TXIRRINDULARITZA. ITALIAKO GIROA. Pozzatoren ondoan

Iban Maioz.
2010eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Erabat gaizki ez gara ibili, baina ondo-ondo ere ez. Ahal izan dugun bezala pasatu dugu etapa, eta sailkapen nagusian postu bat aurrera egin dugu behintzat. Egun guztian bete-betean ibili gara. Liquigasek oso erritmo gogorra jarri du hasieratik, etapa kontrolpean izan du, eta beste erakustaldi bat eman duela esan daiteke. Haiei jarraitzen saiatzea, horixe izan da gure lana, baina ez dugu lortu.

Aprica aurrekoekin igo dut, baina Trivignon atzean geratu naiz. Haiengandik nahiko gertu pasatu naiz mendiko pankartapetik, minutu batera edo. Baina jaitsi ondoren ordekan egin beharreko kilometro horietan aldea handitu egiten da beti, eta hala gertatu da. Horrelakoetan taldetxo bat sortzen saiatzen gara beti. 70 bat kilometro geratzen ziren artean, eta tarte hori ezin da bakarrik egin.

Hogei bat laguneko taldetxo bat sortu dugu azkenean, eta hor zeuden Pozzato eta Garzelli, adibidez. Ez gara bete-betean joan, erritmo onean bai, baina gehiegi estutu gabe. Kontrolaren barruan helmugara iristea zen helburua, nahiz eta alde horretatik gaurkoa ez zen arriskutsua. Ia 200 kilometroko etapa zen, lehenengo kilometroak ordekan egin ditugu, eta ez zegoen zenbakiei bueltaka ibili beharrik.

Mortirolon ikusiko zenuten aurrekoek ere nola sufritu duten, eta, egia esan, oso-oso gogorra da igoera. Luzea da, gainera. Hamahiru kilometro dauzka, ez dauka atsedenik, eta kontuan eduki behar da 19. etapa zela jada. Ordubeteko igoera da, eta nahikoa komeria izan dugu. Hotz handirik ez zuen egiten, baina euri pixka bat egin du, eta jaitsiera arriskutsu samar zegoen.

Eta oso gogorra izan da, baina, ibilbidea aztertuta, gaurkoa are gogorragoa izango da. Hori bai, Basso lider jarri da, eta horrek dezente aldatuko du lasterketaren egitura. Ez dut uste urrutitik jotzen saiatuko denik. Gavian joko dute, agian, eta azken mendatean bestela, Tonalen. Hala bada, tropeleko gainerako txirrindulariontzat mesede! Ihesaldia sor daiteke, baina igotzaile on-ona izan beharra dago horrelako etapa batean helmugaraino iristeko. Horixe izango da nire helburua, txukun iristea. Giroa amaitzera doa, eta polita litzateke 25. postuan amaitzea. Baina ez da erraza izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.