TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Aje eguna

Iban Maioz.
2010eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Lehertuta nago. Herenegungo ihesaldian sartu izana ederki nabaritu dut. Aje egun baten modukoa izan da etapa. Latza. Esnatu naizenetik nituen hankak gogor-gogor eginda, eta sentsazio txarrekin egin ditut aurreneko kilometroak. Aldapara iritsi gara, eta segituan konturatu naiz atzean geldituko nintzela. Beraz, nire martxa hartu eta ahal bezala gorantz. Pare bat kilometro baino ez ditut egin onenen multzoan. Saiatu naiz haiei jarraitzen, bai, baina ezinezkoa zen. Aldapa gogorra zela eta, 25 edo 26 hortzeko piñoia eraman dut; ez dut ondo gogoratzen. Dena sartuta igo dut mendatea,noski.

Eta Zoncolan igo behar dugu... Bufa! Ez dut ezagutzen, baina, esan didatenagatik eta haren profila ikusi dudalako, badakit oso-oso gogorra dela. Izugarria; Mortirolo bera baino latzagoa. 39 hortzeko platera beharrean, 34koa jarriko dugu. Ez dut uste inork 39koa aukeratuko duenik. Aldapa handiegia dago. 34x27ko garapena eramango dugu taldekideok ziurrenik.

Poliki-poliki igo beharreko mendate bat da. Begira, abiadura adierazten duen gailua eramaten dugu heldulekuan, eta batzuetan erreparatzen diogu. Gogoan dut 2006ko Giroan Mortirolo igo genuela eta orduko zortzi eta bederatzi kilometroko abiaduran gindoazela. Gutxi, oso gutxi da hori. Normalean orduko 20 kilometroko abiaduran ibiltzen gara mendateetan. Zoncolanen, hortaz, ez dut pentsatu ere egin nahi. Sigi-sagaka igoko dugu, eta errepide bazterrak bilatu beharko ditugu, zaleen bultzadak aprobetxatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.