Arrauna

Txarrenari onena atera nahi dio Arraun Lagunak-ek

Joan den asteko kolpea gainditu, eta berriz lider izan nahi du 'Lugañene' ontziak, Getxon. Juan Mari Etxabek dio egun txar batek ezin duela estali orain artekoa, eta taldea oso ongi dagoela.

Arraun Lagunak taldea, lehian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Arraun Lagunak taldea, lehian. ANDONI CANELLADA / FOKU
jon eskudero
2025eko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur hasita, laugarren asteburuan murgilduko dira bete-betean Eusko Label liga eta Euskotren liga. Denboraldiko zazpigarren estropada jokatuko dute Getxoko (Bizkaia) uretan, eta ez da ikusminik faltako. Gizonezkoetan Orio liderra estutzea izango dute erronka gainerako traineruek, eta emakumezkoetan lehia galanta espero da. «Kolpe handia» jaso zuen joan den asteburuan Arraun Lagunak taldeak, lidergoa galdu baitzuen, Orioren mesederako. Ordura arte jokaturiko bost estropadatatik lau irabaziak bazituen ere, egun txar batek gogor kolpatu zuen Juan Mari Etxaberen (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966) taldea. Astea «luze» joan da arraunlarien artean, baina berriz onena emateko ilusioz daudela aitortu du entrenatzaileak. «Oso ondo gaude», adierazi du.

Besteak beste, lan psikologikoari erreparatu dio Etxabek aste osoan zehar, azken urteetan ia dena irabazi ondoren ez baita erraza halako porrot bat irenstea. Arraun Lagunak bosgarren sailkatu zen Orioko (Gipuzkoa) estropadan, eta, ondorioz, lidergoa galdu zuen. «Penaz eta amorruz igaro dugu astea. Azken urteetan ia dena irabaztera ohitu gara, eta ez da erraza halako egun txar baten ondorioak jasatea. Arraunlariak animatzea izan da nire zeregin nagusia egun hauetan». Are gehiago, egun hura ongi etor dakiekeela esan die Etxabek neskei. «Baliteke erlaxazio puntu batek gehiegi erasan izana. Ia dena irabaztera ohitzen zarenean zaila izaten da kemen horri eustea, eta porrot honek balioko digu berriz ere sua pizteko eta gure onena emateko».

«Albistea izan da guk lidergoa galtzea, eta horrek zerbait esan nahi du gure alde»

JUAN MARI ETXABE Arraun Lagunak-eko entrenatzailea

Ordea, nola azaldu joan den igandean gertaturikoa? «Ez zen ohiko estropada izan guretzat. Gauza txar guztiak batera pilatu zitzaizkigun, eta emaitzak ez dio gezurrik. Kale txarrena egokitu zitzaigun, hutsune garrantzitsuak ere bagenituen, eta ez ginen gai izan hori guztia kudeatzeko. Dena den, ez diogu buruari buelta gehiago eman behar. Lehenago edo geroago iritsi behar zuen halako egun batek, eta aurrez prestatuak ginen». Horregatik, baikor da asteburuari begira. «Albistea izan da guk lidergoa galtzea, eta horrek zerbait esan nahi du gure alde. Bizi-bizirik gaude, sei estropadatatik lau irabazi ditugu, eta, bide berari eusten badiogu, liga gurea izango da. Hori bai, hanka sartze handiak garesti ordaintzeko arriskua beti hor dago».

Etxaberen esanetan, joan den astean gertatua ikasgaia izan da, ez soilik arraunlarientzat, baita jarraitzaileentzat ere. «Gaizki ohitua genuen Arraun Lagunak-en inguru osoa, baina ikusi da ez dela posible beti irabaztea. Orain erronka oso polita daukagu, Orio gainditzea baitugu buruan». Ez du presio berezirik sentitzen arraunlarien artean. «Presioa norberak sartzen dio bere buruari, nik soilik eskatzen diet lana ongi egiteko eta daukaten dena emateko. Bolada zailago honetan, odol hotza izan behar dugu, eta orain arteko lanari eutsi. Hamar estropada falta dira liga amaitzeko, gorputzez eta buruz oso ongi gaude, eta lehia estua izango dugu Oriorekin. Garesti dago aurten liga irabaztea, baina bide zuzenean goazela uste dut».

Lehia eta emozioa

Puntu baten aldea besterik ez dago Orio liderraren eta Arraun Lagunak bigarren sailkatuaren artean. Emoziorik ez da faltako liga amaiera bitarte, eta emakumeen arraunarentzat pozgarria dela uste du Etxabek. «Frantziako Tourrean ikusten ari gara Tadej Pogacarrek ez duela kontrariorik. Ikuskizuna ematen du ziklistak, baina emozioa galtzen du lasterketak. Horregatik, uste dut Orioren eta gure arteko lehiak sekulako mesedea egiten diola emakumeen arraunari. Ikusmina areagotzen du».

Gaur Getxon lehiatu ondoren, bihar Kantabriara joko dute Eusko Label ligak eta Euskotren ligak: Castrora (Espainia). Asteburuan norgehiagoka gehiago ere izango dira. Kantabrian bertan jardungo dute KAE 1 ligako traineruek gaur: Pedreñan (Espainia). Bihar Santurtzira (Bizkaia) joko dute. ETE ligari dagokionez, haiek ere Santurtzin izango dute bihar estropada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.