BERRIA Txapelketak baditu irabazleak: Aldabe eta Apezetxea nafarrek jantzi dituzte txapelak lehen edizioan, alerik galdu gabe. Finalean menderatu egin zituzten atzo Loitegi eta Zaldua (35-29), Galarretan. Hasiera berdindua izan eta gero, ospa egin zuten gorriek gero, eta 14-6 aurreratu. Berdinduz joan zen gero finala, eta 18na jarri ziren. Urdinek aurrea hartzea ere lortu zuten (22-23), baina azken txanpan, gorriak nagusi, 13-6ko partzialarekin.
Giro polita izan zen Hernaniko pilotalekuan. Bigarren partida izan zen finalekoa, eta zaleek bero hartu zituzten lau finalistak aurkezpenean. Partida hasi zenean, oraindik jokoan zen Euskal Herriko Itzuliko etapa, eta hainbat ikuslek pilotalekuko eserlekua utzi zuten, telebistaz txirrindulariak ikusteko. Horien jarduna bukatzean, atzera ere eserlekuetara itzuli ziren, finalari so egitera.
Ikusi zutena izan zen partida osoagoa egin zutela garaileek. Aldaberi bizi ateratzen zitzaion pilota otarretik, lekuak ondo hartzen zituen, aurrera egin behar zuenean aurrera eginez, eta Apezetxea atzelariari lagundu behar zionean, atzeragotik joz pilota. Tanto asko egin zituen aurrelariak, eta babes eraginkorra eman zion atzelariak, pilota gutxitan egin baitzuen kale.
Urdinen aldetik ikusleek ikusi zutena ia kontrakoa izan zen. Ezin asmatuta bezala aritu ziren Loitegi eta Zaldua. Neurri handi batean aurkariek partida ia biribila jokatu zutelako. Finalaren bilakaera ere kontra jarri zitzaien, atzetik joatearen eraginez presaka bezala jokatu behar izan zutelako. Lortu zuten berdintzea 23na, eta aurretik jartzea ere bai. Baina ez zen haien eguna. Azkeneko takatekoan, txapela gorrien buruetara eraman zuen horretan, erabakigarria izan zen Apezetxearen estrategia aldaketa sakean: zabaletik hasi zen ateratzen. Tantoz tanto txapelera gerturatuzjoan ziren azkeneko txanpa horretan, eta buruan zituztela sartu ziren aldageletara.
Apezetxea, galdu gabe
Sariak jasotzera pasillo batetik joan ziren lau finalistak. Hirugarren partidako pilotariek altxatu zizkieten otarrak: Ansa II.ak, Barrenetxeak, Urrizak eta Larrañagak. Zaleen txalo artean egin zuten bidea, eta han zuten zain kantxaren erdian podiuma. Bi koska eta Martxelo Otamendi zain, BERRIA egunkariko zuzendaria. Hark banatu zizkien kopak galtzaileei lehendabizi, eta beste horrenbeste egin zuen irabazleekin, biei txapel bana eman aurretik.
Aldabe pozik zen aldageletan. «Final gogorra izan da, baina ondo aritu gara Apezetxea eta biok. Debutaria izateko, final handia jokatu du» [laugarren partida zuen profesionaletan, eta laurak irabazi ditu]. Galtzaileen artean, Loitegik onartu egin zuen galdu izana: «Hobeto jokatu dute, eta gu atzetik ibili gara beti. Aurretik jarri bagara ere, Apezetxearen sakeak min egin digu».
Txapelketa biribildu dute
BERRIA Txapelketako finalean, Aldabe-Apezetxeak 35-29 irabazi diete Loitegi-Zalduari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu