Miarritze. Watremez (Marconnet, 40. min.), Hegi (August, 69. min.), Van Staden (Kodela, 59. min.); Thion (E. Lund, 70. min.), Taele; Lauret, Guyot (Gray, 50. min.), Hariñordoki (kap.); Yachvili, Peyrelongue (Bosch, 72. min.); Haylett-Petty, Traille, Barraque, Ngwenya; Balshaw.
Toulon. Lewis-Roberts, Bruno (Orioli, 51. min.), Hayman; Samson, Chesney (Schofield, 58. min.); Gunther, Armitage, Van Niekerk (kap.); Tillous-Borde, Wilkinson; Smith, Giteau, Bastareaud, Palisson; Lapeyre.
Markagailua. 3-0; 3-3; 6-3; 6-6; 9-6; 9-9; 12-9 (atsed.) 12-12; 15-12; 18-12; 18-15; 18-18 eta 21-18.
Epailea. Wayne Barnes. Txartel horia Touloneko Haymani (46. min.) eta Armitageri (53. min.).
Miarritzek lortu du. Hain beharrezkoa zuen Europako Challengea irabazi zuen, atzo gauean, Toulonen aurka. Emaitza estua izan zen, 21-18, eta partida itxia. Baina final bat final bat da, eta partida ona ala txarra izatea da gutxien axola duena. Garrantzitsuena irabaztea da, eta Miarritzek atzo irabazi zuen. Finala irabaziz, hurrengo sasoian Heineken Kopan ariko da Serge Blancoren taldea. Honenbestez, sasoia titulu batekin bukatzeaz gain, hurrengo sasoian Europako talde onenekin lehiatzen jarraituko du Miarritzek.
Gauzak estu joan ziren hasieratik. Miarritzek izan zuen partidako lehen erasoaldia. Peyrelonguen zango joko on bati esker, Touloneko bost metroetan jokatu zuen. Uztartzea ere izan zuen, baina epaileak zigortu egin zuen aitzineko zuri-gorrien lana.
Partidako lehen jokaldia, bi taldeen arteko lehen zatiaren lagin izan zen. Toulon indartsuago ari zen fase estatikoetan. Uztartzeetan min egin zion Miarritzeri, bi zigor kolpe lortuz. Dortoketan ere nagusitu zen. Miarritze, aldiz, maisu aritu zen zangoz zelaia okupatzen. Julien Peyrelongue, Damien Traille eta Dimitri Yachvilik lan ederra egin zuten.
Touloneko bost metroetan behin baino gehiagotan eskas arriskutsuak topatu zituen Miarritzek, baina Sebastien Bruno aztalkariak bere jauzilariak bikain atzeman zituen. Hala ere, bere zelaian jokatuz bere burua ahuldu zuen Toulonek. Yachvilik Mediterraneokoen faltak zigortu zituen, gupidarik gabe.
Toulonek, bere aldetik, aitzinean izan zuen indarra baliatu zuen zigor kolpeak lortzeko. Wilkinsonek ostiko bat huts egin zuen, baina gero bikain aritu zen. Ostikatzaileen borroka Dimitri Yachviliren alde bururatu zen. Lau zigor kolpe sartu zituen, Wilkinsonek hiru baizik ez zituelarik sartu. Lehen zatia Miarritzeren aldeko 12-9koarekin bururatu zen.
Miarritze lotsati
Bigarren zatia lehen zatiaren pareko hasi zen. Toulonek aitzinean bere indarra erakutsi zuen, eta Miarritze zangoz ongi ari zen. Toulonek partida berdindu zuen, eta orduan partidaren une erabakigarria izan zitekeena iritsi zen. Carl Haymanek txartel horia ikusi zuen lehenik, eta Yachvilik hiru puntu sartu. Bost minutu berantago, Stefon Armitage zigortu zuen epaileak. Berriz ere txartel horia eta hiru puntu Miarritzerentzat: 18-12.
Miarritze bi jokalari gehiagorekin zegoen, eta jokoa bere gain hartzeko unea iritsi zen. Baina ez zuen asmatu hori egiten. Lehen zatian bezala, zangoz Toulonen zelaian jokatzera mugatu zen. Baina, lehen zatian baino gaizkiago egin zuen hori.
Ondorioz, Toulon bere zelaitik atera zen. Jokalari bat gutxiagorekin markagailuan aldea murriztu zuen. Uztartzean zazpi jokalari bakarrik izan arren Miarritze zigortu zuen, zigor kolpea lortuz. Wilkinsonek ez zuen barkatu. Bi taldeak berriz hamabost jokalarirekin ezarri ziren eta orduan Jonny Wilkinsonek bere klasearen erakustaldia eman zuen. 45 metroetatik sekulako drop-a sartu zuen, bi taldeen artean berdinketa emanez: 18-18.
Gauzak itxura txarra hartzen ari ziren. Miarritze akiturik nabari zen, eta Toulon euskaldunen zelaian ari zen. Lotsatiegi aritu izanagatik, Miarritzek bere tituluak ihes egiten ikusiko al zuen ? Une horretan bazirudien horrela izanen zela.
Miarritzek ez zuen etsi, hala ere. Partida osoan egin bezala, zangoz presioa sartu zion Touloni, eta ostiko azpian zigor kolpea lortu zuen. Urrezko aukera zen hori Yachvilirentzat. Miarritzeko ostikatzaileak ez zuen hutsik egin. Atzo bere zigor kolpe guztiak asmatu zituen, zazpitik zazpi haga artera botaz: 21-18.
Zortzi minutu ments ziren finala bukatzeko, eta Miarritzek urrezko abantaila hartu zuen. Toulonek kolpea hartu zuen buruan, baina ez zuen etsi. Beste behin ere, bere aitzinekoen indarrari esker, Miarritzeren zelaira sartu zen. Wilkinson berriz prest zen drop-a jotzeko, baina Miarritzeko defentsak ederki blokeatu zuen irekitzaile ingelesa.
Partidako azken jokaldia Toulonena izan zen. Miarritzeren 22 metroetan zuri-gorriak sufriarazi zituen. Baloia sekuentzia luzeetan izan zuen eskuetan, eta Wilkinson gibelean drop-a jotzeko prest zen. Baina aitzinekoek falta egin zuten, Miarritzeri baloia itzuliz eta Challengea emanez.
Errugbia. Europako Challenge kopako finala: Miarritze 21. Toulon 18
Txikia da baina poza ematen du
Miarritzek Europako Challengea irabazi du, final estu eta itxi batean, eta hurrengo sasoian Heineken Kopan izanen daZangoari esker irabazi du partida, Toulonen zelaian arituz eta Yachviliren puntuekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu