Txapelketa biribildu nahi dute pilotariek

Euskal Herritik Mundura pilota txapelketako finalak jokatuko dituzte bihar eta etzi. Balorazio positiboa egin du federazioak, euskal selekzioa jende guztiarengana heldu delako.

Pilota federazioko kideak eta pilotariak gaur Zumarragan egindako aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
Pilota federazioko kideak eta pilotariak gaur Zumarragan egindako aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU
jon eskudero
2026ko ekainaren 4a
15:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabeteko jardunaren ondoren, asteburu honetan erabakiko da nor diren Euskal Herritik Mundura Ampo pilota txapelketako irabazleak. Datorren urriaren 15etik 25era bitarte Argentinan eta Uruguain jokatuko den Munduko Pilota Txapelketa jomugan izaki, prestakuntza torneoa martxan du Euskadiko Euskal Pilota Federazioak, eta bihar eta etzi izango dira finalak. Gaur aurkeztu dituzte finalak Zumarragan (Gipuzkoa). Ohiko gorabehera batzuk aparte utzirik, arrakastatsua izan da orain arte lehen ekitaldia, kantxa barruan goi mailako kirolariak ari direlako lehiatzen eta harmailetan jende ugari dabilelako. Oraindik balorazio zehatzik egin ez badute ere, pozik mintzatu da Oier Zearra federazioko kidea (Galdakao, Bizkaia, 1977). «Udal, herritar, pilota eskola, babesle eta kirolarien babesa eta konpromisoa erabatekoa izaten ari da, eta oso pozik gaude. Balantzea positiboa da».

Palaz, zesta-puntan eta eskuz. Hiru modalitate horietan jokatuko da Munduko Txapelketa, eta prestakuntza torneo honetan ere hiru modalitate horiek dira protagonista. Gaur eta bihar, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba bisitatuko dituzte finalistek. Sopelan jokatuko dituzte bihar paleta larruzko eta pala motzeko finalak (17:00, ETB1). Etzi goizean, esku huskaren txanda izango da Zumarragan (11:00, ETB1 On). Emakumezkoak lau eta erdian ariko dira, eta gizonezkoak banaka eta binaka. Amaitzeko, zesta-puntak hartuko du tokia Burgun etzi arratsaldez, bertan jokatuko baitira emakumezkoen eta gizonezkoen banakako finalak. «Federazioak ordezkatzen dituen hiru lurraldeak bisitatu nahi genituen finaletan, eta oreka hori lortu dugu. Udalek hasieratik zabaldu dizkigute ateak, eta ikusten da euskal selekzioa sentitu egiten dugula denok».

Alde guztietan nabaritzen da ilusioa, Zearraren esanetan. «Euskal selekzioaren ofizialtasuna zuzendaritzan gure lan taldea egonik iritsi da, baina jende asko eta askoren lana dago honen atzean. Amets bat egia bihurtu da, eta hori pilotalekuetan islatu egiten da. Udal askok eskaini digute jaialdi bat baino gehiago erosteko aukera, eta horri balioa eman behar zaio». Harmailetan giro bikaina sumatu du Zearrak. «Egia da eguraldi atsegina izan dugula hainbat asteburutan, eta nekeza izan zitekeela frontoira joatea. Baina jendearen erantzuna bikaina da». Haur asko, gainera, euskal pilota selekzioaren elastikoa jantzita ikusi ohi dira frontoian eta kalean. «Elastikoak saltzen ibili garen ekitaldietan arrakasta lortu dugu, salmenta bikain joan izan baita. Lortzen ari gara euskal selekzioa kalera ateratzea».

Bada, finaletan txapelketa biribiltzea espero du Zearrak, eta aurreratu du kirol ikuskizunaz haragoko zerbait antolatuko dutela. «Pilota partidak izango dira ardatz, eta, finalisten izenak ikusita, goi mailako ikuskizuna edukiko dugu. Baina musikari ere egingo diogu tokia, musika jartzaile bat izango baitugu, eta aurkezle bat ere bai. Produktu erakargarri bat sortu nahi dugu, jendea atseginez joan dadin pilotalekuetara». ETBko kameren presentziaren garrantzia azpimarratu du federazioko ordezkariak. «Gaur egun oso garrantzitsua da telebistaren babesa, eta gu oso eskertuta gaude ETBk gurekin erakutsi duen jarreragatik. Beso zabalik hartu gaituzte». Hori bai, txapelketa guztian partidak sare sozialen bidez eman ditu federazioak, eta erabiltzaileek «ezin hobeki» erantzun dute.

Pena bakarra dauka

Benetako protagonistak, ordea, pilotariak dira, eta Zearrak nabaritu du tentsio berezia partidetan. Finalerdietan, batez ere. «Ikusten da denek izan nahi dutela euskal selekzioaren parte. Lehen aldiz Munduko Txapelketa batean urrian ariko gara selekzio ofizial gisa, eta guztiek egon nahi dute bertan. Horrek presio berezia eragiten du, eta kirolari onenei ere nabaritu egiten zaie». Seinale ona da hori. «Ikusten da pilotariek serio hartu dutela txapelketa, eta orain hautatzaileek izango dute lana». Besteak beste, uztail erdirako izenak mahai gainean jarriko dituzte hautatzaileek, nahiz eta litekeena den azken orduan aldaketak egotea. Zearraren esanetan, Argentinan egote hutsa garaipena izango da. «Emaitza onak lortu asmoz bidaiatuko dugu, baina ikurrinarekin desfilatzea eta dominen dantzan egon ahal izatea garaipena izango da guretzat».

«Lehen aldiz Munduko Txapelketa batean urrian ariko gara selekzio ofizial gisa, eta guztiek egon nahi dute bertan. Ikusten da pilotariek serio hartu dutela txapelketa, eta orain hautatzaileek izango dute lana»

 OIER ZEARRA Euskadiko Euskal Pilota Federazioko kidea

Argentinako txapelketan, ordea, modalitate bat behintzat faltako da: emakumezkoen esku huska. Federazioak itxaropena bazuen azkenean baimenduko ote zuen modalitate hori Nazioarteko Pilota Federazioak, baina azkenean ez da halakorik gertatu. «Berandu ibili dira antolatzaileak, eta pena izugarria daukagu. Batetik, gure artean oso errotuta dagoelako emakumezkoen pilota eta merezi zutelako; eta, bestetik, kirol emaitza bikainak lortzea aurreikusten genuelako. Hurrengoan beharko du». Hain zuzen, 2030eko Munduko Txapelketa Euskal Herrian jokatuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE