TXIRRINDULARITZA. Ez da aldatuko!

Juanma Garate.
2010eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Tranquilite, fraternite. Hala esaten dute frantziarrek, baina bihar... Bakoitzak egin dezala ahal duena. Eguraldi txarra iragarri dute, tenperaturak dezente jaitsiko dira, eta kontuz, kontuz. Dramatikoa izan daiteke.

Baina horretaz hizketan hasi aurretik, gaurkoaz bi hitz. Oso egun lasaia izan da, espero bezala. Hori bai, eguraldi txarraren eraginez, ni, adibidez, arrabolan aritu naiz. Denis [Mentxov] eta Gesink Marie Blanque aldera joan dira Grischa Niermannekin. Euri zipriztinetan ibili dira denbora guztian, eta horixe ez nuen nahi nik. Hainbeste mendate erdi biluzik igo eta jaitsita, erdi gaixo nabil azken egunotan, eta lasai egotea erabaki dut.

13:30 aldera prentsaurrekoa eduki dugu, eta Koos Moerenhout taldeko beteranoetako batek bertan jakinarazi du txirrindularitza utziko duela. Taldearen egituran jarraituko du, hala ere. Uzteko momentua iritsi zaiola esan du, eta kito. Eta une horretan pentsatu dut niri ere iritsiko zaidala egun hori.

Eta, gainerakoan, Oscarrek [Freire] betiko moduan jarraitzen du. Familiarekin joan da erdi egun-pasa. Aurreko atseden egunean ere ez zuen ezer egin, eta hurrengo etapan gorriak ikusi zituen. Gaur esan eta esan aritu gara, mesedez, besterik ez bada ere arrabolan izerdi tanta batzuk botatzeko. Arratsaldean, azkenean, etsi du. Baina argi utzi digu denok behingoz isiltzeagatik egin duela. Ordubete bat pasatu du bizikleta gainean, baina ez dakit pedalei eragin dien. Dagoeneko ez da aldatuko! Ni saunan egon naiz arratsaldean.

Mentxovi dagokionez, podiumera Schlecken erasoei ondoen erantzuten diena igoko dela esan du. Hori bai, erlojupekoa dauka alde, besteak baino hobea baita. Hala ere, uste dut bihar ez diola ezeri uko egingo. Eguraldi aldaketa dator, eta kontuz. Bi jaitsiera dauzkagu, eta euriarekin erabat alda daiteke etaparen egoera. Euria eginez gero, ihesaldia helmugaraino iritsiko da, eta bestela ez, iaz Mont Ventouxen gertatu zen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.