TXIRRINDULARITZA. Futbol santua

Juanma Garate.
2010eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Futbolaren mende bizi gara txirrindularitzan ere. Tourra hasi aurreko egunean izaten da normalean taldeen aurkezpena, baina gaur Herbehereak-Brasil Munduko Kopako final-laurdenetako partida zegoela-eta, aurkezpena aurreratzea erabaki zuten antolatzaileek. Bazekiten Herbehereetako telebista futbolari begira egongo zela eta...

Gure taldeak ere partidaren araberako plana egin du, ez pentsa. Entrenamendua eta prensaurrekoa. Hori zen plana. Baina dena aurreratu egin dugu, partida 16:00etan hasten zelako. Pentsa, masajeak 16:00etarako amaituta egotea nahi zuten, ondoren partida ikustera joateko. Gure taldeko herbeheretar guztiak elkarrekin joan dira, baina ni lasai ederrean geratu naiz hoteleko gelan, Denis Mentxovekin. Izugarria da, hala ere. Herbehereen partidaren eraginez, aurkezpen eguna aldatu egin zuten; gu oso goiz entrenatu gara; normalean arratsaldean izaten bada ere, goizean eduki dugu prentsaurrekoa; goiz bazkaldu eta ahalik eta azkarren hartu dugu masajea... hori guztia, partida ikusi ahal izateko.

Sinestezina da, baina Herbehereek berdindu dutenean, izugarrizko oihua entzun da hotelean. Ez dakit noiz den finalerdietako partida, baina hauek gai dira etapa bertan behera uzteko. Eta eskerrak Frantzia kalean dagoen, bestela, agian, goizez edukiko genituen etapak. Argi dagoena da, Frantziako Tourra izanda ere, txirrindularitzak galduta daukala futbolaren aurkako borroka. Rotterdamen entrenatzen ari gara egunotan, eta balkoi guztiak bandera laranjez josita daude. Munduko Kopa jokoan egongo ez balitz, Rabobanken aldeko banderak direla pentsatuko genuke, baina ez dut uste hala denik.

Futbol giroa dago hemen, eta ez pentsa aurkezpena ere ikusgarria izan zenik. Oso sinplea izan zen. Ez dut esango antolaketa falta dagoenik, baina nabari da ez gaudela Frantzian. Kartelak falta dira, jendea ez dago Tourrari begira... Oraindik ez gara sartu bete-betean Tourrean. Hala ere, prentsa aretoan begira ibili naiz, eta izugarria da Tourrak zenbat jende mugitzen duen. Harrigarria da. Ordenagailuetara begiratu, eta bat ingelesez ari zen, bestea alemanez, japonieraz...

Eta, tira, faboritoez hizketan hasita, denak Contador, Armstrong, Schleck... horiei begira daude, baina uste dut Denis [Mentxov] oso ondo dagoela. Gustatzen zait, gainera, jendea beste batzuei begira egotea. Iaz nahiko Tour txarra egin zuen Denisek, baina oso indartsu dago, gogotsu, eta presiorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.