TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA. NIRE TXOKOA. Gelakiderik gabe berriz

Mikel Astarloza.
2008ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Etapari buruz hitz egin nahi nuen gaur, igo ditugun mendateen gogortasunari buruz, gerturatu diren euskaldun guztiei buruz... Baina, zoritxarrez, gertakizun beltza izan dugu gaur, gelakide bat, ikasle bat eta taldeburua galdu baititut.

Gelakidea, Vueltan berekin egon naizelako logelan. Elkarrekin egon ginen azken aldian ere, iazko Tourrean, etxera joan behar izan zuen, ez baitzegoen sasoi onean. Aurtengo Vueltan ilusioz gainezka eta fisikoki oso ondo zegoen, baina, arrazoi beltzagoek eraginda, berriz ere etxerako bidea hartu behar izan du. Pena da, egunero-egunero zer kontatu handia izaten dugulako gelan.

Ikaslea ere galdu dut, beste hainbat gauzaren artean berari laguntzea baitzen nire betebeharra. Esperientzia falta zaio oraindik, gaztea baita eta ez baititu itzuli handi asko egin. Horixe zen nire lana, momentu zailetan bere ondoan egotea, eta, besteak beste, Valverdek eduki zuen despisterik ez edukitzea. Eta bikain ari zen orain arte, aldapan gora behar zuen tokian zegoelako beti, eta etapa guztietan oso argi zebilelako. Alde horretatik oso harro nago, kasu egin behar zidan guztietan kasu egiten zidalako. Zerbait ikasiko zuela pentsatzen dut.

Eta, azkenik, taldeburua ere galdu dut, Egoik maillot horia zeukan arren, bera zelako gure taldeburu argia. Itxaropen handia geneukan etapa irabazteko, sailkapen nagusian aurrerapausoa emateko, eta, zergatik ez, podiumean sartzeko. Eta, pentsa, telebistan ikusten denaren arabera, Cordaleko jaitsieran ulertzen zaila den erorikoa izan du, lepauztaia hautsi du, eta Espainiako Vuelta utzi behar izan du.

Eta hemendik aurrera zer? Argi dago gure jokabidea aldatu egingo dela. Egoi Martinezek hartuko du taldeburu lana, nahiz eta helburu apalagoak eduki. Egoik zail dauka podiuma, noski, baina ilusio handia egingo liguke lehen hamarren artean sartzeak. Eta, gainerakoak, kokildu beharrean, lehen baino are gogo handiagoarekin saiatuko gara etapa bat irabazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.