ez dute lortu helburua lehen zatia amaitu aurretik. PSG baloiaren jabe egin da erabat, eta gogotik estutu du, baina ez da gai izan aukera garbirik sortzeko. Arsenalek, berriz, bi aukera garbi izan ditu. Protagonista bera izan da bietan, lehen goleko berbera, Havertz, baina bi aukera horietan ez du asmatu.
Etenak ezer gutxi eten du: PSGk ekin eta ekin jarraitu du, baina ez da gai izan Arsenalen horma puskatzeko. 63. minutuan, ordea, Kvaratskheliak pitzadura bat eragin dio ingelesen defentsari, ezkerretik areara sartuta. Mosquerak penaltia egin dio, eta Dembelek ez du huts egin. 65. minutua zen, eta partida berriro hasten zen. Hori bai, PSGk sekulako bultzada jaso berri zuen, eta Arsenalek, aldiz, kolpe latza.
Kvaratskheliak izua eragiten zuen Arsenalen areara gerturatzen zen aldiro, eta 76. minutuan, haren jaurtiketak zutoina jo du. 88. minutuan, berriz, Vitinhak gutxigatik bota du baloia ate gainetik. PSG ari zen arrisku gehien sortzen, eta Barcolak bere oinetan izan du luzapena ez jokatzea, baina ez du asmatu Rayaren aurrean.
Ezer gutxi gertatu da luzapenaren lehen erdian. PSGk izan du baloia une oro, baina ez da gai izan nagusitasun horri etekina ateratzeko. Aipagarriena izan da lehen zatian, Nuno Mendesek Madueke zangotrabatu duela area barruan, eta Arsenaleko kide guztiek penaltia eskatu dutela. Baina epaileak ez du ezer adierazi, eta ez diote esan jokaldia telebistan ikusteko. Emozio handiagoa eta aukera gehiago egon dira bigarren zatian. Baina ez PSGk, ez Arsenalek ez dute golik sartu.Â
Hamar urteren ostean, penalti jaurtiketetan erabaki da Txapeldunen Ligako irabazlea. Eta 11 metroetatik PSGko jokalariak aritu dira ondoen: 4-3. Gabrielek huts egin du azken penaltia.  Â
PARIS SAINT-GERMAIN-ARSENAL
Paris Saint-Germain. Safonov; Hakimi, Marquinhos (Beraldo, 106. min), Pacho, Nuno Mendes; Fabian (Zaire-Emery, 95. min), Vitinha (Zabarnyi, 106. min), Joao Neves; Doue, Dembele (Ramos, 90. min) eta Kvaratskhelia (Barcola, 83. min).
Arsenal. Raya; Mosquera (Timber, 66. min), Saliba, Gabriel Magalhaes, Hincapie; Rice, Lewis-Skelly (Zubimendi, 91. min); Trossard (Martinelli, 83. min), Odegaard (Gyokeres, 66. min), Saka (Madueke, 83. min.); eta Havertz (Eze, 91. min).
Golak. 0-1. Havertzek (5. min). 1-1. Dembelek, penaltiz (65. min).